KRITIKA. Antzerkia

Troia, etengabe Troia

'En mitad de tanto fuego' antzezlanaren une bat. DFERIA
'En mitad de tanto fuego' antzezlana. DFERIA
2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

'En mitad de tanto fuego'

Egilea: Alberto Conejero. Zuzendaria: Xavier Alberti. Aktorea: Ruben de Eguia. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Martxoaren 11.

Testu klasiko bat moldatzeko, bere egiteko eta gaurkotasunera ekartzeko erronkari eutsi dio Alberto Conejerok; zein, eta Homeroen Iliada, literatura grekoko beste hainbaten artean. Grekoen eta troiarren arteko guda odoltsuan barna, Patroklori ematen dio ahotsa, Akilesen arma-lagunari. Haren bidez ezagutzen dugu loria, ohorea edo aberria bezalako hitzek gizon-emakumeen haragian eragiten duten ziztada, bortizkeriaren iluna, baina baita desioaren sugarra eta maitasunaren argia ere. Poeta zein dramaturgo jaendarrak gizakien eta jainko-jainkosen arteko talka eta bizitzaren eta heriotzaren artean dagoen gatazka erretratatzen ditu, gai unibertsalak maisutasunez landuz.

Hilezkortasunarekin ametsetan noraezean dabiltzan fantasmak lez, masakrea bultzatzen dute soldaduek: hil eta aurrera, pentsatu gabe, hil, iraganik existituko ez balitz bezala, hil, atzera bueltarik gabe, hil. Zertara etorri gara Troiara? Zer egiten dugu hemen? Galderok asaldatzen dute Patroklo herri hartako hondartzan lehorreratzean. Hitz potoloak, eszenatokiaren biluztasuna janzteko gaitasuna duten hitzak, oinutsik dagoen aktore baten bularrean eztanda egiten dutenak. Mendez mende, historiak zeharkatzen ditu antzokiko gortina beltzak, mitologiak eta errealitateak, ametsak eta utopiak, iraganak eta etorkizunak. Zein sortu zen lehenago? Gu edo gerra? Gerra edo maitasuna? Obrak iraun artean eta ondoren, baita oraindik ere, hitz bat datorkit etengabe burura: Palestina. Eta galdera bakar bat, protagonistari entzuna, asaldatzen nauena: «Ezer egiten ez badugu, nola hitz egingo du gutaz etorkizunak?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.