Sartu da kazetaria bebarrura, eta eskailera burutik heldu zaio kantariaren ahotsa: «Goraino!». Maizter izatearen ideia ibili du gogoan Maite Larburuk disko berria mamitzeko, eta halaxe jarri dio izena, zuzen, bere hirugarren bakarkako diskoari: Maizter. Bihar jarriko du osorik entzungai, eta etenik ez duen sorgin gurpil baten eran ikusten du orain: «Maizterra naiz espazio honena, nire soinuen maizter izango dira entzuleak, gu ere soinuaren maizter gara, maizter gara gure gorputz propioan —zeren gorputz honetara gatoz, eta gero bagoaz—, munduaren maizterrak, eta, orduan, inoiz amaitzen ez den zirkulu bat da».
Denbora da Larburu (Hernani, Gipuzkoa, 1979) Amsterdametik Euskal Herrira itzuli zela. Lehen urteetan, oso maiz jarraitu zuen bidaiatzen, biolina hartu eta antzinako musika jotzen han-hemen. Eta jarraitzen du horretan, baina bakanago askoz. «Egia da pandemiak lehena eta geroa markatu zituela. Orain, urtean hiru-lau aldiz ateratzen naiz atzerrira; lehen, etengabe. Baina mantendu nahi dut; nire musikagintzaren parte handi bat da, eta asko gozatzen dut».
2019ko Hezurren azpian-en ostean, pandemia urtea igaro berritan atera zuen Krak bakarkako bigarren diskoa. 2021eko udazkena zen, eta ordutik hona, besteak beste, Axut! eta Artedrama konpainien Amua eta Hondamendia antzezlanetan aritu da. «Ezagutzen ez duzun medio batean sartzeak inspirazioa dakar, baina indar handia ere eskatzen du», aitortu du. «Gogo eta behar handia neukan hortik atera eta nonbait sartzeko, bakarrik. Leku horren maizter izan, eta hor sortuko ziren soinu unibertsoetara jendea gonbidatzea, hori izan zen lehen ideia. Baina hori gertatu bezain pronto, gogoa jarri zitzaidan hortik ateratzeko».
«Nire musikagintzak jorratu duen bideak partiturak interpretatzetik demoak grabatzen hastera eraman nau, estudioan gero eta denbora gehiago pasatzera»
Hernanitik Ereñotzura bidean, Lastaola pabiloian muntatua duen txokoan bilatu zuen barrura sartu eta kantu berriak konposatzeko leku hori, lehenik; eta handik atera eta kanpoko hotsak bildu zituen gero, euria, autoak, haizea, txoriak, jende eta zakur hotsak. Larburuk berak grabatu du disko osoa, eta, dioenez, «hori izan da politena». Baita dibertigarriena ere. «Nire musikagintzak jorratu duen bideak partiturak interpretatzetik demoak grabatzen hastera eraman nau, eskaeretarako musika grabatzera, estudioan gero eta denbora gehiago pasatzera; eta disko hau modu bat izan da hobeto grabatzen ikasteko». Hori bakarrik ez: estudio batek soinua biribiltzeko eskaintzen dituen mila aukerei uko egiteko ariketa bat ere izan da musikariarentzat. «Ni oso perfekzionista naiz, eta denbora asko pasatu nezake kizkurra kizkurtzen. Hemen, kantu batzuetako ahotsa grabatu nuen lehena edo bigarrena da. Modu bat izan da zera esateko: 'Ados, nahi duzu oso espresiboa izatea? Ba orduan dagoenetan utzi behar duzu'».
Harago ere joan da: «Beatles-ak hiru hilabetez sartzen ziren estudioan, eta sormen prozesu guztia bertan egiten zuten, adibidez. Noski, nik mediorik ez dut horretarako. Gehien gustatu zaidana, baina, zera izan da, momentuan harrapatu nezakeela estudio batean harrapatu ezin dudana, denbora mugatura zoazelako eta egingo duzuna prest daramazulako. Eta hor zerbait galtzen da. Zure demoak daukan freskura eta edertasun hori gero estudioan erreproduzitu behar duzu, eta ederra izan daiteke, baina beti pentsatu izan dut: ‘Ze arraroa hau’».
Sitsa kuskuan bezala
Diskoaren izen bereko kantuak abiatzen du Maizter, eta beste bederatzi abesti datoz atzetik: Genealogia, Zirrikitu baten, Erreka altzo, Trobairitz, Sukaldea, Jaio da Belenen, Hi herorri legez, Gertuegi eta Belar txarren abaroa. Aurreko diskoetan baino «zorrotzagoa» izan da oraingoan abestien aukeraketan. «Zirrikitu baten-ez gain [Hondamendia antzezlanerako sortu zuen], posible da Genealogia eta Hi herorri legez ere maizterraren ideia baino lehentxeago sortu izana, baina besteak ideia horretatik gertu egonda sortu dira, poliki».
Hitzetan ere nabari da hori. Askok gordetzen dute lekuaren gaineko gogoeta izpiren bat. «Banekien neure buruari horrela egiteko [besoak kulunkatu ditu] disko bat nahi nuela. Nola esaten da cocoon euskaraz?». Sakelakoa hartu, eta Elhuyarren sartu da. «Hemen: kapulu, kusku. Ideia horrekin ere asko ibili nintzen; metamorfosia egiten zaudenekoa, sitsa kuskuan bezala, tximeleta atera aurreko zetazko kuskuan. Hor egotea izan da ideia, eta kantu politak egitea —niretzat, noski—».
«Banekien neure buruari horrela egiteko [besoak kulunkatu ditu] disko bat nahi nuela»
Geruza ugari dituzten kantuak dira, bada, eta, ahal dela, kaskoekin entzuteko gomendatu du Larburuk. Besteak beste, Koldo Corellak «binauralki» tratatu dituen hotsez jabetzeko. «Soinua zure buru bueltan kokatzeko teknika bat da. Euria, autoak, haizea… zure inguruan dabiltzala ematen du. Batzuetan ahotsa han dago, besteetan gertuago… hori izan da jolasa, ez jakitea non kokatzen zaren».
Soinu organikoak eta soinu elektronikoak «nahastu» ditu, halaber —Gertuegi kantuan nabarmen—, eta azken boladan enkarguek ireki dioten eremu baten isla da hori. «Soinu bandak eskatzen dizkidatenean, adibidez, nik jotzen ditudan musika tresnez gain, banku infinitu bat eskaintzen dizu elektronikak». Bere ohiko tresnak ere jo ditu diskorako, baina: biolina eta gitarra. «Gitarra elektrikoa ere grabatzekotan egon nintzen, baina azkenean iruditu zitzaidan klasikoak zentzu handiagoa zeukala disko honetan. Badu 1970eko hamarkadako kantugilearen ukitu bat, nire ustez».
Hanka sartzeko prestasuna
Trobairitz da diskoko kanturik berezienetako bat, eta Elena Setien, Miren Narbaiza, Olatz Salvador eta Uxue Alberdiren ahotsak txertatu ditu amaieran Larburuk, baita Hekthor Folken alboka eta panderoa ere. Emakumezko trobadorea esan nahi du trobairitz hitzak proventzeraz. «Errenazimentu garaiko musika asko gustatzen zait, polifonia, trobadoreen kontzeptua... Hitz hori aurkitu nuenean, esan nuen: 'Hori ni naiz! Trobairitz bat naiz!'», barrez. «Trobairitzak asko galdu dira, baina beti sortzen da zerbait berriz». Disko osoarentzako moduko begirada bat ikusten du hor kantariak: «Nahi nuke lehengo estilo zaharra etorkizuneko estilo batekin lotu, ahalko banu. Kantu horren amaiera horren erakusgarri iruditzen zait: 'Sitsak akainari, akainak euriari, euriak zauriari, zuriak gorriari…'. Badator aspalditik, eta badoa».
Etorri ahala joaten den hori errekan antzeman izan du maiz kantariak, eta horren erakusgarri da auzoari eskaini dion Erreka altzo kantua. «Errekaren jonkia naiz, bai. Erreka denbora da. Heraklitok esaten zuen errekan sartzen zaren bakoitzean ez dela berdina ez erreka, ez zu. Erreka ondoan bizi gara, bainujantzian ateratzen naiz udaran… Errekan sartu, eta dena pasatzen zait».
Dioenez, denbora behar izan du hitzak idazten «gozatzeko» — «beti gustatu zait, baina agian kantuak nire zain zeuden ni hitzekin adiskidetzeko»—, baina hitzik gabeko pieza bat ere bada diskoan: Sukaldea. Isabel Cardenas Cañaren De eso no se habla podcast sailerako sortu zuen. Eta Ricardo Aldarondoren Discos Mon Oncle podcasterako enkarguz sortu zuen, halaber, Jaio da Belenen ere, «Gabon kanta kontradi(k)zionala». Diskoa ixteko, berriz, Belar txarren abaroa abesti «intimoagoa» sortu du. «Utz iezadazu/etorri bezala hazten/ eta zatoz/ belar txarren abarora», diote hitzek. Larburu: «Zaila da, baina hortxe dago guztiaren funtsa, hanka sartzeko prest egotean, eta zaurian. Hor dago zirrikitua, hortik abiatzen da zerbait. Bestela bueltaka zabiltza leku berean, eta oso erosoa da, baina ausardia behar da».
Norbere buruarekin ringean
Diskoaren aldean, «ezberdina» izango da zuzenekoa. Bakarka ez bada, ohiko bidelagun Carlos Taroncherekin (klarinete baxua) eta Karlos Arantzegirekin (perkusioa) arituko da kantaria —apirilaren 11n dute lehen kontzertua, Donostian—. Eta horretarako ere, oholtza gainean egoteko, «adorea» behar dela iruditzen zaio. «Orokorrean, gustatzen zait nire diskoa egitea eta kaleratzea, baina beste aldetik ez. Nire gozamena pozoitsua da. Niretzat ikasteko modu bat baita kantuak egitea. Hau esan nahi dut? Nola esango dut? Sormena hori da, ikastea. Eta hor oso ondo pasatzen dut, baina gero beste musikari batzuekin jo behar dut, estiloz aldatu, beste lekuetan izan maizter. Nirea bakarrik nekagarria egiten zait. Ederra da, baina baita beldurgarria ere, beste bati azaldu beharra agian inongo hunkidurarik sortzen ez dion zerbait».
«Belar txarren abarora joan, eta zeure buruari uzten diozunean kale egiten, uzten duzunean gauzak gaizki irten daitezen… hau da, hori askatzen duzunean —eta niretzat oso gauza zaila da hori—, zuzenekoa zoragarria izaten da»
«Hala ere, hori dena buruko bla-bla-bla da», eten du, eta berriro bideratu: «Zeure buruarekin ringera igotzea da zuzenekoa. Zu eta ni. Ni eta ni, eta borrokan zaude. Belar txarren abarora joan, eta zeure buruari uzten diozunean kale egiten, uzten duzunean gauzak gaizki irten daitezen... hau da, hori askatzen duzunean —eta niretzat oso gauza zaila da hori—, zuzenekoa zoragarria izaten da».
Musika, alde horretatik, «bizitzaren metaforarik onenetakoa» delakoan dago. «Ze musika, bizitza bezala, gertatu ahala pasatu da». Diskoak horregatik «zapuzten» du musika, haren ustez. «Garai batean, agian, grabaketak zerbaiten dokumentazio ziren, eredu bihurtu dira gero, baina gezurreko ereduak dira, zeren manipulatuak dira. Zuzenekoa da benetakoa, eta hor zaudenean eta besteak ere bai, eta beste guztia ahazten duzunean, ez dago ezer ederragorik».
Kasualitatea. Elkarrizketa egin artean heldu da banatzailea Larbururen etxera. Haren zain zegoela hasi du solasaldia, eta amaitu arte itxaron du kutxa zabaltzeko. Guraize, kartoi eta paper zimur hotsak sartu dira grabagailura. «Iritsi da», eta isiltasuna. Ale bat eskuetan hartuta, «jo, aupa, Iñaki!», Larburuk. Iñaki Landak egin ditu ilustrazioa eta diseinua. «Ez dut aipatu, baina hura izan da disko honetan akonpainatu nauten kideetan handienetako bat. Duela urtebete-edo deitu nion, eta egin ahala bidali dizkiot kantuak ordutik. Urrezko zalduna izan da».