1968ko otsailaren 19a. Habanako Casa de las Americas jendez lepo dago, protesta kantuen emanaldia entzuteko. Hiru trobadore gazte eta ezezagun igo dira oholtzara: Silvio Rodríguez, Pablo Milanes eta Noel Nicola. Egun normal bateko kontzertu normal bat da, besterik ez. Hori uste dute. Baina kantaldiak Kubako troba berriaren jaiotza ekarriko du. Gero, iraultzaren ikur kultural bilakaturik, nazioartean ere ezkerreko mugimenduen erreferentzia izango da trobadoreen mugimendua. Kontzertu garrantzitsu haren historia eta eraginak jaso ditu Patricia Ballote Alvarezek (Habana, 1992) La Habana, día de un año. A más de medio siglo de una nueva trova liburuan (Ojala ediciones). Euskal Herrian izan da egunotan lana aurkezten.
Liburuaren sorburua Silvio Rodríguezen ideia batetik dator, ezta?
Bai. Haren estudioan lanean egon nintzen hainbat urtez. 2017ko martxoko egun batez, bulegora heldu eta esan zigun polita izango litzatekeela kontzertuari buruzko liburu bat egitea, ikusita 2018ko otsailean emanaldi hartatik 50 urte beteko zirela. Nirekin eseri zen, amuari kosk egiten ote nion jakiteko, eta kosk egin nion, bai. Ikerketaren erronka onartu nuen, lehenik eta behin troba asko gustatzen zaidalako nerabe nintzenetik. Urtebete iraun zuen ikerketak, baina, kontu editorialengatik, ezin izan genuen orduan publikatu, eta pentsatu genuen lasai garatzea, prozesu pausatuagoa izatea.
Ikerketan, galdutzat ematen ziren argazki batzuk berreskuratu zenituen.
Ez nuen artxibo fotografikorik laga kontsultatu barik. Casa de las Americas aretoan, kontzertua izan zen lekuan, argazki bi bakarrik zeuden. Sasoi hartako argazkilariekin egon nintzen, eta guztiek zioten emanaldian ez zirela egon. Izenordearekin sinatzen zuten kazetari batzuk ere elkarrizketatu nituen; esan daiteke kasik detektibe lana izan zela. Jakin nuen 1969an desagertutako aldizkari batean publikatu zirela zenbait argazki, eta gaur egun martxan dagoen Prensa Latina agentziak jaso zuela artxibo hura. Hari horretatik tiraka lortu nituen argazkiak.
Aurkikuntza hori garrantzitsua izan zen ikerketarako. Zelan gogoratzen duzu?
Pentsa! Emozio ikaragarria sentitu nuen. Silvioren aldi hura ezagutzen ez dutenak harritu egingo dira. Pablo ere oso gazte dago argazkietan. Bestalde, aretoaren argazkiak aurkitzea kuriosoa izan zen; publikoaren irudiak zeuden, eta hori zorte handia izan zen bertan egoniko jendea identifikatzeko. Haietako bik ez zuten gogoratzen emanaldian egon zirenik, pentsa! Zelako kuriosoak diren memoriaren jokaldiak. Vicente Feliu ezin da ezagutu ere egin: elegante ageri da, trajez jantzita. Martin Rojas ageri dena, berriz, haren gaztetako argazki bakarrenetakoa da. Casa de las Americas aretoa beteta zegoen; alboak ere beteta ikusten dira argazkietan. Musika mota horren egarri zirela erakusten dute irudiek. Arte eta Letren Fakultateko ikasleak ziren asko.
Iraultzaren osteko urteetan izan zen kontzertua, garai historiko jakin batean.
Elkarrizketatu nituen pertsonen artean, zenbait ez ziren kontzertuan egon, baina une historikoaren testuingurua baloratzeko aukeratu nituen. Une hartako inpaktua ikustea interesatzen zitzaidan, eta 50 urte geroago izandako eragina ebaluatzea ere bai. Jaiotza bat izan zen, troba berriaren lehenengo adierazpen publikoa. Bitxia da, baina musikariek elkar ezagutu berri zuten: Silviok eta Pablok hilabete gutxi batzuk lehenago ezagutu zuten elkar, eta Noelek ez zuen Pablo ezagutzen. Protesta kantuen ekitaldi bat egitearen aitzakian elkartu ziren, eta bistaratu egin zituen. Esan daiteke edozein urtetako edozein egun izan zela, liburuaren tituluko jolasaren bidetik. Troba berriaren mugimendua gazte kubatarren adierazpenik garatuena izan zen. Eta ez bakarrik gazteena, gizarte berri batena ere bai, iraultzaren garaipenak iraultza sozial eta kulturala ere eragin zuen eta.
«[Casa de las Americaseko kontzertua] Jaiotza bat izan zen, troba berriaren lehenengo adierazpen publikoa».
Joan zen udazkenean Frank Delgadorekin biran ibili zineten Euskal Herrian. Hark adierazi zuen trobaren egoera bestelakoa dela orain. Gazteek ez dutela bat egiten trobadore etiketarekin, beste generoekin fusionatzen dutela…
Hainbat belaunaldi etorri dira 68koaz geroztik. Frank hurrengo belaunaldikoa da, eragin handikoa hura ere, 80ko hamarkadakoa. Kubako gizartea aldatu egin da, eta, gaur egun, trobadoreak ez daude oso bateratuta. Baina gazteen nukleo garrantzitsu bat Santa Clara hirian dago, Mejunje gunean. La Trovuntivitis deitzen da kolektibo hori, eta indar nabaria du egungo trobaren eszenan.
Aurkezpenean esan duzu pena bat duzula, liburua kaleratu denean 68ko emanaldiko hiruretatik bakarra geratzen delako bizirik. Justu Silviok disko berriaren aurrerapena kaleratu berri du.
Bai, Silviok aktibo jarraitzen du, eta bere burua berrasmatzen du. Adibidez, orain dela gutxi abesti zaharrekin osaturiko lan bat kaleratu du, bere garaian ezin izan zuelako egin, eta orain berehala abesti berriekin dator. Musikalki ere, batzuetan gitarrarekin aritzen da, bestetan jazz formatuan. Azkenaldian gehiago gustatzen zaio jazz formatu hori.
Habanako La Casa de la Bombilla Verde aretoan troba emanaldiak antolatzen dituzue.
Azken batean, troba nire ingurune naturala bezala da. Beti entzun dudan musika da, beti jarraitu dudana. Bombillaren proiektua aurrera ateratzeko aukera etorri zenean, noski, trobarentzako lekua izan behar zuen; batez ere troba gaztearentzat, hain komertziala ez den horrentzat. Kontzerturako lehen aukera eman diogu hainbat musikariri, eta horrek pozten gaitu.
Troba kontuez gainera, Habanan bisita gidatu berezi bat eskaintzen duzu, Euskal Herriarekin lotura duena. Nondik dator asmo hori?
Ondare Kulturalaren Kudeaketa eta Babesa ikasi nuen unibertsitatean. Euskal Herriarekin lotura ugari ditut, eta, gurean euskal herritar asko hartzen genituenez, pentsatu nuen ibilbide bat antolatu zitekeela. Habana Zaharretik egiten dugu, ohiko plaza eta katedralak ikusiz, baina euskal herritarren aztarnen atzetik. Adibidez, etxeen eraikuntzan inplikaturikoak aipatzen ditugu, edo baita hango edari tipiko baten sorkuntzan ibilitako bakiotar bat ere. Historiaren horrelako pintzelkadak dira. Joseba Sarrionandiak eginiko ikerketetan oinarrituta dago.