Bizkaiko bertsolaritzaren mugimenduaren alde eginiko lanagatik da ezagun Trino Azkoitia Azpitarte, batik bat. Besteak beste, Albe Algortako Bertsolari Eskolaren sortzaileetako bat izan zen, eta eskolako lehendakari ere izan zen urteetan. Atzo zendu zen, 77 urterekin.
Batik bat Bizkaian jardun izanagatik ere, Gipuzkoan jaio zen Azkoitia –Azkoitian, hain zuzen–. Hala eta guztiz ere, Algortan (Bizkaia) eman zituen bizialdiko urte gehienak. Bertan sustatu zituen bertsolaritzari loturiko hamaika egitasmo, Albe Algortako Bertsolari Eskola tarteko. Andoni Iriondo Barrenetxearekin batera sortu zuen hura, herriko bertsozaletasunari eta bertsogintzari bultzada emateko helburuz. Irakasle eta lehendakari izan zen bertan.
Gainera, bertsolari txapelketan epaile izateagatik ere bada ezagun Azkoitia. Bizkaiko txapelketako hainbat alditan izan zen epaile, eta bi aldiz Euskal Herriko txapelketa nagusian: 1986an eta 1989an.