Trikitiaren kateari lotuta

Agurtzane eta Jon Elustondo anai-arrebek lehen diskoa atera dute, doinu dantzagarri eta leunez

Jon eta Agurtzane Elustondo anai-arrebak, atzo, Donostian, diskoa aurkeztu aurretik. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Trikiti zalea denak gustukoa du musika zuzenean entzutea, plazan, erromerian, baina baita autoan, etxean edo dena delako lekuan ere, bizigarri eta pozgarri izatearen dohain berezkoa baitauka. Asko ziren Elustondo anai-arreben disko bat eskuragarri izatearen falta sumatzen zuten trikiti zaleak. Dantzan ari denari nota eta erritmo zehatz garbiz pausoa markatzeko trebezia aitortu izan diote Agurtzane Elustondo trikitilariari, baita geldi dagoena dantzan jartzekoa ere. Zale askoren nahiari eta eskaerari men eginez, lehen diskoa plazaratu dute, Elustondo izenez, Elkar etxearen eskutik.

Aspaldi zerabilten buruan disko bat argitaratzeko ideia Agurtzanek eta Jon anaia pandero jotzaileak, baina urratsa egitea falta zitzaien. Eta bultzada Martin Aginagalde Martin trikitilari eta eskarmentu handiko maisuak eman zien. «Deitu zidan esanez pieza berri batzuk bazituela, eta ondo egokitzen zirela neure jotzeko modura». Urtebeteko duda-muden ondoren ekin zioten lanari. Hala, diskoa osatzen duten hamalau piezetatik zortzi dira Martinek sortuak. Beste bost herrikoiak dira, eta beste bat, diskoa ixten duen Burnizko kateia, Kepa Junkerak sortu die, baita bere trikitiarekin lagundu ere. Kantu horrek trikitilari bikotea bere jaiolekuarekin lotzen du, Legazpirekin, eta bere sustraiekin, Mariano Elustondo aitonarekin. Legazpik beti izan du lotura burdin lanketa eta ekoizpenarekin. Haien aitonak ere burdin lantegian egin zuen lan, eta omenalditxoa egin nahi izan diote pieza horren bidez. Legazpiartasuna ere islatu nahi izan dute, nola hitzetan hala izenburuetan ere. «Perkaxa da horietako bat, eta dotorezia esan nahi du», azaldu du Jonek. Hitzak idazteko orduan, etxeko eta ingurukoen laguntza izan dute aurren-aurrena. Haien ahizpa eta arreba Nerea Elustondo bertsolaria da, eta hark idatzitakoak dira Non gara? eta (H)egoekin hegan, biak ere musika herrikoiz landuak. Asier Iriondo Legazpiko bertsolari eta adiskidearenak dira Paolo Sopraniren ametsak eta Baratxuriak bizi, irudimentsu eta umorezkoak.

Legazpin jaiotakoa da, halaber, Jose Luis Padron poeta ere, eta harena da Dortokak eta zaldiak, helduta dantza egitekoa. Xabier Amurizaren kopletarako sena baliatu dute Bidaia handiak eta Begi bat ireki da kantuetan, eta Natxo de Felipe musikariarena (Oskorri) da Trantiketan. De Felipek berak ahotsak sartu ditu kantu horretan, eta Estitxu Pinatxo eta Xabier Barriola kantariek ere parte hartu dute zenbait kantutan.

Lajaren ikasle

Trikitia jotzeko molde propioa du Agurtzane Elustondok, garbia eta zehatza. Laja izan zuen maisu, eta haren eragina nabari da, baina bere estilo propioa garatu du Elustondok. Ez alferrik, ia 30 urte inguru daramatza soinu txikiarekin, hamar bat urte zituela heldu baitzion instrumentuari. Dantza egiteko piezetan, arin-arin eta fandangoetan ageri da trikitiaren alderik tradiziozkoena, eta kanturako diren geldoagoetan egin dute ahalegina «entzunerraza eta gozoa» izan dadin. «Porrusalda eta trikitietako melodiak landu ditugu, baita kantuen hasiera eta bukaerak ere modu bereziz, txukun gera daitezen grabaketan».

Musikari askoren laguntza izan dute trikiti piezak janzteko: besteak beste, Gurutz Bikuña (gitarra akustikoa), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua eta baxua), Michel Longaron (bateria) eta Xabier Zeberiorena (biolina).

Kantu propioak ere badituzte sortuak, akaso hurrengo disko batean plazaratzeko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.