Trikitia munduko zatitxoekin «jantzita»

Munduko 60 musikarirekin baino gehiagorekin grabatu du Korrontzik 'Tradition 2.1' izena duen diskoa

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Lau kidek osatzen dute Korrontzi musika taldea: Ander Hurtado de Saratxok, Kike Morak, Alberto Rodriguezek eta Agus Barandiaranek. Barandiaran da taldearen sortzaile eta gidaria, altzoan daraman musika tresna baita taldearen ardatza: trikitia. Atzo, Tradition 2.1 disko berria aurkeztu zuten Bilbon (Baga-Biga). Euskal folk musika taldearen laugarrena da. Trikitia ardatz hartuta munduko hainbat txokotako doinu eta erritmoak bildu dituzte 16 abestitan. 60 musikarik baino gehiagok parte hartu dute. Horien artean Javier Limon, musika flamenkoaren erreferente garrantzitsuenetariko bat. Hiru Grammy latino jaso ditu. Korrontziren bi abestitan parte hartu ez ezik, hark egin du diskoaren post produkzioa.

Hamaika herrialdetako musika estilo bildu dituzte diskoan, baina denak trikitia «lagundu, apaindu eta babestuz». Portugalgo fadoa porrusaldarekin batu dute, flamenkoa fandagoarekin, biribilketa eta Galiziako doinuak, Zimbabweko musika eta euskal tradiziokoa... Barandiaran «pozik» dago emaitzarekin. Jatorri askotako artista eta doinuak bildu arren, euskal tradizioa guztien lokailu izatea lortu dutelako. «Bertsio berriak egin ditugu, lehengoari uko egin gabe». Abestietan, keinu berezia egin diete Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaileari eta Tomas Sitzes trikitilariari. «Horiengandik edan dugu txikitatik».

Azken hiru urteetan egindako lana bildu nahi izan du Barandiaranek. Izan ere, 2008an aurkeztutako Getxo diskoak (Baga- Biga) arrakasta handia izan zuen nazioartean. Ordutik, folk jaialdi ugaritan parte hartu dute, eta nazioarteko artista sonatu askorekin egin dituzte harremanak. Eta orain, ibilbide horren «laburpena» egin nahi izan du. «Kanpoan jo dugunean jaso duguna bueltan eman nahi diegu horiei guztiei». Eta horregatik jo du kanpoko musikariengana.

Euskal Herritik kanpo hemenbaino kontzertu gehiago ematen ditu Korrontzik. Musikarekin, hizkuntzarekin eta dantzarekin «bidaiatu» eta euskal kultura herrialde askotan erakusteko «aukera» izan duela adierazi du Barandiaranek. Aitortu du hasieran «etxetik kanpo» gehiago ezagutzen zutela. Azken urte hauetan egindako lanaren ondorioz, ordea, aldatu egin da kontua: «Etxean aitorpena jasotzen ari garela sentitzen dut».

Nazioarteko kolaborazioak

60 musikarik baino gehiagok hartu dute parte diskoan. Batekoak eta bestekoak. Izen handikoen artean, Michael McGoldrick irlandarra eta Phil Cunningham eskoziarra daude. Cunninghamen kolaborazioa nabarmendu du Barandiaranek. Gaztetatik erreferentetzat izan du. «Oso berezia izan da nire doinuak bere eskusoinuan entzutea eta elkarrekin jotzea ». Javier Limonen ekarpena «garrantzitsua» izan dela ere adierazi du. Korrontzi taldearen Getxo ezagutu, eta orduan piztu zitzaion interesa Limoni. «Gu izan ginen harritzen lehenak. Ohore bat izan da». Flamendango abestia nabarmendu du. Musika nahasketen artean «bitxiena» delako. Limonen gitarra flamenkoaren eta Barandiaranen trikitiaren arteko «borroka» bat.

Diskoaren grabaketarako 26estudio erabili dituzte. Aitortu zuen logistika «oso konplikatua» izan dela. Jende asko koordinatu behar izan dute. «Teknologia berriek asko lagundu digute». Tradizio jarri ordez, Tradition jarri diote izena diskoari «nazioarteko diskoa» delako eta 2.1 software bertsio berri bat izango balitz bezala, tradizioaren «bertsio berritua» delako. Diskoaren edizioa liburuxka formatuan atera dute, abesti bakoitza zergatik egin den eta zer esan nahi duen azaltzeko.

Kultur transmisioa

Baga- Biga disko etxeko Ritxi Aizpuruk Korrontziren «transmizio lana» goraipatu du. Batetik, Euskal Herriko tradizioa munduan zabaldu dutelako eta, bestetik, herrien arteko musika egiten dutelako. Jendeari nazioarteko taldea dela erakutsi nahi dio Korrontzik, Aizpururen arabera: «Horrelako euskal talde gutxi daude». Bigarren edizioa multinazional batekin atera dezaketela aurreratu du.

Bihar egingo dute diskoaren aurkezpen kontzertua. Basauriko Social antzokian (Bizkaia) egingo dute lehen emanaldia, 20:30ean. Eta emanaldi «berezia» izango da biharkoa Barandiaranek aurreratu duenez, diskoan parte hartu duten hainbat musikari bilduko baitira oholtza gainean. Larunbatean, Ordizian (Gipuzkoa) izango dira, eta datorren asteartean Brasilera joango dira, han hiru kontzertu ematera. «Zorionez, egutegia beterik daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.