Musika

Trikitia goi mailako musika ikasketetan lantzen ahalko da aurrerantzean Hegoaldean, Madrilek dekretua onartuta

Propio sortuko dute trikitiaren gaineko espezialitate bat. Espainiako Gobernuak errege dekretua onartu izanak eman dio bide urratsari. Nabarmendu dutenez, instrumentuaren gaineko ikerketa ere bultzatuko dute hala.

Antzinako trikiti bat, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Antzinako trikiti bat, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko otsailaren 18a
14:15
Entzun

Espainiako Ministroen Kontseiluak onespena emanda, aurrerantzean posible izanen da trikiti eskolak goi mailako musika ikasketetan izatea. Orain arte ez zen horretarako aukerarik, eta ikasketa maila apalagoetan baizik ezin zen irakatsi musika instrumentu hori. Aldiz, langa hori gainditzen ahalko dute orain: trikitiari loturiko espezialitatea sortuko dute propio. 

Emandako informazioaren arabera, eskea Espainiako Hezkuntza Ministerioak bultzatuta ailegatu da Ministroen Kontseilura. Errege dekretu gisara heldu da, eta, organoak dokumentu horretan jaso ditu trikitia goi mailako ikasketetan irakatsi ahal izateko bete beharko diren hainbat irizpide. Aurrerantzean, horiek oinarri hartuta sortu beharko dituzte trikitiarentzako ikasketa planak kontserbatorio edo goi mailako bestelako eskoletan.  

Espainiako Gobernuak nabarmendu duenez, espezialitatea sortzearekin batera aitortza eginen zaio trikitiak historian izaniko garrantziari ere. «Aitortuko da trikitia dela euskal musikaren elementu nagusietako bat, eta, pauso honekin, bide emanen zaio proiekzio sozial eta profesionala handitzeari, izan tradizioari begiratzean edo izan soinu lengoaia berriak jorratzean». Gaineratu dutenez, trikitiaren gaineko ikerketari ere bultzada emanen zaio aurrerantzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.