Tritikiaren doinu soila entzuten da lehenik, leun, lasai, kantuari sarrera eginez. Eta berehala batzen zaizkio perkusioa eta baxua, argi uzteko erritmo hori ez dela ez fandangoarena, ez arin-arinarena, ez kalejirarena. Joseba Tapiaren ahotsak laster, eta gitarra elektrikoak geroago, kantuaren molde berritzailea berresten dute, eta, errepika ezaguna iristerako, dantzan da plaza, baina ez oin puntetan, ezta saltoka ere. «Maitia, hi haiz nere besamotza» horrek gorputza kulunkarazten eta gerria mugiarazten baitu batez ere. Tapia eta Leturia bikoteak 1990ean argitaratu zuen Juergasmoan diskoa, trikitiaren ohiko moldeetatik urruntzen ziren piezaz jositako lana. Eta Besamotza eta halako kantuekin jarri zuten trikitia noranahiko izateko bidean.
[youtube]https://youtu.be/9zzgPfVxP3E[/youtube]
Eleuterio Tapia osabarekin ekin zion Joseba Tapiak plazetan jotzeari, eta 1981ean igo zen lehen aldiz bakarka oholtzara, Badok.eusatarian Gontzal Agoteren testuak gogora dakarrenez. Handik hiru urtera, Xabier Berasaluze Leturia pandero jotzailearekin hasi zen jotzen. Eta halaxe jaio zen Tapia eta Leturia izen artistikoa hartu zuen bikote banaezina. Euskal Herriko Trikiti Txapelketa birritan irabazi zuten, 1986. eta 1988. urteetan, eta sumatzen zitzaien trikitia molde berrietara eramateko nahia. Jo ta hautsi (Elkar, 1987) lehen diskoaren ondotik, asmo horren deklaraziotzat har daitekeen lana ondu zuten: Juergasmoan (1990).
Trikitia baserri girotik atera eta entzule berriengana eramaten aitzindari izatea aitortu izan zaio bikoteari, eta disko hark izan zuen zerikusirik horretan. Trikitia dute oinarri diskoko kantuek, baina beste estilo edo aire batzuekin nahasian ageri dira asko. «Erromerietan erritmo ezberdineko errepertorioa erabiltzen genuen. Lau edo bost orduko erromeriak egiten genituenez, denetatik behar izaten genuen. Gero, diskoa antolatzerakoan, bide beretik tira genuen», azaldu du Tapiak. Euskal Herri osoan barrena azkar egin ziren ezagun Maitatzen zaitudalako, Hik lan eta nik jai, Anbototik Gorbeara, Maddalen zein Festarik festa —bi horiek Flaco Jimenezen doinuak dituzte oinarri—. Baita Besamotza ere.
[youtube]https://youtu.be/iQVBTKxB-60[/youtube]
Jakoba Errekondok idatzi zituen hitzak. «Kuadrilla berekoak gara Jakoba eta biok. Elkarrekin bagenuen talde bat ere, Beazunipeiak izenekoa. Eta, beraz, hasieratik izan nuen haren laguntza, bai testuetan, bai esperimentu musikaletan», esan du. Maitasunari buruzko abesti bat da: «Zerk erakartzen gaituen, zerk pizten digun irrika, morboa... bestearen moztasunak, adibidez». Eta musikariak gogoan du askori «erabat arraroa» egin zitzaiela testu hura, «maitasun istorio aldrebes, korapilatsu, bihurri» hura. Hitzei doinua jartzea beste batzuetan baino zailagoa egin zitzaiola aitortzen du. «Testu irregularra zen, eta ez nengoen ohitua. Kopletan ondo moldatzen nintzen, edo bertso estrukturetan, baina kasu honetan gehiago kosta zitzaidan. Ez nuen trikitia bakarrik entzuten, eta nire gustuak askotarikoak ziren. Gero, emaitzetan agerikoa zen nondik edaten nuen».
Instrumentazio aldetik ere aberatsa da kantua. Izan ere, Juergasmoan diskoan lagun talde zabala bildu zen: Pako Diaz aritu zen atabalarekin, Mikel Artieda baxuan, Aitor Amezaga teklatuetan, Mixel Ducau eta Jose Alberto Batiz gitarra elektriko eta akustikoekin, Anjel Valdes perkusioan, Begoña Tapia eta Edurne Iradi ahotsetan eta Mikel Valcarlos tronpetarekin, baita Gotzone Sestorain irrintzilaria ere. «Trikiti entzuleak ez zeuden ohituak trikitia rock formatuan entzutera, baina nik ez nuen besterik entzuten: irratian, jaietan, kontzertuetan... eta gogo handia nuen panderoaz gain tresna horiekin probatzeko», azaldu du. Hitz-egile lanetan, Errekondoz gain, Joxan Ormazabalek, Xabier Amurizak, Joserra Gartziak eta Tapiak berak jardun zuten diskoan.
Mandolinarekin 2002an
Aspaldi sortua izan arren, Besamotza ez da zahartu. Eta hori ez da beti gertatzen. Tapia eta Leturiaren orain arteko azken albumean, Hain zuzen izenekoan (2002, Gaztelupeko Hotsak), lekua egin zioten. Beren ibilbideko hainbat kantu aukeratu, eta zuzenean eman zituzten lan hartan, eta mimoz eginiko bertsioa da Besamotzarena. Perkusiorik gabe eta erritmo lasaiagoan, Tapiaren trikitiak eta ahotsak eta Arkaitz Minerren mandolinak soiltasunez gidatzen dute kantu osoa, eta, azken errepikan, Tapiarenari beren ahotsak batzen dizkiete taldekideek —Tapia, Leturia eta Minerrez gain, Jexux Aranburuk parte hartu zuen disko hartan—.
[youtube]https://youtu.be/ttMVGdj5knQ[/youtube]
Bere bakarkako ibilbidean, Besamotzak izena jarri zion Tapiak 2017an sortu zuen talde berriari. Bestalde, Tranpaldo (2019) diskoaren zuzenekoan ere beste aldaera batean jotzen dute kantua.
Bere doinuetan gorputza kulunkatzeko aitzakia ematen jarraitzen du Besamotzak.