KRITIKA. Musika

Trifonoven dantza garden eta bizia

Marta Garcia
2025eko otsailaren 15a
04:00
Entzun

DANIIL TRIFONOV

Egitaraua: P. I. Txaikovskiren Pianorako sonata do sostenitu minorrean op. post 80, F. Chopinen hainbat Bals, S. Barberren Pianorako sonata mi bemol minorrean op. 26 eta P. I. Txaikovskiren 'Loti ederra' balletaren suite-a. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: otsailaren 11.

Kontzertuetara joaten hasi nintzenetik, nire hurbilketa pertsonala beti izan da programa bakoitzak zer berri eta zer zirraragarri eskaini ote zezakeen grina asegabea elikatzeko jarrera. Ordutik, zenbatezinak dira aretoetan bizi ahal izan ditudan interpretazio bikainak. Asteartean Kursaalean ikusi genuena klasifikazio guztietatik ihes egiten duen emanaldia izan zen. Programa berezia eta oso interesgarria zekarren Daniil Trifonovek, Txaikovskiren indar esploratzailea, Frederic Chopinen dotorezia malenkoniatsua eta Samuel Barberren ehundura ausartak bateratu zituena. Une batez otu zait epaitzea denetan garaile atera zela, baina han ez zegoen borrokarik, musika baizik: distiratsua, bizia, batzuetan bortitza eta beti argia.

Gaztaroko obra izaki —kontserbatorioko azken urtean ikasten ari zela idatzi zuen, 1865ean—, Txaikovskiren sonata entzutean guztiz borobila ez delako sentsazioa gailentzen dela esango nuke. Eta, hala ere, Trifonovek pasioz bete zuen partitura, melodien edertasun samurrari ere tokia utziz. Eta Chopinen bals aukeraketak gardenki ahalbidetu zuen poloniarraren piano errepertorio honetan arintasun eta sakontasun emozionalaren artean dagoen oreka atzematea. Akaso eragin nabarmenena sortu zuena op. 64-ko lehen balsa izan zen, Minutukoa, tempo azkarra eta adierazpen guztiz garbia inolako esfortzurik gabe fusionatu baitzituen.

Bigarren zatian etorri zen zoramena. Trifonovek, berriro ere, obra gorenera eraman zuen Barberren sonata, tradizioa eta elementu modernoen artean kokatzen dena. Harmonia ausartak oso presente, erritmo konplexu eta ehundura trinkoetan beti argi-izpiak atera zituen. Eta zeinen aise eta zorrotz ebatzi zuen azken mugimenduaren fuga, berehalako txalo zaparrada piztu zuen teknika orbangabea erakutsiz. Berdin Txaikovskiren suitean: Pletneven moldaketan birtuosismoa eta aberastasun melodikoa biltzen dira, Trifonoven eskuetan guztiz distiratsu, bai katuen kontrastean, bai kanarioaren txio altuan, bai Finale-aren handitasunean. A zer erakustaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.