Literatura

Trieste eta haren idazleak

'La Trieste de Magris' erakusketaren aitzakian, Trieste hiria ekar daiteke hizpidera, eta Claudio Magris, eta Triesterekin nola-halako harremana izan zuten idazle sorta. Magrisez gain, hiru aukeratu daitezke: Italo Svevo, Marisa Madieri eta Boris Pahor.

Aritz Galarraga.
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Dublin eta Joyce. Lisboa eta Pessoa. Praga eta Kafka. Buenos Aires eta Borges. Hiri eta idazle horiek elkartu dituzte aurreko urteetan Centre de Cultura Contemporania de Barcelona-ko aretoetan. Triesteren txanda da egunotan, eta Claudio Magrisena, uztailaren 17ra arte. La Trieste de Magris izena du, ez alferrik, artikulu honek hizpide duen erakusketak.

Hiriak eta haien idazleak. Abiapuntua hori da, eta, kurioski, erakusketa segida horrek lehen aldiz gonbidatzen du bizirik den idazle bat. Pertsonalki lagundu du Magrisek erakusketa osatzen, testuren bat idatzi, gairen bat eman, non zer sartu, eta ez dute Bartzelonara bertara gonbidatzeko aukera pasatzen utzi, Kosmopolis literatur jaialdiaren aitzakian.

Hizketaldi bat izan zen, ostiral arratsean, Josep Ramoneda CCCBko zuzendaria lagun. Liburuak nola jaiotzen diren behar zuen mintzagaiak, baina orotarikoak hartu zituzten saioak iraun ordu betetxoan: idazlea eta konpromisoa, nola idazle izateak ez duen ziurtatzen beti gauzak egoki interpretatzeko gaitasuna; literaturaren zioa, nola literaturak duen balio morala balio moral hori bilatzen ez duen neurrian; indiferentzia, nola arteak behar duen patu, kondizio, kolore guztien balio ordezkaezinaren erakusle. Horrela, ordua bete arte.

Trieste

Baina erakusketaz hitz egin nahi genuen, Triestez, eta Magrisez, eta Triestez Magrisek duen irudiaz, eta hiri-idazle arteko harremanaz. Mapan arin kokatzearren, esan, egun Italiaren mugen baitan kokatzen dela Trieste, edo, hobeto esan, Italiaren mugetan. Eslovenia, Kroazia, urrun baino gertu-gertu ditu. Historian zehar hiru munduren artean ibili da, germaniarra, balkandarra, latindarra. Bidaiari batek hogeigarrenaren hasieran definitu bezala, hiri ederra, baina inon ez egotearen sentsazioa uzten duena.

Mugako hiria dugu, beraz, nahasia, handik eta hemendik jaso duena, arrotza. Jan Morris idazleak inoiz esan bezala, nowhere bat. Izaera horrek erakarrita, edo iraupen hutsez, hainbat idazle bertaratu dira sarri, hasieran aipatu James Joyce bera, esate batera. Bertan jaio zuen Leopold Bloom, bertan hasi Ulysses liburutzarra. Rainer Maria Rilke edo Stendhal dira, bestela, Triesten bizi izandako idazleen erakusgarri.

Beste batzuk, aldiz, bertan jaio ziren, eta bertatik hitz egin, nahiz eta jatorria horietako askok ere beste nonbait izan. Egunkari honetantxe noizbait aipatu dudan Umberto Sabak, esaterako, judua zuen ama. Italo Svevoren familia Transilvaniatik joana zen. Marisa Madieri ez zen Triesten jaiotzera iritsi, gutxigatik egin zuen Fiumen, gaur egungo Rijeka kroaziarrean. Boris Pahor ahantzi gabe, esloveniar gutxiengokoa.

Magris, nahiz eta Turinen hainbat urte eman, nahiz eta munduan zeharreko itzuliak etengabeak izan, beti mantendu da Triesten, Trieste du egoitza, eta hiri horren iruditeriaren elementuak dira idazle esperientziaren agertokia osatzen dutenak. Eta erakusketak erakusten ditu Magrisen kultura, arte, bizitza eta geografia elementuak. Bai eta literaturazkoak ere.

Magrisen Trieste

1939an jaioa, Mitteleuropa, erdialdeko Europan aditua, literatura alemaneko irakaslea, filologoa, literatur kritikoa, Ibsen, Kleist, Schnitzler-en itzultzailea, artikulugilea, senataria, besteren gainetik saiakera, nobela eta antzerki idazlea da Claudio Magris, mugako lurraldeak, identitatearen zedarriak, espazio literarioak landu dituena bere literaturan.

Danubio izeneko eleberria izango da, akaso, Magrisen literatur lanik ezagunena, Magrisen liburu handia, XX. mendeko kulturaren liburu funtsezkoetarik bat, zenbaiten iritzian. Danubio ibaian zehar eginiko bidaia liburu gisa aurkeztua, ez da hainbeste Danubio ibaiaren gaineko saiakera, ez bada identitate garaikidearen konplexutasunaren inguruko metafora bat, zeinean narratzaileak zabaltzen duen bere jakinduria filologiko, historiko, geografiko, politiko, filosofiko guztia. Baina, ibaia ez baita Triestetik pasatzen, narrazio lan horretan ez da, zuzenean behintzat, gure hiria hizpide hartzen.

Lau urte lehenago, 1982an, eta Angelo Ara historialarekin batera, Trieste. Un'identità di frontiera saiakera lana argitaratu zuen. Claudio Magrisentzat, Trieste, europar identitatearen sismografoa da, «Vienaren alaba, Erromak alabatzat hartua», garai bateko lorien nostalgiak eta harrotasunak bizi duena, XX. mendeko hiriburu literarioetarik bat, Europako laborategia. Hain zuzen, aipatu saiakeran gai horiek hunkitzen dira, muga-zedarri kontzeptua, identitatearen bilaketa. Eta Trieste bilakatu den mitoa, haren identitate nahasiaren kausaz, edo identitate ezarenaz.

Gero badago Magrisen beste literatur lan bat, antzerki obra txiki bat, 2001ekoa, La mostra. Triestez hitz egiten du hemen, hiriaren historiaz, Vito Timmel pintoreaz, eta bere buruaz, Magrisez beraz, alegia. Idazleak aitortzen du: «Nire libururik autobiografikoena da, pintore ez naizen arren, ez ero, nahiz eta, nik dakidala, ez naizen eroetxe batean zendu». Timmel pintorea ere Triestera joan zen bizitzera, edo hiltzera, baina esan dugun bezala, ez zen bakarra izan.

Italo Svevo (Trieste, 1861 – Motta di Livenza, 1928)

Hector Schmitz ponteko izenez, Italo hartu zuen gezur izena, italieraz idazten zuelako. Eta Svevo abizena, alemanez ikasi baitzuen. Nobelagintzan Una vita eta Senilità lanekin saiatu ondotik, La coscienza di Zeno eleberriarekin egin zen ezagun. Kasu bitxia da Svevorena, haren italiera zalantzatia da, ez zuzena batzuetan, ia hiztun berri batena. Baina haren ekarria ez dago hizkeran, baizik kontaketa estentsiboa, pausoz pauso egindakoa, kentzean. La coscienza di Zeno lanean dena dago desmuntatua, badirudi ez dela logikarik, baina izan bada: psikoanalisiarena, azalpen saiakerak daude, tarteka arrakastarik gabekoak, tarteka arrakastatsuak.

Ez da ahantzi behar James Joyceren lagun izan zela Svevo, lehenak ingeles klaseak ematen zizkion bigarrenari, eta horrek bueltan hebreerakoak hari. Eugenio Montale idazlea era izan zuen Svevok adiskide, eta literatur munduan laguntzaile handi.

Marisa Madieri (Fiume, 1938 – Trieste, 1996)

Magrisen emazte ere izandakoa, Bigarren Mundu Gerra amaitzearekin ekarri zuten Triestera, errefuxiatu gune batera. Esperientzia horrek, ezin izan bestela, haren bizitza markatu zuen, bai eta haren literatura ere. Hainbeste, ezen Madieriren lanik ezagunenak, Verde acqua liburuak, haurtzaroko garaiak birsortzen dituen, baina baita bizitza berri baterako abiapuntu izan zituen errefuxiatu egitura horiek ere, testuinguru gogor eta norabide gabeko bat.

Madieri 1996an hil zenean, Magrisek zera esan zuen: «Nire bizitza neurri handi batean mutilatua izan da». Emaztearen heriotzak eraginda idatzi ditu gerora bi liburu, Lei dunque capirà eta lehen aipatutako La mostra.

Boris Pahor (Trieste, 1913)

Laurogeita hamazazpi urteak ondo beteta, hogeita hamarretik gora lan argitaratu ditu, prosa laburra, eleberria, memoria, saiakera, kritika literarioa. Libururik ezagunena eleberri bat du, Necropoli: ez da soilik kontzentrazio esparruetan bizi izandakoen testigantza, baizik eta erregimen naziaren egonkortzea ahalbidetu zuten elementuen analisia ere.

Ez lider totalitario batek, ez muturreko ideiek beren kasa, bestelako laguntzarik gabe, eragin dezakete tamainako minik. Pahorrek deskribatzen du Alemaniako kale bat, zeinean bi neskak ez ikusiarena egiten duten paretik seiehun atxilo iragaten diren bitartean, egurrezko eskalapoiekin, izugarrizko zarata atereaz. Osagai gehigarri bat behar da basakeriarentzat: kontzientzia nagia. Begirada sekula ez alderatzen ikasteko liburua da Necropoli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.