Tribua dantzan jartzeko, rocka

Elementu gisa lurra eta sua baliatuta, 'Erraiak' diskoa kaleratu du Xabi San Sebastian Bandek

Igor Susaeta.
Donostia
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Afrikako musika dezente entzun du Xabi San Sebastianek azkeneko urteotan. «Pigmeoen musikan, adibidez, ikus daitezke egun gureak balira bezala ikusten ditugun musikak hor daudela. Hortik dator dena. Hortik pultsua. Horri gitarra elektrikoa jartzen badiozu, rocka daukazu». Antzinako bulkadei gitarra elektrikoa gehituta, eta elementu gisa «sua eta lurra» baliatuta, Erraiak (Elkar) rock-and-roll diskoa ondu du Xabi San Sebastian Bandek, «tribua dantzan jartzeko» asmoarekin. Hirugarren lana du, Orain (2004, No Cd Rekords) eta Ospela-ren ondotik (Elkar, 2009).

Aurrekoa «kantautore» diskoa zen; argitaratu berria, aldiz, «rock talde batentzako» lana da. Horregatik erantsi dio izenari Band. Igor Telletxea (bateria), Matthieu Aranburu (baxua), Ruben Caballero (gitarra) eta Satxa Soriazu (teklatuak) izan ditu alboan San Sebastianek, Elkar estudioan Jean Phocas teknikariaren aholkupean egindako bederatzi abestien grabaketan. «Bospasei» urte daramatzate elkarrekin.

San Sebastianen ustez, gauzak errazten dizkie horrek konposatzerako orduan, konponketak egiterakoan, «tribu sentimenduari begirako» musika sortzerakoan. «Musika da tribua bildu eta jendea mugiarazteko erreminta. Erritu bat sortu nahi dugu». Haren ustez, musikaren bidez sortzen diren sentimenduak berreskuratu behar dira. «Musika ez dadila izan soilik burua arintzeko. Baliatu dezagun lurrarekin konektatzeko». Lurrari lotutako «oso suzko» diskoa da Erraiak, egilearen iritziz.

Hori dela eta, «melodia, harmonia eta hitzen gainean oinarritu beharrean», oraingo honetan erritmoetatik abiatu da konposatzerakoan. «Abestiak sortzen hasi nintzenetik, kontzertuetan pentsatu nuen. Zuzenekoetan jendea dantzan jarri nahi dugu, erritu bat sortu». Bihar aurkeztuko dute Beran (Nafarroa), Katakun, 22:30ean, eta azaro hasiera bitartean beste bost emanaldi dauzkate lotuta: 11n, Bilboko Kafe Antzokian; 12an, Tolosako Bonberenean; 21ean, Zizurren, Nafarroa Oinez-en; azaroaren 2an, Donostiako Dokan; eta 3an, Baionako Le Caveau des Augustinsen. Izotz taldearekin aritzen zeneko berbena «espiritua» berreskuratu nahi du,baina «kantautore senarekin» nahastuta. «Irudipena daukat ibilbide estilistikoari buelta ematen ari natzaiola.

Hitzei dagokienez, disko «lizuna» iruditzen zaio. «Lizuna da, rock-and-rolla bera halakoa delako. Hitz ia guztiek desioaz hitz egiten dute». Eta horiei «umorea eta ironia» gehitu dizkie. «Diskoaren espiritua biltzen duen abestia Errock da». Bideoklipa ontzeko, baina, Katamotza aukeratu dute. Ainhoa Izagirre da bideoklipeko dantzaria, eta diskoaren azala, berriz, Aitor Ruiz de Egino eskultoreak egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.