'Triangle of Sadness'-ek irabazi du Urrezko Palma Cannesko Zinemaldian

Ruben Ostlund suediarraren filma diruari eta itxurakeriari buruzko satira bat da. Park Chan-wookek jaso du zuzendari onenarentzako saria

Ruben Ostlund zinemagile suediarra, atzo, saria jaso berritan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
mikel lizarralde
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ez zegoen Urrezko Palma eskuratzeko faborito nagusien artean, nahiz eta joan den larunbatean estreinatu zutenean harrabotsa eragin zuen Triangle ofSadness Ruben Ostlund zinemagile suediarraren filmak. Azkenean, baina, Vincent Lindon aktorea buru izan duen epaimahaiak erabaki du hari ematea Urrezko Palma, Cannesko Zinemaldiko sari nagusia. Ez da Ostlundek garaikur hori jasotzen duen aurreneko aldia, 2017an ere irabazi baitzuen, The Square-rekin.

The Square artearen munduaren satira bat zen bezala, Tringle of Sadness-ek ere umorez eta garraztasunez begiratzen dio modaren eta, batik bat, dirua mugitzen duen munduari. Carl eta Yaya dira protagonistak, biak ala biak modeloak eta influencer-ak. Luxuzko yate batera gonbidatu dituzte, eta hasieran dena joango da lasai, baina, une batetik aurrera, kaosa eta klase sozialen arteko gatazkak azaleratuko dira.

Park Chan-wook zinemagile korearrak Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen 2003an, Oldboy filmarekin, eta oraingoan ere aitortza batekin atera da Cannesko zinemalditik, Heojil Kyolshim / Decision to Leave-k zuzendari onenarentzako saria eman baitio. Haren aurreko hainbat film bezala, generoko filma da Heojil Kyolshim / Decision to Leave, nahiz eta maitasun istorio bat ere baden. Hego Koreako polizia baten eta hilketa baten susmagarria den emakume txinatar baten arteko istorioa kontatzen du. Sari garrantzitsuren bat jasotzeko hautagai nagusietakoa zen zuzendari korearra.

Cannesko Zinemaldian garrantzi handia dauka Epaimahaiaren Sari Nagusiak, eta aurten bi ematea erabaki dute. Bat Lukas Dhont belgikarraren Close-rentzat izan da, 13 urteko bi neraberen arteko harremanari buruzko film sentikor bezain gogorra. Dhonten bigarren film luzea da hau, eta, Girl aurreko filmean bezala, haurtzaroaren eta gaztaroaren arteko garai horren erretratua egin du.

Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso du Claire Denis zinemagile frantziarrak ere Stars At Noon-ekin. Hauteskunde garaian eta pasaporterik gabe Nikaraguatik irten ezinda gelditzen den kazetari estatubatuar baten eta bidaiari ingeles baten arteko harremana kontatzen du.

Interpretazio sariei dagokienez, gizonezko aktorerik onenarentzako saria Song Kang-ho-rentzat izan da, Hirokazu Kore-Edaren Broker filmean egindako lanagatik. Zeharka bada ere, ez da Cannesen saritzen duten lehenengo aldia; izan ere, 2019an Urrezko Palma irabazi zuen Parasite filmeko protagonista zen Song, eta iaz epaimahai ofizialeko kidea izan zen.

Emakumezko aktorerik onenarentzako saria eskuratzeko kinieletan zegoen Zar Amir Ebrahim aktore irandarra, eta harentzat izan da azkenean aitortza, Ali Abbasen Holy Spider-en egindako lanagatik.

Aurten 75 urte bete ditu Cannesko Zinemaldiak, eta, horregatik, urteurreneko saria eman dio Jean Pierre eta Luc Dardenne anaien Tori et Lokita filmari. Epaimahaiaren saria, berriz, ex-aequo jaso dute Felix van Groeningen eta Charlotte Vandermeerschen Le otto Montagne-k eta Jerry Skolilmowskiren EO-k. Gidoirik onenarena Tarik Salehrentzat izan da (Walad Min Al Janna).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.