Can-ni-faire. Anberesko diamante zizelkariek XIX. mendeaz geroztik erabiltzen duten esapide hori baliatu du bere azken lanak biltzen dituen erakusketa izendatzeko Xabier Salaberria artistak (Donostia, 1969). Gogorregiak direlako beste diamante batzuk zizelkatzeko soilik balio duten harriez aritzeko baliatzen zuten hitza bitxigileek; erdiz harribitxi eta erdiz tresna diren harriak izendatzeko, alegia. Eta horregatik hautatu du termino hori Salaberriak erakusketarako; sortutako artelanarekin batera, artelan hori sortzeko erabilitako tresnak ere bistaratzen dituelako maiz. «Agian, pieza batzuk alde horretatik gardenak dira, bai», onartu du. Nolabait ere, tresnaren eta harribitxiaren arteko muga lauso horretan jarri nahi izan du begia Salaberriak, eta Bilboko Carreras Mugica galerian ikus daiteke lortutako emaitza maiatzaren 21era arte.
Eskultura, arkitektura, diseinu eta altzarigintzaren arteko bidegurutzean dabil Salaberriaren lana beti, eta bada hori guztia bil dezakeen pieza bat erakusketan. Egurrezko pieza laukizuzen luzexko bat da, aretoaren ertz batean. Umore puntu batekin eman du hari buruzko azalpena artistak. «Juan Herreros arkitektoak egin zuen Carreras Mugica galeriaren eraikin berria. Koska bat zegoen zorutik aretoetako baten sarbidera, eta tarte hori gutxitzeko zerbait jartzeko eskatu zidan: zurezko maila bat egin nuen, eta hor egon da geroztik. Baina oraingo erakusketarako galeriara etorri nintzenean, hor ikusi nuen nik egindako zurezko maila hori, eta erabaki nuen enkarguzko diseinu lan bat zena artelan bihurtzea. Mugitu nuen zortzi bat metro areto barrura pieza, eta, mugimendu horren ondorioz, maila zena eskultura bihurtu da. Ea arkitektoak identifikatzen duen». Umorez kontatu du anekdota, baina ez da bihurrikeria hutsa: hain zuzen ere, tresnaren eta artelanaren arteko muga horretan baitabil erakusketa guztia.
Aretoen arkitekturarekin harreman estua izaten dute erakusketa guztietan Salaberriaren obrek, eta agerikoa da hori oraingoan ere. Erakusketaren parte bilakatzen du artistak erakusketa hartzen duen aretoa. Eraikinetako lurra estaltzeko erabiltzen diren zur oholen gisakoak baliatu ditu, adibidez, areto izkinako horma bat tapatzeko. Bertikalean, beraz, horizontalean ikusi ohi dena. «Ate handi bat dago horma horretan, eta galeriako biltokia dago haren atzean. Erabilitako egur horri friso esaten zaio, eta pieza horrekin, atea nabarmentzeaz gain, keinu egin nahi nien Miguel Fisac arkitektoaren eliza modernoei ere. Galeriaren biltoki hori leku sakratu baten gisa ulertzeko aukerarekin jokatu dut».
Ez da debaldekoa Fisac arkitektoaren aipamena. Izan ere, hori baita erakusketako erreferentzia nagusietariko bat: arkitektura brutalista.
Giderrik gabeko mailuak
Bi metro baino gehiago den marmolezko xafla bat da erakusketako piezarik ikusgarrienetariko bat. Bertikalean jarri du artistak, zutik, eta igar daitezke ertzetan harrobian pieza zatitzeko egindako zuloak. Materiala ikus daiteke, beraz, baina baita material hori lortzeko erabilitako tresna ere. Aretora sartu, eta leundu gabeko aldea topatuko du aurrez aurre bisitariak, eta, hormari begira, egunkari paperez estalitako marmol beltz ederra. Panamako paperei buruzko albisteak orrietan, kultura kontuak, futbola... «Bi aurpegi ditu obrak», azaldu du sortzaileak. «Egunkari orriekin oso zabalik gelditzen da bata, eta materialarena bera erakusten du besteak».
Argazki sorta bat ere badago erakusketan, eta artelana beste erakutsi nahi izan du artelana sortzeko erabilitako tresna hor ere. Goiko bi ertzak horman finko, beheko bi ertzak tolestu eta altxatu samar dituzte irudiek, eta orriaren atzealdea ikusteko aukera ematen dio horrek bisitariari: Fujifilm. «Ez nuen buruan marka ikusgarri jartzea», aitortu du Salaberriak, «baina bai nahi nuen argazki horiek lortzeko prozedura erakutsi. Errebelatu klasikoa dela, alegia. Kimika bidezko betiko teknika fotografikoa».
Mahai azpikoa ere arte
Tresnaren eta artelanaren arteko mugan dabil erakusketako hainbat piezatan errepikatzen den giderrik gabeko mailu buruaren forma. Aurrez ere Martelo izeneko erakusketan aritu zen forma horrekin jolasean artista. «Bere garaian, beltzez margotu nuen, eta, orain, materiala biluzik utzi dut, erakusketan darabiltzadan beste ideiekin bat egiteko».
Erakusketan ikus daitezkeen mahaiak ere tresnaren eta obraren arteko muga horretan dabiltza. Izan ere, mahai gainean dauden objektu eta irudiak bezain artistikoak dira mahaiaren hankak ere. Metalezkoa bata, zur eta hormigoizkoa bestea. Aldi berean da mahaia artelanentzako euskarri eta artelan. «Etxean urgentziaz behar izan nuen mahai bat, eta alboan nituen gauzak multzoan bildu, gainean taula bat jarri, eta lanean hasi nintzen. Eta gero konturatu nintzen agian lana taula azpian zegoela eta ez mahai gainean. Eta orduan pentsatu nuen agian pieza bihur nezakeela, eta horrela sortu dira mahaien piezak».
Tresna eta harribitxi
Xabier Salaberriaren azken lanak biltzen dituen erakusketa zabaldu dute Bilboko Carreras Mugica galerian. Aretoa bera bilduman integratu du artistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu