Treneko joan-etorriak

Postal Kolekzionistak taldeak pop-rockari eutsi dio 'Bagoi hutsak' bere bigarren diskoan

Postal Kolekzionistak taldeak bihar egingo du aurkezpen kontzertua, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian. POSTAL KOLEKZIONISTAK.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Lekuak leku ez diren lekuetan gara, / eta ez dakigu zer den datorrena». Hala dio Postal Kolekzionistak taldearen Lekuak leku abestiak. Eta, hain zuzen, abesti hori hautatu zuten single modurajoan den urteko apirilean, itxialdi bete-betean. Osasun krisiaren ondorioz bizi izandako egoerari erreferentzia egiten diola dirudi kantuak, baina abestia idatzita zegoen pandemia hasi zenerako. Mar Auge antropologo frantsesak izendatutako ezlekuen inguruan mintzo da Iñigo Asensio abeslaria kantu horretan: «Badira leku ez diren lekuak, leku hutsak, eta, hain zuzen, toki horiei egiten diet erreferentzia». Itxialdi garaian grabatu eta ekoitzi dute Bagoi hutsak euren ibilbideko bigarren lana, eta Beñat Igerabide musikari eta teknikaria izan da ekoizpen arduraduna.

2018an sortu zen Postal Kolekzionistak, eta handik urtebetera iritsi zen lehendabiziko diskoa: Azken gaua hirian. Bidaietan idatzitako abestiek markatzen zuten gehienbat diskoaren haria, eta, oraingo honetan ere, bidaiek presentzia «nabarmena» dute. Izan ere, izenburutik hasita, «erreferentzia ugari» egiten zaizkie trenei eta treneko bidaiei: «Betidanik gustatu izan zaizkit trenak, eta disko honetan oso presente daude».

Gai ugari jorratu dituzten arren, maitasunik eza da diskoaren gai nagusia. «Maitasunik ezari buruz hitz egiten da, baina baikortasun puntu batekin», dio abeslariak. «Mimoz» jositako zortzi kantuk osatzen dute lan berria, eta pop-rock estiloa da nagusi. Asensio arduratu da hitz guztiak idazteaz eta abesteaz, eta, horrez gainera, harmonika, akordeoia, teklatua eta mandolina ere jo ditu. Harekin batera, honako hauek osatzen dute taldea: Michel Longaron bateria jotzaileak, Ander Zubillaga gitarra jotzaileak, Irene Lopez pianistak eta Juanjo Falcon baxu joleak.

Taldekideez gainera, Kafea zor didazu abestian Mikel Urdangarin abeslariak kolaboratu du. Bals kutsua du abestiak, eta, beste hainbat euskal abestiren artean, Urdangarinen Anek idatzi dit zutaz abestiari egiten dio erreferentzia, eta hortik tiraka bururatu zitzaien kolaborazio bat egiteko ideia: «Diskoa grabatzeko egun gutxi falta zirela egin nion proposamena Mikel Urdangarini, eta baiezkoa eman zidan». Kolaborazioak «ilusio berezia» egin diola aitortu du Asensiok, eta «oso pozik» dago lortutako emaitzarekin: «Kolaborazio berezi honi esker, beste dimentsio eta sakontasun bat lortu du abestiak».

Beste hainbat kolaboratzailek ere hartu dute parte diskoan: Ruben Salvadorrek jo du tronpeta Hotz emozionala abestian, Aitor Zorzanok Portuan kantuaren haize moldaketa egin du, eta Xabier Zeberiok, berriz, Aireportuak II abestiaren soka moldaketa egin du.

Lehenengo diskoarekin alderatuta, bilakaera bat izan dela nabaritu du Asensiok: «Talde gisa sendotasun bat lortu dugula iruditzen zait». Hala ere, aurreneko diskoaren oinarriak mantendu dituzte lan berri honetan ere: «Instrumentu berriak txertatu baditugu ere, aurreko lanaren jarraipena da diskoa».

Lehen kontzertua, bihar

Bihar egingo du taldeak aurkezpen kontzertua, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian. Hala ere, lehenengo diskoaren aurkezpen kontzertuarekin alderatuta, «askoz ere lasaiago» daudela aitortu du Asensiok: «Beste konbentzimendu batekin goaz taula gainera; aurreko aldiko zalantzak eta beldurrak ez dira horren agerikoak oraingo honetan». Tolosako kontzertuaz gainera, beste hiru data iragarri dituzte dagoeneko: hilaren 18an Iruñeko Katakraken joko dute; 26an, Bilboko Bira kulturgunean; eta ekainaren 18an, berriz, Berastegiko (Gipuzkoa) herriko plazan. Gogotsu daude jotzen hasteko: «Jendea mugitzen ari da, eta, egia esan, oso pozik gaude jasotzen ari garen erantzunarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.