Trenak eramaten ez duena

'Esaten ez den guztian' lehen liburua eman du Izaskun Etxeberria Zufiaurrek, Pamielarekin. Ehun urteko denbora tartean eta Altsuondon girotutako hamar narraziorekin ehundu du

Izaskun Etxeberria Zufiaurre, Esaten ez den guztian liburua eskuetan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Trenbideari kontatzen uztea. Izaskun Etxeberria Zufiaurrek bere estreinako liburuan egin duen ariketa izendatzeko modu bat izan daiteke. Altsasuarra da idazlea, eta sortzetik izan da bere paisaiaren parte trenbidea, hark ekarritako bizimodua, eta, batik bat, bizimodu aldaketa. «Trenak ekarri zuen, onerako eta txarrerako, ekarri zuen guztia», heldu dio zabalean aurrena. Eta bizitza konkretuetara hurbildu da gero, berriz zabaltzera egiteko: «Gure aitona ferrobiarioa zen, bere anaia Eloi ere ferrobiarioa zen... eta ezagutu izan dugu horren inguruan bizimodu oso bat. Presoak ere izan ziren geltokian; bizitzak, pentsaerak, sufrimenduak eta pozak». Horietan oinarrituta ondu du orain bere estreinako liburua: Esaten ez den guztian. Pamielak argitaratu du.

Hamar kontakizunekin osatu du liburua Etxeberriak, eta, ipuin bilduma modura aurkeztu duten arren, nobelatzat hartzeko aukera ere irekita utzi du Jose Angel Irigarai Pamielako kideak. «Trenaren joan-etorriak dira lotura agerikoena narrazioetan, baina gero badira lotura finagoak ere, batzuetan ikusten ez direnak, eta horiek ere ematen diote batasun bat denari, kasik eleberri bat izateraino: kontakizun bat da atalez eta lotura finez jositakoa».

Bada elementu bateratzaile nabarmen bat: Altsuondo deituriko eremu batean daude girotuta kontakizun guztiak. «Bideek urraturiko herri, espazio, inguru horretan», Etxeberriaren hitzetan. Ehun urteko tartean gertatzen dira denak ere; lehendabizikoa 1908an abiatuko da, zehazki, eta denboran gertuen dagoena, aldiz, 2010. urtearen bueltan. Mende beteko mundu aldaketa agerian geratuko da, hala, kontakizunetik kontakizunera. «Lehen urteetan trena izango da pertsonaiak hara-hona mugituko dituena. Urteekin, baina, errepideak indarra hartuko du, eta kamioiaren orroek ordezkatuko dute trenaren txistua».

Izan errail, izan errepide, joan-etorrian ariko diren pertsonaiak eraiki ditu idazleak, askotariko arrazoiek bultzaturik, «edo beharturik», lekualdatzen ariko direnak. Eta izenburuak aurreratzen duen hori ere izango dute amankomunean, gordetako desirak, nahiak, ametsak, lotsak eta beldurrak batzen dituzte. Esan ezinek. «Pertsonaia guztiak dira herria», erantsi du, ordea, egileak. «Maletetan bizi izan dutena edo biziko dutena gordetzen dutenak: memoria, errealitatea, fikzioa».

Hain justu, memoriatik tiraka, berriki argitara atera den berri bat ere ekarri du gogora idazleak liburuaren aurkezpenean. Ziurtatu berri da Donostiako Polloe hilerriko mausoleo frankistan miliziano antifaxistak ere lurperatu zituztela. Aranzadi zientzia elkarteak txosten batean jaso duenez, gutxienez erregimen frankistak eraildako 17 pertsonaren gorpuzkiak daude bertan. Eta horietako bat da Etxeberriaren aitonaren anaia: Eloi Zufiaurre.

Etxeberria: «Liburuan izenez ere aipatzen dut. Alde egiteko puntuan dagoen batek lagunari halakorik ez egiteko konbentzitu nahian galdetzen dio 'Non zeuden hire aldamenekoak, Eloi eta Isidro?'. Ba, Eloi aurkitu dugu hainbeste urteren ondoren. Oraindik Isidro falta da, beste anaia».

Jarlekuen talaia

Hamar kontakizunak bi ataletan—Ferrila eta Eserlekuak— banatu ditu, eta, zenbait pertsonaia agertu-desagertu ariko badira ere liburu guztian, Eserlekuak atalaren barruan bildutakoek emakume bera izango dute protagonista. «Intimoagotzat» jo du egileak bigarren parte hori, non emakumezko baten bizitzaren gorabeherei jarraituko zaien denboran, haren bizitzan inportanteak izan diren eserlekuen bitartez.

Lehen liburua du hau Etxeberriak, baina denbora darama idazketaren bueltako jardunean. Besteak beste, liburu kritikak idatzi izan ditu Sakanako Guaixe astekarirako, iritzi artikuluak Nafarroako Hitza-rako, eta Geltoki begiradak. Ametsak narrazioa ere argitaratu zuen 37 idazle nafar bilduman (Pamiela, 2017). Irigaraik esan du liburu honetan «aspaldian buruan dantzan zebiltzan gaiak» bildu dituela idazleak, eta hark, berriz, Bergarako Idazle Eskola izan du gogoan. «Han sortu zen liburuaren muina, eta hura izan da akuilua».

Hain justu, Idazle Eskolan irakasle izan zuen Tere Irastortza idazlea, eta hark lagunduta aurkeztu du liburua Etxeberriak. Haren edizioan ere hartu du parte, eta hitzaurrea ere idatzi du. «Gogoan dut [Bergarako] lehen eskoletako batean testamentu bat idazteko asmoa aipatu zuela; ez hil ondoren esanda utzi behar zuenaren ingurukoa, baizik sentitzen duelako, nire iritzian, hainbat jendek esan ezin izan duen guztiari buruzko ekarpen bat egiteko behar bat».

Pertsonaien ugaritasuna ere nabarmendu du Irastortzak, XX. mende hasieratik gaur egunera arte adin, klase eta jatorri askotariko jendeari leku egin izana ipuinetan. Nabarmendu du, halaber, Altsuondok agertoki modura duen zeresana: «Nahiz eta Sakanako herri bat irudikatu dezakegun, ez ditu erreibindikatzen herri baten sakontasuna irudikatzen duten arbola zaintsu eta errodunak, toki batetik pasatzean zenbat gauza geratzen diren baizik, zenbat gauza eraman eta ekartzen diren. Pertsona anonimo horien bizipenei eman die ahotsa».

Kaleidoskopio batekin erkatu du, azkenik, lana: «Piezak deskribatuta daude, guri dagokigu horien norantzekin jolastea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.