Trazurik abstraktuena ardatz

Amable Ariasen hamabi lanekin erakusketa bat osatu du Donostiako Ekain arte galeriak

Amable Arias, trazua erakusketa, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Artista polifazetikoa izan zen». Horrela definitu du Amable Arias artista, margolaria eta idazlea Rita Unzurrunzaga Donostiako Ekain arte galeriako arduradunak. Hain justu, Ariasen artelanez osaturiko erakusketa bat jarri dute ikusgai galerian: Amable Arias, trazua du izena, eta artistaren hamabi margolan biltzen ditu. Urtarrilaren 20ra arte egongo da ikusgai.

Ariasen obrez osatuta egiten duten laugarren erakusketa da; izan ere, arte galeriak hamar urte baino gehiago dihardu Maru Rizo Ariasen emazte izan zenarekin elkarlanean. «Artistaren legatu guztia Rizoren esku dago. Egiten dugun erakusketa egiten dugula, beti harritzen gaitu», adierazi du Unzurrunzagak. Erabiltzen zituen teknikengatik eta askotariko materialak baliatzeko zuen joeragatik goraipatu du haren jarduna. «Abstrakzioari loturiko bilduma da», azaldu du, eta gehitu abstrakziotik harago badela bildumari oreka ematen dion beste ezaugarri bat: trazua. Unzurrunzagaren esanetan, «nabaria da trazuaren araberako ariketa ugari egiten dituela artelanetan».

Ikusgai dauden obra guztiak 1960ko hamarkadakoak dira, hiru artelan izan ezik; beste hiru horiek 1980ko hamarkadan egin zituen. Formatu txikitik handira antolatu dituzte margolanak. Handiena El más y el menos izenekoa da, eta 1966tik 1967ra egin zuen, olioz: 195 zentimetro luze eta 130 zentimetro zabal da. Olioaz gain, tintaz eta akuarelaz ere lan ugari egin zituen; hiru motatakoak daude ikusgai.

«Mihiseak prestatu egiten ditu, eta, ostean, ariketaren arabera, trazua lantzen du», azaldu du Unzurrunzagak. Hala, artelan bakoitzean pintzelaz aritzeko era bat ikusten da, sarri desberdina: «Zirriborro handiak egiten ditu olioa tratatzeko; diluitu, eta izaera berezia ematen dio artelanari». Bestalde, margoen pigmentazioarekin eta kolorearekin ere jolasten zuela azaldu du; baita bertikalki eta horizontalki egin ohi zituen marrekin ere.

Ikerketa arlo garrantzitsua izanzen Ariasentzat; batez ere, sortze prozesuan: «Asko lantzen zuen ikerketa, eta inguruneak ez zuen baldintzatzen: estudioan sartu eta bere kabuz dokumentatzen zen, gehienbat liburuekin». Halaber, artelanen gaurkotasuna goratu du galeriako arduradunak: «Gu oraindik jaio ez ginenean eginiko lanak dira, baina gaurkotasuna dute oraindik, baliagarriak dira:aurrerakoia zen». Gainera, obra batzuk lehenengo aldiz ikusi ahal izango direla nabarmendu du.

Leongo Bembibre de El Bierzon (Espainia) jaio zen Arias, 1927an.9 urterekin istripu larri bat izan zuen; geroztik, bizitza osoan makuluak erabili behar izan zituen. 1940an izan zuen lehen harremana pinturarekin: kalean margotzen ari zen artista baten paletak liluratu egin zuen. Handik bi urtera, Donostiara joan zen bizitzera.

1951n idazten hasi zen, eta idaztearekin batera, bere burua aurkitzen. Aldi berean, pixkanaka-pixkanaka, artearen munduan murgilduz joan zen, eta 1958an bere lehen erakusketa egin zuen, Donostiako Aranaz Darras galerian. Abstrakzioari jarraika egin zituen lehen urteak, eta handik gutxira iritsi ziren beste erakusketa batzuk ere: Hamarrak 1960an, eta Leku hutsak 1963an.

Ondorengo urteetan hara eta hona ibili zen, beti arteari eta pinturari lotuta. 1970ean, Maru Rizo ezagutu zuen, bikotekidea izan zuena. Urte haietan izan zuengarairik emankorrena: jarduera publikotik urrundu, eta bere obran zentratu zen, buruan atzera eta aurrera zituen ideiak mihisean marraztuz. 1984. urtean hil zen, 56 urte zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.