Trazu txikiko katedrala

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, Gatza oihalaren aurrean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Zuriak dira Kubo Kutxa aretoko (Donostia) paretak, eta horrek kontrastea egiten du hormetan eskegita dauden kolore sarkorreko bildumarekin. Kasik, Granadako (Espainia) katedralaren barrunbea dirudi. Inspirazio iturri konstantea izan da Andaluziako hiria Soledad Sevilla artistarentzat. Hori du egungo bizileku, baina 1980ko hamarkadan hasi zen, paseatu bitartean, ikusten zuena artearen bidez interpretatzen.

Bost gune daude Kursaalean Nire paisaia propioa erakusketan. Fernando Pessoa poeta portugaldarraren Não sei quantas almas tenho poemako bertso batetik hartu du izenburua. «Ibilbide» bat egitea proposatu du artistak: «Obrek lerro bat osatzen dute, eta bide bat markatu».

Sevillak erabaki du bere sorkuntzetako zer obra aukeratu, eta horiek non kokatu, Lola Duran komisarioaren eskutik. Duranek esan du erakusketa berariaz dagoela leku horretarako sortua, dena dago «nahita» horrela; eta hargatik du horren «sintonia» ona.

Areto nagusira sartu baino lehen, gela ilun bat dago eskumatara. «Itxaron, begirada ohitu behar da lehendabizi», ohartarazi du sartu baino lehen Sevillak. Zuritasunetik gela beltzerako trantsizioa da, eta iluntasunean, korda zuri batzuk nabarmentzen dira. Ez izan ezeren beldurrik izena dauka. Sevillak azaldu du argi trazuen bidez egitura bat marraztu duela espazioan.

Hariak goitik behera daude eskegita ohol batzuetan, eta osotasunean, gortina baten itxura dauka. Sevilla: «Hutsa zeharkatzen dute, airea harilkatzen dute, giro espiritual bat sortuz». Izenburuari aipamena egin dio, haren ustez, arteak egia mistikoak ezagutzeko ahalmena duelako: «Nire esku hartzeak sotilak dira; alderdi immaterial eta iragankorrak txunditzen nau».

Natura behatuz, Granada behatuz sortu dituen lanak daude ikusgai areto nagusian. Lehen lana Nekazaritza arkitekturak deitzen da; Granadako Ibarreko paisaian inspiratuz sortu du. Tabako idortegiak dira, landa eremuko eraikinak.

«Memorian iraun dezaten»

Tabako landareak bertan zintzilikatzen ziren, eguzkitik eta euritik babesteko. 2007an argazkiak atera zizkien, eta zaharrenak iruditu zitzaizkion deigarrienak: «Makal enborrez egindako egitura sinpleak ziren, egurrezko ohol bat gainean zutela; xaflak ustelduta eta higatuta zeuden denboraren eraginez, eta irregulartasun hori interesgarri egin zitzaidan». Neoprenoz eta paperez, moldagarriak direlako, egin zituen erakusketako etxeen maketak. Paretan eskegita daude, pastel kolorez margotuta, eta argi-jokoak eratzen dituzte itzalarekin.

Tabakoa lehortzeko eraikinak desagertuz doaz apurka-apurka, eta Sevillak berreskuratu egin ditu «memorian iraun dezaten». Arkitektura hori Erretaulak obretan islatu du artistak, elkarrekiko parez pare daudenak. A Erretaula poliptiko bat da: atal desberdinetan zatituta aurkezten den margolana. Altueran hiru metro eta zabaleran hamar metro neurtzen ditu; hogei mihisez osatuta dago. Orokorrean, lerro bertikal grisak dira, nahiz eta behealdean arrasto berdeak dauden. Sevillak dio «naturaren inbasioa» dela obran: «Begetazioa irudikatu nahi izan dut eraikinaren azpian». B Erretaula txikiagoa da, gorri, siena, gris eta okre koloreak nabarmentzen ditu.

Gune nagusiari forma ematen dion eskumako horman dago Etorkizunik gabeko sonata. Bidoiak dira, Sevillaren arabera: «Berrerabili egiten dira fatxadak sortzeko. Zirrara sorrarazi zidan materialak, eta, lehen bistara gorria nagusitzen den arren, asko zaindu dut berdea, xafla askori izkinan irten ohi zaiona».

Ondoko gelara mugitzearekin batera, trantsizio argi bat dago. Atzean gelditu direlako tabako-idortegiak eta zaku oihaleierreparatuta sortu dituelako Sevillak lanak. Marrasak bildumak bi etapa ditu. Lehenengoan, zirriborro amaituak daude.

Koadroei begiratzeko modu bat aipatu du: «Begira ari zarela hurbilduz gero, pantaila opakuak dira. Horrek hartzen du protagonismoa. Urrunduz gero, ordea, gardenetatik paisaia ikusten da. Gortina eta natura uztartuz».

Belusezko zezena

Oihalaren testura «sorrarazi» nahi horren gela berean dago Murruak saila. Min fisiko handia zuen garai bateko sorkuntza da, «besterik egin ezinda» egon zenekoa: «Eritasun batek ezgaitu egin ninduen, eta ezin nuen horren lan handirik egin». Sica eta Gatza lanak dira, erpin beraren bi aldetan daudenak. Floraren argazki bat dira, «oihana», artistak aipatu duenez: «Trazu txikiz egin nuen atal bakoitza, eta, orain osorik, baso baten antza daukate».

Erakusketa amaitzeko, goiko pisuan Trama baten permutazioak eta bariazioak bilduma pribatua ikusgai jarri du Sevillak. Geometriak kitzikatu zuen garaikoak direla azpimarratu du Duranek: «Serie hau, Zezenak deitura duena, marra paraleloz osatuta dago». Sei koadro dira, 1970eko hamarkadakoak, eta lehenak kolore bioletak ditu. Trazu bakoitza marra bat da, eta ez dago ausaz egina. Duanentzat, geometria liriko eta belusatuko obrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.