Trazu mugikorrekin kontatzea

Animadeba jaialdiak 80 filmetik gora erakutsiko ditu Deban, irailaren 7tik 10era bitartean. Euskal animazioaren garapena aztertuko dute, 1970etik gaur arteko 53 film laburrekin

Mel Arranzen Azaletik azalera filmeko irudi bat. ANIMADEBA.
itziar ugarte irizar
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Urte pare bat gorabehera, mende erdiaren bueltan dabil euskal animazioaren historia, eta oparo segitzen du loratzen, Aitor Oñederra zinemagile eta Animadeba jaialdiaren zuzendariaren esanetan. Hark abiatu zuen egitasmoa, Deban (Gipuzkoa), duela hamar urte pasa, eta nazioarteko lehiaketaren kategorian da egun festibala. Askotariko tokitatik heldutako lanak jaso dituzte aurten ere —90 herrialde baino gehiagotakoak—, eta, 1.057 film laburren artean hautaketa eginda, bi aste barru egingo dute hurrengo edizioa, irailaren 7tik 10era. Solasaldiak, proiekzioak eta beste izango dira lau egunez, eta 80 filmetik gora erakutsiko dituzte guztira; horietatik 27 jaialdiaren sail nagusien barruan. BERRIA izango da hedabide babeslea.

Programazio osoa datorren astean iragarriko duten arren, zenbait pilula aurreratu ditu Oñederrak: Sail Ofizialean hamar film erakutsiko dituztela, beste hamar Zuzendari Berriak atalean, eta beste zazpi Panorama sailean, esaterako. Euskarazkoak ere izango dira tartean, Mel Arranzen Azaletik azalera —euskarazko lan onenaren saria irabazi zuen azken Zinebin— eta Oñederraren Urazpian lore filma, besteak beste; Kimuak katalogokoak biak.

«Kasu azterketak» deitu duten egitasmo bat ere jarriko dute martxan aurten. Bi egunetan izango dira, eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa film luzearen ingurukoa izango da lehena; haren making of-aren dokumentala erakutsi, eta egilearekin hitz egingo dute haren inguruan. Bigarren kasu azterketa, berriz, bikoitza izango da: Isabel Hergueraren El sueño de la sultana eta Alberto Vazquezen Unicorn Wars erakutsiko dituzte, eta bi zuzendariekin batera izango da solasaldia. Vazquez izango da, hain justu, aurtengo Animadebako gonbidatu berezia. «Uste dut animazioan ezin dela izan hark izan duena baino ibilbide hoberik», esan du Oñederrak. Sail Ofizialeko epaimahaikide ere izango da hura, Lourdes Villagomez animazio ekoizlearekin eta Cord Dueppe Berlingo Interfilm Festival jaialdiko programatzailearekin batera.

Herritarren hurbiltasuna ere hasieratik bilatu du Animadebak, eta hamabost debarren talde bat aritu da aurten ere filmak aukeratzeko lehen fasean. Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak, Italia, Espainia eta Iran izan dira lan gehien bidali dituzten estatuak, eta Frantziaren kasuari egin dio azpimarra zuzendariak: «Animazioak tradizio handia izan du han, eta haien lanen kalitatean begi bistan gelditzen da hori».

Euskal animazioaren soka

Aurtengo Animadeba batik bat ezaugarrituko duena, baina, euskal animazioaren 50 urteak errepasatzeko antolatu duten proiekzio soka izango da. 1970eko Rafael Ruiz Balerdiren Homenaje a Tarzán-etik hasita —hura jo dute aurrenekotzat, nahiz eta baden Jose Antonio Sistiagaren aurreko bat, galdua—, 53 film labur erakutsiko dituzte, hiru saiotan, eta ez kronologikoki. Euskadiko Filmategiarekin, Kimuak-ekin eta zuzendariekin zein haien ondorengoekin aritu dira hori antolatzen, eta prestaketa lanen zutabea izan dela aipatu du Oñederrak.

Diziplinak Euskal Herrian izan duen garapena ere erakutsiko du, beraz, aurtengo Animadebak: lehen urteetako joera esperimentaletik, Juanba Berasategik urratutako marrazki bizidunen ildora, 1980ko urteetan nabarmendu ziren Herguera eta Bego Vicario bezalako egileengana iritsita, eta ondotik heldutako Izebene Oñederra, Zaloa Ipiña, Kote Camacho eta gehiagorengana. Guztiak hartuta, «ugaritasuna» nabarmendu du zuzendariak, hala tekniketan nola edukietan, eta zenbait figura ezagutarazteko parada nabarmendu du. Bere lanetan homosexualitateaz hitz egin zuen Jose Felix Gonzalez Placer Etxegaraiko Goti, esaterako. «Agian oharkabean igaroko da aurtengo maratoian, baina aurrerago egin behar genuke zerbait haren inguruan». EHUn irakasle ere bada Oñederra, eta pozik dago ikasleengan animazioarekiko interesa sumatzen duelako. «Segitzen dute gauza berriak probatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.