Trazu libreko artista

Patxi Buldain margolariaren hamahiru obra ikusgai daude Iruñeko Maisonnave hotelean. Aldaketek eta gizakia erdigunean jartzeak definitzen dute haren lana

Patxi Buldain 18 urterekin hasi zen margotzen, eta bere ibilbidean teknika ugari probatu izan ditu, uneak eskatzen zionaren arabera. BERRIA.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Jakingura, originala, aldakorra. Hitz askok definitu dezakete Patxi Buldain margolaria (Iruñea, 1927), baina batekin laburbildu daiteke haren izaera eta sorkuntza: askea. Korronterik segitu gabe sortzen duen artista bat da Buldain; ikertzen eta bere burua berrasmatzen igaro du bizitza, eta hori nabarmena da haren obretan. «Hark bizi izan duen mundua erakusten dute; mundu espresionista, surrealista, oniriko, anarkista eta bikain bezain xumea», adierazi du Nuria Buldainek, artistaren alabak. Horietako hamahiru ikusgai jarri dituzte Iruñeko Maisonnave hotelean, urtarrilaren 15era arte. 1990eko eta 2010eko hamarkadetan sortutako koadroak hautatu dituzte, aldez aurretik erakutsi gabekoak eta hainbat teknikarekin egindakoak: margoa, grabatua, puntua eta somierra. Haren lan guztiak bezala, erakusketan daudenak ere ezberdinak dira beren artean, baina guztietan antzematen da Buldainen arrastoa.

Margolari bakartu eta ez imitatzailea da Buldain; bere kasa ibili da, esperimentatzen. «Mihise zuri bati aurre egiten dionean, bakartzea behar du, irudimenezko mundu batean sartzeko», adierazi du alabak. Mihisearekin aurrez aurre jartzea «koadroaren eta haren arteko borroka bat» da; horregatik, blokeo uneetan, lan bat utzi eta beste bat hartzen du. Haren koadroak ikusten duenarekin daude lotuta; ez du galtzen munduarekiko lotura. Harremanez, aldatzeko beharraz, sortzeko askatasunaz eta irudimenaz gogoeta egiten du, eta giza irudia jartzen du erdigunean. Gizakiarengan sinesten duela dio hark.

Egun, 92 urte ditu, baina 18 besterik ez zituenean hasi zen margotzen, Iruñeko Arte eta Ofizio Eskolan. Handik gutxira, 21 urterekin, Frantziara abiatu zen, zerbitzu militarretik ihesi. Hogei urte eman zituen han, eta garatzeko garaia izan zen artistarentzat, haren alabak esan duenez: «Abangoardia, bizitza bohemioa eta anarkismoa ezagutu zituen, baita miresten zituen artistak eta haien obrak ere». Besteak beste, Pablo Picassok, Amedeo Modiglianik, Georges Rouaultek eta Claude Monetek eragina izan zuten haren lanean. Frantzian, kritikak azkar estimatu zuen haren lana, baina gizarteari gehiago kostatu zitzaion, kostunbrismoko artistekin ohituta zegoelako.

Frantziako Gobernuak bizilekua ordaindu zion zenbait urtez, Saint Antoinen estudio bat izan zuen, eta Parisko La Grande Chaumiere akademian eta arte ederren eskolan ikasi zuen. Bere margotzeko era bilatzeko garaia izan zen hura: giza irudiak hasieratik hartu zuen tokia haren obran, eta lehen urteetan forma gogorrak irudikatzen zituen, trazu beltz, luze eta ilunak erabilita.

1961ean Parisko Arte Ederretako Nazioarteko Aretoko ohorezko diploma lortu zuen, eta bere egoera gero eta hobea zela ikusirik, jaioterrira bueltatzen pentsatzen hasi zen. 1967an hartu zuen itzulerako bidaia azkenean. Frantzian onarpena lortua zuen ordurako; sorterrian, ordea, ez zuten ezagutzen. «Artearen hiriburua utzi ondoren, harentzat gogorra izan zen herrian inork ez jakitea nor zen», aipatu du Nuria Buldainek. 1969an erakusketa bat jarri zuen Iruñean lehen aldiz, baina ez zuen koadro bakar bat ere saldu. Etxean horrela hartua izateak eragina izan zuen haren obran ere: irudiak bihurritzen eta lengoaia espresionista surrealismoarekin uztartzen hasi zen.

Esperimentatzeko urteak

Denborarekin, tokia eginez joan zen, eta horrek berriz aldatu zuen haren sorkuntza. 1980ko hamarkadan, surrealismoa baztertu, eta lengoaia espresionista finkatu zuen; olioa berreskuratu, eta kolore argiagoetara jo zuen. Garai hartan, halaber, grabatua ikertzen hasi zen. «Berak esaten du bizitzan etengabe ikertu eta aldatu behar duzula, bestela hala-nolakoa bihurtzen baitzara», aipatu du haren alabak. Nuria Buldainek artistaren lana zabaltzen dihardu, eta 2005ean Huarte Buldain fundazioa sortu zuen horretarako, baina 2012an itxi egin zuten, babes ekonomikoa falta zutelako.

Buldainek 1990eko hamarkadan aurkitu zuen gerora harentzat oinarrizkoa bihurtuko zen teknika bat: puntuak. «Beharragatik hasi zen puntuekin margotzen, besoko tendoia apurtu zuelako, eta, gutxika, teknika finkatuz joan zen». Azken hiruzpalau urteetan margotzeari utzi dio, horrek eskatzen dion ahalegina handiegia baita. Hala ere, azken garaian, haren obraren ezaugarri nagusia «sortzeko askatasun osoa» izan da, haren alabaren hitzetan. Teknika «guztiz» menperatzen duela ikusirik, euskarri berriak probatu ditu: gurpilak, ateak, somierrak... «Beti egin izan du nahi duena, baina orain inoiz baino gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.