«Nagusien antzerkia egiten dugu umeentzat, edo, bestela esanda, umeen antzerkia egiten dugu, helduentzat». Hitzik gabeko hizkuntzak erabilita sortzen ditu ikuskizunak Jokin Oregik, Marie de Jongh antzerki konpainiako zuzendariak: ahotsez mutuak. Musika, keinuak, mugimenduak eta isiltasuna ditu antzezlanen kode nagusiak. Hala sortu du lan berria ere: Izar. Haur baten istorioa du oinarrian. «Metafora bat da. Itsas izarrek badute ezaugarri bitxi bat: euren besoetako bat galdu ostean, badute hura birsortzeko gaitasuna, denbora igaro ahala. Bada, sinbolikoki indar handia du adibideak, galera bat gainditzeaz ari garenean; eta, gure ikuskizunean, hori dago jokoan». Obra 7 urtetik gorako edozein herritarrentzat da, eta Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko dute, bihar. Anduriña Zurutuza, Javier Renobales, Ana Meabe eta Ana Martinez dira Izar lanaren antzezleak, eta Elisa Saenz arduratu da eszenografiaz eta jantziez.
Konpainiak aurrez sortutako lanen ildo bera jarraitzen du Izar antzezlanak. 2015ean aurkeztutako Amour obraren ondorengoa da, zeinak arrakasta handia izan baitzuen, eta sariak ere dezente eskuratu baitzituen. Joan den ekainean jaso zuten azkena; haurrentzako eta familientzako ikuskizun onenaren Max saria, alegia. «Oraingo obra potenteagoa dela uste dut». Oregik estreinatzear den obrarekin zabaldu nahi duten mezuan egin du indar. «Izarren istorioa kontatzen du, gurasoekin bizi den haurra eta piano jotzaile aparta dena. Musikaren izar izateko bidean dago. Baina oso gaztea dela, ama hil egiten zaio, eta, ondorioz, bere bizimodua eta familiarena hankaz gora jartzen dira».
Zulo beltzetik argira doan bidea egiten du protagonistak. «Umezurtz geratzen da, ama galdu duelako, eta, aita berarekin egon arren absentzian erorita dagoelako, emaztearen heriotza ezin gainditurik». Orduantxe hastenda Izarren bidaia epikoa, zuzendariaren hitzetan. «Egoerak hala behartuta, aitaren guraso bihurtzen da haurra, nolabait. Heldutasunerako bidaia egiten du, ezinbestekoa eta azkarra».
Erresilientzia gaitasuna
Ez dute istorio gordin eta gogorra irudikatu nahi izan, baikorra baizik. «Itxaropen mezua du, eta baita amaiera pozgarri bat ere, zeinean Izar, heriotzaren auzia gainditzetik harago, indartuta ateratzen den». Erresilientziarekin zerikusia du lanak, zuzendariaren arabera. «Haurrek, helduek bezala, trantzeak eta arazoak gainditzen dituzte. Indartu ere egiten dira, eta prozesu horixe helarazi nahi diegu ikusleei. Guretzat, garrantzitsua da haur eta helduen artean halako hausnarketak konpartitzea».
Itsasoko izarraren metaforari heldu dio Marie de Jongh antzerki konpainiako zuzendariak. «Itsas izarrek gaitasuna dute galdutako besoa berriz sortzeko. Ez hori bakarrik, galdutako beso horretatik ere izar berri bat sor daiteke». Sinbolikoki, presentzia handia du itsas izarrak obran ere.
Hitzik gabekoa da pieza, eta, Amour antzezlanean egin bezala, maskarak erabili dituzte oraingoan ere. «Haurrak garrantzi handia du piezan, eta gu nahiko zahartuta gaude», aitortu du Oregik, irriz. «Koloreteak margotu eta mototsak jarri ordez, nahiago izan dugu modu poetikoago batean jokatu. Gainera, maskarek badute xarma berezi bat: hasieran, gogorra egiten da espresio falta, baina, gerora, lortzen da horren neutroak diren maskarekin emozioak helaraztea».
Piano jotzailea da Izar, eta istorioarekin bat etortzeko, Iñaki Salvador piano jotzaileari antzezlanean jo zezala eskatu zion Oregik. «Musika klasikoa erabiltzea proposatu nion, Izarren ikasgaietan erabiltzeko. Ez zen horretan geratu, ordea. Esan zidan berak sortuko zituela obrako pieza guztiak». Edonola ere, pianoaren notak bezain garrantzitsua da isiltasuna, zuzendariaren arabera. «Musikaz gainera, bada pertsonaia bat indar berezia duena: isiltasuna edo musikarik eza».
Emanaldi sorta
Zer kontatu eta nondik abiatu argi zuen Oregik, baina aritu ahala sortzen duela azaldu du. «Egiten dugun bitartean idazten dugu istorioa. Badugu oinarri minimo bat, eta zuzendu bitartean sortu, moldatu eta aldatzen ditugu gauzak». Bada une oro oso presente duten ideia bat, halere. «Zaila da haur eta helduentzako antzezlana egitean oreka bat izatea. Baina gure abiapuntua hauxe da: haurrak helduok uste dugun baino askoz ere azkarragoak direla».
Bihar, 20:00etan egingo dute estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian. Ez da emanaldi bakarra izango, ordea. Etzi eta etzidamu ere bina emanaldi egingo dituzte leku berean: 17:00etan, lehena; eta, 20:00etan, bigarrena. Heldu den urterako ere hainbat saio dituzte hitzartuta, guztiak Bizkaian, oraingoz. Urtarrilaren 2an Sopelako Kultur Etxean izango dira, 18:00etan; hilaren 13an Basauriko Social antzokian, eta, 14an, berriz, Leioako Kultur Auditoriumean.
Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:
mariedejongh.com
Trantzetik nola birsortu
'Izar' antzezlana estreinatuko du Marie de Jongh konpainiak bihar, Bilboko Arriagan antzokian. Haurrentzat eta helduentzat sortu du obra Jokin Oregik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu