Trantsiziozko orkestra oparoa

Musikari gazteei profesional izateko bidea irekitzea da Euskal Herriko Gazte Orkestraren xede nagusia. Urtero egiten dituzte entzunaldiak, eta aurten 26 musikari hartu dituzte; %70 emakumeak.

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrako musikarien taldea, orkestrak berak martxoan entzunaldiak egin aurretik; 25 urte arteko 26 musikari hartu dituzte aurten. EGO.
iraia vieira gil
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Trantsizio garai bat da EGO Euskal Herriko Gazte Orkestran jotzea; emankorra eta oparoa da esperientzia, baina behin-behinekoa», esan du Ruben Gimeno EGOko zuzendari artistikoak. 2020an hartu zuen gazte orkestra zuzentzeko ardura, eta ordutik argi du zein den bere eginkizuna: «Profesionalizaziorako bidean gazteak lagunduko dituen trantsiziozko organoa gara». 25 urte arteko musikariak hartzen ditu orkestrak, eta aurretik jaso duten formakuntza osatzea du helburu, «orkestra profesionaletan» edota «bestelako proiektuetan» parte hartzeko aukera izan dezaten. Urtero bezala, aurten ere entzunaldiak egin dituzte, eta 26 musikari berri hautatu.

Euskal Herrian bizi diren gazteek, mugakide diren erkidegoetakoek edota atzerrian ikasketak egiten dituztenek izan dute martxoko entzunaldietan parte hartzeko aukera. Edozein kasutan, hori bai, derrigorrezkoa izan da kontserbatorio profesional batean ikasten aritzea. Gimenok azaldu duenez, «banaka» aztertu dituzte orkestrako kide izateko eskaerak, eta norberaren «adina eta heldutasuna» hartu dituzte bereziki kontuan.

Telematikoki egin dute hautaketa prozesua, eta, horretarako, orkestrak berak aukeratu dituen zenbait musika pasarte eta haien gustuko obra bat grabatu behar izan dituzte ikasleek. «Soinuak kalitatea galtzen du, bai, baina balio digu exijitzen diegun gutxieneko teknika aztertzeko». Bakarka eta orkestrak bidali dizkien esteken bidez aztertu dituzte epaimahaikideek gazteen bideoak; guztiak bildu dira gero, eta elkarrekin osatu dute hautatuen behin betiko zerrenda. Gimenok berak prozesu horretan parte hartu ohi du beti, eta aitortu du erabaki gehienetan, «%80tan», bat egiten dutela. EGOko musikariak eta orkestra bera «ondo» ezagutzen duten irakasleek osatzen dute epaimahaia.

Erreserban daudenak kontuan hartuta, 80 musikari inguruk osatzen dute orain Euskal Herriko Gazte Orkestra. Urtetik urtera, gainera, emakume kopurua handitzen doa: iazko hautatuen %50 emakumeak izan ziren, eta aurten %20 gehiago izan dira. «Gaur egun, orkestretan jotzen duten emakumeen eta gizonen kopurua parekidea da». Zuzendari karguetara heltzeko dute emakumeek arazo gehien: «Zaila da, batzuetan, emakume zuzendariak aurkitzea, baina gauzak aldatzen hasi dira, eta, zorionez, gero eta gehiago daude».

Erantzukizun handia

Oihan Espina eta Enara Lores dira orkestrako kide izateko aukeratu dituzten gazteetako bi. Bakoitzaren istorioa desberdina da, baina EGOko musikari izango direla jakiteak antzeko sentsazioak sortu dizkie: «poztasuna» eta «erantzukizun handia». Ikasten jarraitzeko aukera paregabea izango dela ere uste dute biek, eta musikalki hazteko oso esperientzia aberasgarria izango dela.

7 urterekin hasi zituen Espinak musika ikasketak, Lezoko (Gipuzkoa) musika eskolan, eta urteak daramatza EGOn sartzeko prestatzen. 21 urte ditu orain, eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ikasten du. «Duela bost urte aurkeztu nintzen lehen aldiz EGOko entzunaldietara, baina urteekin ulertu dut horrelako orkestra batean jotzeak benetan duen garrantzia».

Klarinete jolea da Espina, baina ez zuen izan musika tresna hori hautatzeko arrazoi argirik. « Musika eskolako azken urtean zenbait instrumenturekin ematen zizkiguten klaseak, eta nik instrumentu desberdin bat jo nahi nuen astero». 11 urte zituen orduan; gurasoak ere musikariak ziren, eta aitak klarinete bat zuen etxean. «Baliteke horrek klarinetea aukeratzeko orduan eragina izatea».

Loresek, berriz, ahizpa nagusia izan zuen eredu. «Musika ikasten zuen berak, eta gurasoek ni ere apuntatu ninduten musika eskolan. Gustatu zitzaidanez, jarraitzea erabaki nuen». Espinak ez bezala, argi zuen harizko instrumentu bat jo nahi zuela, baina zalantzak zituen biola eta biolinaren artean. «Biola aukeratu nuen, soinua politagoa iruditzen zitzaidalako». Duela zazpi urte, 10 urterekin, hasi zen biola jotzen, eta etorkizunean zer egin nahi duen ere badaki orain: «Nire helburua da orkestra askotan jotzea, eta musikari askorekin esperientzia hori partekatzeko aukera izatea».

EGOko entzunaldietan izena ematea, ordea, ez zuen hain argi. «Azken orduko kontua izan zen, eta nire irakasleak konbentzitu behar izan ninduen». Leioako Kontserbatorioan (Bizkaia) egiten ditu egun ikasketak, eta, Espina bezala, EIO Euskadiko Ikasleen Orkestran jotzen aritzeko aukera ere izan du. EGOn sartzeak, ordea, urduri sentiarazi du, badakielako «maila jakin batera» heldu beharko dela. Bitartean, nahiago du alde onari eustea: «Horrelako esperientziak oso onak dira, ikasle eta irakasleek asko ikasten dugulako».

Hori da Gimenorentzat ere garrantzitsua: «Kontzertuen emaitza ezin hobea izango da, baina xedea beti da prozesua». Urtero eskaintzen dituzten neguko eta udako topaketez gain, Donostiako Jazzaldian jotzeko aukera izango dute aurten, Kenny Barron pianistarekin. Askotariko estiloak jo ditzaten, klasizismoko, XIX, XX eta XXI. mendeetako autoreen obrak landuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.