Donostiako 54. Jazzaldia

Trantsizio urtean, berriz ere Zurriolan

Belako taldeko kideek kontatu dute «ia surrealista» izan zela orain sei urteko esperientzia. 2020an aterako dute laugarren diskoa

Belako taldeko kideak, atzo goizean emandako prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU.
Miren Garate.
2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
2013an, artean nahiko hasiberriak zirenean, Donostiako Jazzaldian jotzeko aukera izan zuten Belako taldekoek, Elvis Costelloren kontzertuaren aurretik. Esperientzia hura «ia surrealista» izan zela kontatu zuten taldeko kideek, atzo, gauean egitekoa zuten kontzertuaren aurretik emandako prentsaurrekoan. «Asko markatu gintuen». Etaaitortu zuten hainbeste ikasi zuten lekura itzultzeak, alegia, berriz ere Zurriolako hondartzan jotzeak, eragiten ziela beldur apur bat.

Sei urte pasatu dira jazzaldiko kontzertu hartatik, eta hiru disko argitaratuak ditu taldeak: Eurie (2013), Hamen (2016) eta Render Me Numb, Trivial Violence (2018). Eta bidean da hurrengoa ere, datorren urtean argitaratzeko asmoa baitute eta hasitabaitaude hura prestatzen. Hori dela eta, trantsizio urtea zen izatekoa 2019a taldearentzat; alabaina, zenbait emanaldi «berezi» atera zaizkie. Atzokoa zen horietako bat, eta Australiako DMA'S taldearekin Erresuma Batuan egin duten bira «polita» beste bat.

Agerraldian, «pasioz» bizi dutela musika azaldu zuten, barru-barruraino iristen ez bazaie, ez direla abesti batekin jarraitzeko gai. Disko berriaren harira, iragarri zuten lan «konplexua» izango dela, ez dutelako nahi aurrekoak bezalakoa izatea, ez eta abestiek elkarren antza izatea ere. «Ez dugu gurpilik asmatuko, baina, behintzat, ekarpenen bat egitea nahi dugu». Abesti bakoitzean osagai ezberdinak erabiltzen saiatzen direla azaldu zuten, eta zerbait monotonoa iruditzen zaienean baztertu egiten dutela berehala. Alde horretatik, gaineratu zuten zenbat eta disko gehiago kaleratu, orduan eta zailago bihurtuko zaiela originaltasuna aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.