Durangoko 57. Azoka. Sozializazioa

Transmisioa: nor-nori-nork

Egitarautik beretik hasita, bi urteko osasun larrialdiak kultur transmisioan izan duen eraginari buruzko kezka igar daiteke Durangoko Azokan. Gaiari buruzko iritziak bildu ditu BERRIAk Landako gunean

Bi ume Durangoko Azokan, bi helduren bizkarrera igota. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Bi urte gaixotasunen transmisioa oztopatzeko saiakeretan eman ostean, programa bustitzeraino zabaltzen da kultur transmisioaren etenari buruzko kezka aurtengo Durangoko Azokan. Besteak beste, horregatik izango ditu bost egun eta ez lau: Gerediaga elkarteak ezinbestekotzat zuelako ikasle goiz presentziala berreskuratzea. Eta kezka beragatik izendatu zuten atzoko eguna Gazte Eztanda ere. Airean dago gaia. Horri buruz aritu dira BERRIArekin Izaskun Ellakuriaga Gerediaga elkarteko kidea, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Martxel Zubia Saguganbara guneko koordinatzailea, Elena Olabe idazlea eta Andoitz Antzizar Euskal Herriko Tritikitixa Elkarteko idazkaria.

«Transmisioa lantzearena ez zaigu aurten okurritu», azaldu du Izaskun Ellakuriagak; «azken urteetako kezka bat da». Horregatik sendotu zuten Ikasle Eguneko eskaintza, besteak beste:bikoiztu egin zituzten tailerrak, ikuskizun formatuko saioak ere antolatu zituzten jende gehiagori leku eman ahal izateko, eta, lehenengoz, irakasleentzat pentsatutako bi formakuntza saio ere antolatu zituzten.

Ellakuriagaren arabera, bestetik, gazteentzako «dei moduko bat» sortzea izan dute buruan Gazte Eztandarekin. Bazkaria egin zuten Landako plazan atzo, ginkana antolatu zuten Euskarabenturarekin elkarlanean, eta elektrotxaranga bat ere ibili zen arratsaldez.

Eskolako hutsuneak

«Lekua egitea da transmisioaren parte bat, eta ez bakarrik fotoan gure ondoan eserita egoteko, baizik eta gauzak ere erabakitzeko». Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak gogoratu duenez, itxialdi betean sortu zitzaien Geruzak izeneko proiektuaren hazia. Ikus-entzunezko dokumentalen bidez, pentsamendu kritikoa sustatzea du helburu, eta gazteak elkarrekin hizketan jarri dituzte horretarako. Jakin ez ezik, Elkar ere badago proiektuaren atzean, eta, Agirrek aitortu duenez, transmisioaren kezka dago muinean. Hain zuzen, belaunaldi gazteagoei leku bat eskaintzeko modu bat izan baita proiektua. «Dokumentaletik dokumentalera gero eta gehiago landu dugu proiektua haiekin batera».

Besteak beste, desirari, askatasunari eta soziolinguistikari buruzkoak dira dokumentalak. Gero, debate horiek ikastetxeetara zabaltzeko programa bat ere sortu dute bideoekin batera, eta landutako gai bakoitzeko, hainbat kultur proposameni buruzko informazioa ere eskaintzen diete ikasleei webgune batean.

Agirrek krisian ikusten ditu kulturaren sozializaziorako bide tradizionalak. «Hezkuntza oso gune inportantea da, baina, gauza puntualak kenduta, ez dakit euskal kultura zabaltzeko sistematikoki lan egiten ote duen». Transformatzen ikusten du hedabide tradizionalek, familiek eta kultur kontsumorako bestelako bideek izan duten rola ere. «Ingurune gertua oso inportantea da orain ere, baina sare sozialak dira kultura zein informazioa jasotzeko bideak, eta bizitza bertan egiteko lekua». Mundu guztiarentzat da hala, Agirrek dioenez, eta baita gazteentzat ere. Eta, nolabait ere, errealitate horri bizkar ez emateko modua da Geruzak.

Iruditeria hedatu beharra

«Iruditzen zait arte plastikoen transmisioa ez dela egin». Elena Olabe idazleak hutsune horretan jarri du begia. Ahizpari Gutuna. Mari Paz Jimenez eta Pintura album ilustratua aurkezten izan da egunotan Durangon. Irrimarra ilustratzaile bikotearekin elkarlanean eman du argitara, eta Pamiela etxeak argitaratu du emakumezko artisten lana sozializatzeko zabaldutako Bagara sailaren barruan.

Olabek dioenez, zaila da Euskal Herriko artisten lana publiko espezializatuaz haragoko publiko zabalenarengana helaraztea, eta horregatik egin dute saiakera erakusketenaz bestelako bide batzuk ere esploratzeko. «Sail honetako lanek agerian uzten dute emakumezko artisten lanaren transmisioan hutsune bat egon dela, eta horri aurre egiteko ariketa bat dira». Eta, Olabek dioenez, umeentzat bideratu da proiektua, txikitatik hasten direlako arteari buruzko jakintza bisual bat jasotzen eta iruditegi bat osatzen.

Gakoa da hori. «Gaur egun, euskal emakumezko artistek nahiko ezezagunak izaten segitzen dute, euskal artearekin lotutako iruditeria artista, diziplina eta teknika zehatz batzuekin lotzen delako. Euskal artearen iruditeria hori hedatzea ere bada proiektu honen helburua».

Kultur transmisioari eskainitako hiztegiko sarrera ilustratzeko balio dezake Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak eta Soinueneak Durangoko Azokan elkarrekin jarri duen postuak.

Espazioak eta prestigioa

Trikitiaren historiari buruzko dibulgazio liburuak. Elgeta trikitilariaren bizitzari eskainitako komiki lana. Euskal musika tresna herrikoiei eskainitako ikerketa lanak. Haien guztien atzetik mintzo da Andoitz Antzizar elkarteko idazkaria gaiak pizten dion kezkaz. «Etxetik etorri behar du transmisioak lehenik, eta gizarteak ere egin behar du eskura dituen beste bide guztietatik ere, komunikabideetatik ere bai, tartean, eta hor herren gaudela iruditzen zait. Halakoetan, komatxo artean gaur egungo musika denari ematen zaio presentzia, baina hau ere gaur egungoa da: izan trikitia, panderoa, dultzaina edo alboka».

Kultur adierazpide bakoitzak duen kokapenaz eta haietako bakoitzak duen prestigioaz ere egin du gogoeta Antzizarrek. «Kaleak gureak dira», azaldu du. «Eta ez da harritzekoa, herri musika-tresnak kalerako asmatutakoak baitira. Oholtzan ikustea zailagoa bihurtzen du horrek, eta hor dago prestigioa, baina zergatik ezin zaie toki gehiago egin oholtzan?».

Azken bi urteak «arraroak» izan direla aitortu du Martxel Zubia Saguganbara guneko koordinatzaileak, sarrera murriztuarekin, maskarekin eta jendearen arteko distantziarekin. Durangoko Azokan umeek beren espazioa izan zezaten sortu zen gunea, duela hamabost urte baino gehiago, eta, Zubiaren hitzetan, oraindik ere helburu horri heltzen dio Landako plazako Elkartegi eraikinean. «Aurten askatasun puntua berreskuratuta».

Besteak beste, txikientzat pentsatutako liburuen aurkezpenak egiten dituzte bertan, eta emanaldirik gabeko uneetan bisitariek aukera dute bertan edonoren esku jarritako lanen hautaketari bistazoa emateko. Egunotan maizbete da aretoa, eta pozik dago Zubia horregatik. Euskal kulturara sarbidea egiteko ate bat ere badelako Saguganbara. «Plaza garrantzitsua da Durango, eta, txikitatik etorriz gero, zeuk jarraitzen duzu etortzen nagusitzean ere. Hemen ume zirenean egondakoak dira orain hemen liburuak aurkezten ari direnetako asko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.