Erramun Landa. Artista

«Transgresioa behar bat da»

Isiltasunaren mugan aritu da lanean Erramun Landa artista, eta, dioenez, arriskutsua izan da bidea. Ez du bestela aritzerik ulertzen, ordea, eta horregatik mintzo da kritiko euskal kulturgintzari buruz ere: «Pasta-kartoizko postal bat berreraikitzen ari gara».

MONICA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Bortxa egoera bat deskribatzen du kasik Erramun Landak (Ea, Bizkaia, 1958): «Irudiak agintzen du. Artea gizagabea da. Irudiari ez zaio batere axola artistak sufritzen duen, izerditzen den edo estudioko berogailua ordaintzeko dirurik ez izatea. Izate bat da». Eta elikatu egin behar. Hala bizi du sorkuntza Landak, eta muturrera heldu da orain. Isiltasunaren mugan ibili da Haratago erakusketa osatzen. Ñabardurei adi. Beltz tonalitate ezberdineko irudi geometrikoz eraikitako grabatuak bildu ditu Bilboko Lumbreras galerian, eta maiatzaren 10era arte egongo dira bertan. Ahulak dira lanak; onartzen du. «Argia pixka bat aldatu, eta desagertu egiten dira!». Eta propiotzat aldarrikatzen du ahultasun hori, konpromiso baten ikur ere badelako. Artearekiko konpromisoaren ikur. Baina, hain justu, hori da euskal kulturan faltan duena: «Itxuran zentratuegi gabiltza».

Nola heldu zara koloreak bazter utzi eta beltzaren ñabarduretan zentratutako pieza hauek sortzera?

Irudi hauek kanpoan utzi dute behar ez duten guztia. Kolorea, adibidez. Kanporaketa bortitza izan da. Oso harroak dira irudiak. Zenbat eta gauza gutxiago izan, orduan eta gehiago esaten du. Ez. Ez du gehiago esaten. Esaten duena, orduan bakarrik esaten du, eta orduan bakarrik daukazu aukera hitz hori ezagutzeko.

Ñabardura horietara heltzeko erronka ez da txikia.

Biluztasun horretara heltzeko hartu beharreko arrisku psikologikoa handia da. Artista eguerdian dago paradisuan; ordu batean, agian, gorago. Baina arratsaldean infernuan dago berriro; erreta. Artista punturik gorenean dago, eta beherenean, eta bizipen hori oso tarte laburrean izaten da. Baina horrek lehen entzuten ez zenituen gauzak entzutera eramaten zaitu.

Diozunez, ilargiaren argipean sortutako lanak dira. Zergatik?

Mundu primitiboa da ilargiaren azpiko hori. Sasoi batean, jendea ez zen leku batean bizi, baizik eta behin-behinekotasun batean. Ilargia zen errealitate bat gauero aldatzen zena. Eta harekin dialektika bat izaten zuten. Gero, gaua estali egin dute. Beltzez pintatu dute. Baina ez da beltza. Eta ezta egunaren alternatiba ere. Gaua beste erregistro bat da. Eta hor daude oinarrituta lan hauek.

Hau da, beraz, ilargiarekiko zure elkarrizketa?

Bai! Berriro heldu behar diogu gaueko erreferentzia horri. Azken batean, jarrera bat erabat konprometitua da. Eta konpromiso hori dator naturarekin egindako harremanetik. Ean bizi nintzenean itsasoarekin eta halako elementu esentzialekin izandako harremanetik. Badauka zentzu erlijioso bat lanak... Ni sinestuna naiz, marrazkiei dagokienez. Nik marrazten baditut hildakoak, egiazkoak dira hildako horiek. Ikusten duzunez, marrazkilari sinistun primitibo baten erregistroan nabil.

Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre, Bernardo Atxaga... Idazle askorekin aritu zara eskuz esku lanean. Oso ezberdina da norbaitekin batera lan egitea eta bakarrik aritzera?

Aipatu ditudan hausnarketetara heltzeko, oso bakarrik egon beharra dago. Ez da zorionekoa bakardadea, baina bai lagungarria.

Estudioa oso garrantzitsua da zure sorkuntzan. Zergatik?

Eremu liberatua da. Han deslotu egiten zara. Han agertzen da obra hau, eta han sartzen zara haren itsasoan. Cortes kalean daukat estudioa, Bilbon, eta handik kanpo dena da gogorra. Kanpoan zaudela, ezin duzu gogortasuna pentsatu. Gogortasuna bizi egiten duzu han; barruan daukazu gogortasuna pentsatzeko aukera.

Kaletik estudiorako bidea liberatzailetzat aurkeztu duzu. Nolakoa da estudiotik kalerakoa?

Estudioan ez dago kanpokoarekiko konexiorik. Ate bat dago. Listo. Eta atea beldurgarria da. Inoiz norbaitek atea jotzen duenean, beldurra sortzen dit. Nire bizipenengatik, noski [2010ean, ETArekin kolaboratzea egotzita poliziek atxilo hartu eta inkomunikatuta eduki zuten. Baina frogarik aurkitu ez, eta libre utzi zuten]. Baina kanpoan gogoratzen dut beste aukera bat badagoela. Eta aukera hori dagoela estudioan. Estudioak laguntzen dit gauzak erlatibizatzen. Eta nik ez ditut hartzen gauzak modu erlatiboan. Baina nahiago dut ahula izaten segitu eta zaplaztekoak hartzen jarraitu, aldatu baino. Barrukotasun horri eutsi nahi diot. Gogoratzen dut neure burua Eako hondartzan umetan, itsasoari harriak botatzen. Bakardadean. Fisikoki gogoratzen dut une hori estudioan nagoenean.

Euskal Herriko giro kulturala oso estua iruditzen zitzaizula esan zenuen 2007an. Ahal izanez gero, alde egingo zenukeela. Orain ere hala bizi duzu kulturgintza?

Nahi nuke deslotu. Euskal kulturaz egiten dudan interpretazioa oso-oso kritikoa da. Izugarri falta da egiteko, baina ibili nahi dugu antzezpen batean. Gaur egun, euskal kulturaren adierazpideek nik uste dut lotu egiten dutela. Eta ni desloturaren aldekoa naiz. Itxuran oinarrituta gaude. Errepikatu egiten ditugu gauzak, eta horrela pentsatzen dugu berreskuratuko dugula zerbait. Momentu honetan errepikapenean gaude, eta ez dugu ezer deskubritzen. Gure errealitatea besteen begietatik eraikitzen ari gara. Pasta-kartoizko postal bat berreraikitzen ari gara. Ez daukat ezer kultura lantzen dutenen kontra, baina bai, oro har, lortzen ari garen jantziaren aurka.

Eta zer egotea nahi zenuke?

Hau ez. Hau ez. Egon zen abangoardia giro bat Oteiza, Zumeta eta besteak elkarrekin egon zirenean. Gu begibakar garenez, agian, errepikatuko dugu abangoardia horren itxura, baina ez da hori! Guztiz kontrakoa litzateke. Zuloak dira klabea, eta zulo horietan sartu behar dugu. Oteiza da horietariko bat. Agian, besteren bat topatu behar dugu. Atxagak ere asko edaten du hortik. Gertatzen da Atxagak hortik edaten duela, baina gero plexiglasezko gabardina bat jartzen duela, eta guk gabardina baino ez dugula ikusten. Klabea litzateke antzerkia publikorik gabe egitea. Kantatzea publikorik gabe. Eta ez publikoaren mesederako. Zama bat da publikoa, zeren publikoaren exijentzia asmatu egin dugu, eta itxura bat da publikoak eskatzen duena.

Zer behar duzu zuk?

Arrisku eta konpromiso erabatekoa. Apolitikoa den andre ezagun bati entzun nion hau: «Ez dira garai onak transgresiorako». Urrezkoa da esaldia. Behar bat da Transgresioa! Baina ez itxurako Transgresioa, guk Transgresioa dugu hemen zulo horietan ezkutatuta. Poetikoa dirudi azalpenak, eta zehatz ditzakegu gauzak gehiago, baina ez dut nahi kudeatzaile politiko bihurtu.

Erakusketari buruzko bideoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu gure webgunea:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.