Transexual baten heriotza landuko du Minerrek, Tene Mujika bekarekin

Gertaera hari «berriz ere» karga politikoa eman nahi dio. Zazpi bat lagun elkarrizketatuko ditu

Miren Garate.
Donostia
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Hamar urte bete dira Amaia-Aimar Elosegi Hernaniko gazte transexualak bere buruaz beste egin zuenetik. Gertaera hura gertutik bizitzea egokitu zitzaion Kattalin Minerri (Hernani, 1988), eta gaur egun badu irudipen bat: «gertaera hura ez ote den minaren plano intimora pasatu, ez ote zaion karga politiko eta soziala kendu». Bere garaian dezenteko oihartzuna izan arren, azaldu du belaunaldi gazteagoetako jende askok ez duela kasua ezagutzen. Berriz ere izaera kolektiboa eta politikoa emateko asmoz, Minerrek liburu batean bilduko ditu gaztearen istorioa eta haren heriotzaren ondorioak. Proiektu horrekin, Euskal Herriko historia hurbilaz ez-fikziozko lanak idazteko Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortutako Tene Mujika beka irabazi du.

Memoriaz, suizidioaz eta transexualitateaz gogoeta egitea da Minerren asmoa: «Askotan, iruditzen zait memoria hartzen dugula ahaztuta dagoen zerbait berreskuratzeko ariketa moduan, eta uste dut badaukagula orain eta hemen memoria ariketa bat egiteko aukera, ez dadin ahaztu eta ez dadin errekuperatu beharrik izan». Hainbat galdera ageri dira kazetariak aurkeztutako proiektuan: nor zen Amaia-Aimar? Zer utzi nahi izan zuen ondorengoentzat? Nola oroitzen da, oroitzen bada, gertakari hura? Nola aldatu da, aldatu bada, transexualekiko ikuspegia hamar urte hauetan? Zein leku eman diogu gure memoria intimo eta kolektiboan gertakari hari?

Erantzunen bila, zazpi edo zortzi lagunengana joko du, eta haiei egindako elkarrizketekin osatuko du liburua. Elkarrizketa batekin osatuko du kapitulu bakoitza. Minerren helburua ez da hainbeste minaz aritzea edo gertuko jendeak heriotza hura nola bizi izan zuen kontatzea, «aspektu sozialagoa» eman nahi dio lanari. Hala, elkarrizketak ere era askotako jendeari egingo dizkio. «Nire ahotsaren funtzioa izango da testuinguru bat ematea, baina gaia perspektiba ezberdinetatik lantzea da interesatzen zaidana, ez hainbeste niretik kontatzea». Besteak beste, Elosegiren gertuko jendearen, gaia politikoki landu duen jendearen eta euskal kulturan erreferentziazkoak diren zenbait pertsonaren lekukotzak biltzea da asmoa.

Urtebeteko epea

Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatu dute epaimahaia. Kazetariak aitortu du «ilusio handia» egin diola sariak. «Lantzen ari nintzen zerbait zen, aspalditik buruan nenbilkiona eta maitasun bereziz egingo dudana». Urtebete izango du lana burutzeko. Kazetaritzan lizentziaduna da Miner, eta masterrak ditu literatura konparatuan eta berdintasun alorrean. Mugimendu feministako militantea da, eta eleberri bat kaleratu zuen iaz, Igartza saria irabazita: Nola heldu naiz ni honaino.

Beste beka bat ere badu esku artean gaur egun: BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak, Jakinek eta Martin Ugalde kultur parkeak ematen duten Martin Ugalde beka. Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero gaietan zer eragin izan duten ikertzen ari da Danele Sarriugarte Mochales etaMaddi Altuna Galfarsororekin batera. Genero ikuspegiak egunkariotan izandako ibilbidea aztertuko dute kazetaritza ikuspegitik eta genero gaien trataeragatik. Era berean, mugimendu feministak eta beste hartzaile batzuek bilakaera hori nola ikusi duten aztertuko dute. Dokumental bat egingo dute ondorioekin.

Iaz, Jon Alonsok (Iruñea, 1958) eskuratu zuen Tene Mujika beka, Joxe Migel Etxeberria Naparra-ri buruzko liburua egiteko proiektuarekin, eta udaberri aldera argitaratuko da. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izan zen Naparra, eta errefuxiatuta bizi zen 1980ko ekainaren 11n desagertu egin zenean. Egun batzuen ostean, Batallon Vasco Españolek hartu zuen bere gain haren hilketa, baina gorpurik ez da agertu oraindik.

Urtero egiten dute beka horren deialdia Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, eta sari hori jasotakoak dira, besteak beste, Ramon Olasagastiren Mendi Minez, Alberto Barandiaranen Postkronikak, Imanol Muruaren Loiolako Hegiak, Josu Martinezen Tunelak, Izarak, Mozorroak eta Bafleak eta Ainara Gorostizuren Aldamenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.