Izenik ez duen haur baten helduarora arteko formakuntza kontatzen du Alana S. Porterok (Madril, 1978) La mala costumbre nobelan (Ohitura txarra). Bildungsroman batean bezala, haur trans baten begiradaren galbahetik, Madrilgo San Blas auzo langilea ezagutuko du irakurleak. Literaturaren iragazkiaren bidez, idazleak bere bizitza fikzionatu du: istorioen bidez da bere bizitza eramangarri, kontakizunen bidez eraiki dezake bere etorkizuna, eta, azkenean, idazle ofizioak errelato bilakatu du haren bizitza. Porteroren iritziz, hots txikitasunetik unibertsalera iritsi daiteke, auzo xume baten bitartez. La mala costumbre-k (Seix Barral, 2023) hainbat herrialdetan izan du sona handia, eta hamazazpi hizkuntzatara itzuli da. Seix Barralek hamazortzi edizio argitaratu ditu orain arte. Arrakasta biribila izan du liburuak, eta, horren ondorioz, aurreneko nobelak bizitza aldatu dio idazleari.
Bi epigrafe daude liburu hasieran: bata Sophie Xeon musikariarena (Glasgow, Eskozia, 1986-2021), bestea Roberta Marrero artista eta poetarena (Las Palmas, Espainia, 1972-2024). Izan ere, emakume transek harturiko arriskuek blaitzen dute kontakizuna hasiera-hasieratik. Aingeru eroria deritzon lehendabiziko atal laburrak auzoko heroinomanoen belaunaldi galduaz dihardu. Badu zerikusirik Tony Kushnerren Angels in America antzezlanarekin. Belaunaldi jakin batek pairatutako mina amen doluaren bidez antzezten du Porterok. San Blaseko langile klaseko amen gehiegizko dolua antzezten da. Ez dute irudikatzen Pieta errespetagarririk: minak erdibituta kontrola erabat galdu duten amak dira. Liburuan zehar, Porterok iruditegi erlijiosoa erabili eta, aldi berean, eraldatu egiten du: aingeruak, san sebastianak eta mater dolorosa-k. Hasierako lau orri indartsu horiek irakurri ostean ez dago beste aukerarik: liburua bukatu behar da. Demagun Depeche Moderen erritmoari jarraituz, urgentziazko irakurraldia bideratzen du hasiera boteretsuak.
Kontakizunak dio haur transak bakardadean ematen duela haurtzaroa. Bakardadeak barne bizitza aberatsa sustatzen duenez, bizitza bi planotan banatzen du: gizartearen errealitate gordina eta irudimenak eraikitako errealitatea. Testuinguru homofobo orotan, irudimena tresna politikoa da. Emakume izatea ezinezkoa denean, emakumearen eraikuntza irudikatzea da bide bakarra. Bidean, La mala costumbre nobelaren protagonistak balizko emakume bat irudikatuko du aukeratutako familiaren sarean. Eredugarri izango zaio Margarita trans zaharra. Arrisku handiak hartu zituen belaunaldikoa da Margarita. Beren gorputza jarri zuten emakume transek, gizarteak baztertuta prostituzioan aritzera behartuak.
Testuinguru homofobo orotan, irudimena tresna politikoa da. Emakume izatea ezinezkoa denean, emakumearen eraikuntza irudikatzea da bide bakarra
Azken atalean, protagonistak zaindu egingo du Margarita, eta hura hiltzen denean protagonista berpiztuko da, liburuan aipaturiko emakume guztiak bihurturik, errealak eta fikziozkoak. Azken finean, emakume transek pairatzen duten indarkeria emakume guztiek pairatzen dute. Nobelak dituen irudirik ederrenetarikoak Margaritari buruzkoak dira. Haren gorpua Andre Mariaren agerkunde harrigarri gisa deskribatzen da. Errauts horietatik berpiztuko da nobelaren protagonista.
Alana S. Portero berandu atera zen armairutik, eta berandu argitaratu du bere lehen nobela. Hala ere, zer da berandu argitaratzea? Estilo eta begirada aldetik halako artefaktu sakona idazteko, literatura erraietan eraman beharra dago, eta baita bizitzaren eskarmentua ere.
Trans begiradak literaturaren eremua aberasten du
Amerikako Estatu Batuetako lehendakaritza hartu ondoren, Donald Trumpek dekretuz gizonak benetako gizon eta emakumeak benetako emakume direla ezarri ondoren, argi dago transfeminismoaren beharra. Donald Trump erasotzaile eta bortxatzaile ezaguna da. Heteropatriarkatuak ez die mesederik egiten transei, ezta emakumeei ere. Porteroren nobela bide ederra da transfeminismoaren garrantzia ondo ulertzeko.
2025eko urtarrilaren 15 eta 17 bitartean, Euskal Herriko Unibertsitateko Ideolit ikerketa taldeak Trantsizioak literaturan/Literaturak trantsizioan jardunaldiak antolatu zituen Gasteizen. Bertan, Maite Goñik Alana S. Porteroren La mala costumbre Federico Garcia Lorcaren Vienar bals txikia poemarekin alderatu zuen. Lorcarenean heteroarauak bizia hilik dakar, eta Portenorenean, berriz, armairuan izan beharrak eten narratiboa eta erabateko isiltasuna dakartza. Saio berean, Oier Quincocesek Paul B. Preciadoren pentsamendu mugalaria aztertu zuen, zeinak disforiaren bidez hegemonia politikoa subertitu dezakeen. Bi hitzaldi bikain horietan trans subgeneroa aztertu zuten. Quincocesek aipatu zuenez, trans subgeneroa argitaletxe txikien bidez zabaldu da, esate baterako Amor de Madre eta Dos Bigotes-en bitartez. Gurean Katakrak aipa daiteke. Porterok argitaletxe handi batekin argitaratu bazuen ere, ohiko zirkulazioa alternatiboa eta txikia da.
Katakrakek argitaratu berri du Mckenzie Wark unibertsitate irakasle eta pentsalari ospetsuaren Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza: memoria bat liburua, Danele Sarriugarte idazleak itzulia. Trans bizitzen azpigeneroa aberasten eta zabaltzen ari da, forma anitzetan: saiakera teoriko, poesia, fikzio, autobiografia edota autofikzio moldean. Lehen transak kontatuak izan ziren estereotipo gisa, eta orain haiek berek kontatzen dituzte beren bizitzak protagonista gisa.