Sonya Cohen Cramer
'You’ve Been a Friend to Me'
Diskoetxea: Smithsonian Folkways.
Gehienetan, folk disko bati ez zaio askorik eskatu behar: ahots esanguratsu bat, kantu eraginkor batzuk, moldaketa ez oso nabarmenak eta melodia ederrak. Horixe da kanonak dioena, eta ados egon behar Smithsonyan Folkways diskoetxeak kaleratu berri duen Sonya Cohen Cramerren lan hau entzundakoan. Folk garaikidearen lezio moduko bat da 2015ean zendutako kantari, diseinatzaile grafiko eta zuzendari artistikoaren bilduma hau, non maisuen moduan uztartzen dituen erroak eta paisaia musikal akustiko irekiak.
Emari diskografikoari dagokionez haren ibilbidea oso joria ez izan arren —30 urtetan sei disko baino ez zituen kaleratu—, haietan oso nabarmen utzi zuen 1960ko hamarkadako folk revivaletik jasotako irakaspenak interpretatzeko xalotasuna eta kalitatea. Alde horretatik, disko hau bada Sonya Cohen Cramerren ekarpenari egiten zaion aitortza, berantiarra, eta alde horretatik hutsune bat betetzera dator, haren itzala handituz, bere ibilbideko kanturik esanguratsuenetako batzuk bilduta.
Hortxe daude Seegertarrak (Peter osaba eta Peggy izeba buruan): Oh Blue, Squirrel Is a Pretty Thing edo When I Was Most Beautiful kantuetan. Hortxe daude Elizabeth Mitchell eta Daniel Littleton: You’ve Been a Friend to Me, Black Jack Davey (Sandy Dennyk ospetsu egindako Gypsy Davey kantuaren bertsio amerikarrean) eta, batez ere, Townes Vand Zandten No Place To Fall-en berrirakurketan, bere sinpletasunean zirraragarrian, edota Steeleye Span eta Planxty bezalako aitzindariek grabatutako The Blacksmith fidelean. Noski, ezin falta bluesaren eta countryaren oihartzunak: Missisipi John Hurten Louis Collins / Spike Driver Blues eta The Delmore Brothersen Singing My Troubles Away horren lekuko.
Egia da, eta horixe da aipagarriena, lan honek agerian uzten duela herri-musikaren ezagutza handia zuen musikari bat, baina, era berean, hura biziberritzeko garaian aire berriei adi zegoena, errespetua eta ausardia modu bikainean uztartuz; handinahikeriarik eta itxurakeriarik gabe. Horregatik, agian, lehen entzunalditik harrapatzen zaituen disko horietako bat da: freskoa, nahiz eta kantu gehienek 20 urtetik gora eduki, aberatsa bere sinpletasunean (gitarra eta ahotsa dira protagonista nagusiak, ezin beste modu batera izan), erakargarria bere biluztasunean.
Diotenez, jaio eta egun batzuetara, 1965eko Newporteko folk jaialdi entzutetsura eraman zuten gurasoek. Bertan, Pete Seegerrek emanaldia eskaini zion iloba jaioberriari, eta bertan (historia liburuek jaso dute), geroxeago, Bob Dylanek bazterrak harrotu zituen gitarra elektriko batekin agertokian azalduta.