Tragediaren alderik samurrena

Neska gazte baten begietatik, Mexikon emakumeen kontra erabiltzen den indarkeriaren berri emango du 'Ladydi' antzezlanak.Gaur taularatuko du Ados Teatroa taldeak, Atarrabian

Ezkerretik eskuinera, Dorleta Urretabizkaia, Klara Badiola, Aitziber Garmendia, Amaia Irazabal eta Iñake Irastortza, antzezlaneko bost aktoreak. ADOS TEATROA.
Ander Perez Argote
2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
«Gogorra». Behin eta berriro darabil hitz hori ahotan Aitziber Garmendia aktoreak, Ladydi antzezlanaz mintzatzerakoan. Bera sartu da obrari izena ematen dion neskatilaren —Ladydi Garciaren—azalean, eta «gogorra» egin zaio egokitzapena. Gogorra, latza delako kontatzen den istorioa. Eta latza, benetakoa delako kontakizun hori: «Errealitateak ematen dio gogortasuna lanari».

Ladydi Garcia, izan ere, Mexikoko Guerrero estatuan bizi den edozein neskatila izan zitekeen bizitza errealean ere. Hala da Jennifer Clement nazioarteko PEN Klubeko presidentearen Prayers For Stolen eleberrian, eta hala da Ados Teatroa konpainiak oholtzan antzezteko egindako moldaketan ere. Gaur aurkeztuko dute, Atarrabiako kultur etxean, iluntzeko 19:30ean. Bihar eta etzi, bestalde, Donostiako Antzoki Zaharrean izango da: 20:00etan bihar, eta 19:30ean igandean.

Mexikoko Guerreroko herrixka batean bizi da Ladydi neskatila, amarekin , «senarrik, aitarik eta ia nebarik gabeko lurralde batean». Gizonez hustu da ingurua: atzerrira jo dute askok, AEBetara gehienek, Bravo ibaiaren beste aldera, lan bila. Hilak dira beste hainbat, herrialdeko indarkeria zurrunbiloa dela medio. Eta hiltzaile dira hilak ez direnak, droga trafikoaren karteletan sartuak. «Marihuanaz, narkotrafikatzailez eta amapolaz beteriko lurralde bat, non jada ez dion inork Jainkoari errezatzen, berataz ere ez direlako fio», obraren aurkezpen txostenak dioenez.Testuinguru horretan, droga trafikatzaileei eta mafiei egin behar izaten diete aurre Ladydiren gisako neskatilek: bahitu egiten dituzte sarri emakume gazteak, eta hil beste hainbatetan. Egoerari aurre egiteko, ezkutura jotzen dute.

Garbi Losadak zuzendu du antzezlana, eta berak egokitu du eleberria taula gaineko formatura ere, Jose Antonio Vitoriarekin batera. Izan ere, Garmendiak dioenez, Clementen liburua ikusita, izenburuak eta azalak erakarrita sentitu zen Losada, «eta, irakurritakoan, garbi ikusi zuen antzezlana muntatu nahi zuela: emakume bahituen istorioa kontatzeko beharra sentitu zuen».

Horretarako, bost aktore izan ditu zuzendariak bere aginduetara: aipatutako Garmendiarekin batera, Iñake Irastortza, Klara Badiola, Dorleta Urretabizkaia eta Ainhoa Irazabal izango dira taula gainean. Bigarren mailan geratuko dira gizonen ahotsak, finean, «emakumeen istorio bat» baita, Garmendiaren hitzetan. Taulatik kanpora ere ezagutzen dute giro hori, emakumeak baitira, aktoreez gain, zuzendari eta zuzendari laguntzailea ere, Miren Gojenola. Alde horretatik, «beste adin eta erregistro batzuetako emakumeekin lan egitea oso polita» izan dela dio Garmendiak.

Fokua, xalotasunean jarria

Clementen eleberriaren egokitzapen «oso fidela» egin dute Losadak eta Vitoriak, aktoreak dioenez: «Eleberria irakurritakoan, antzerkira eramateko zaila iruditu zitzaidan, baina oso egokitzapen egokia egin dute, flashback-ekin ondo jolastuz». Eszenografia ere tentuz landu dute, egoera eta lokalizazio ezberdinak islatzeko: «Itxura batean soila da, baina oso ondo azaltzen ditu espazio ezberdinak. Motorizatutako panel batzuekin jolastu dira, eta baita ilustrazioekin ere, publikoa alde batetik bestera eramateko». Argiztapenak eta musikak ere pisu handia izango dute obran, kontatzen den istorioaren pareko giro ilun eta tentsiozkoa sortzeko.

Askotarikoak izan daitezke istorioak kontatzeko modu eta ikuspegiak. Clementek Ladydi neskatilarengan jarri zuen fokua bere eleberrian, istorioa ume batek berezko duen xalotasunaz kontatzeko. Baliabide horri eutsi egin diote antzezlanean Ados Teatrokoek ere. Eta hor datza, Garmendiaren esanetan, proposamenaren «puntu nabarmenena». Izan ere, dioenez, «oso istorio gogorra kontatzen du obrak, baina puntu oso samur edo, are, umore puntuak erabiliz. Neskatila gazte batena da perspektiba, ia nerabe batena, eta haren xalotasunetik abiatzen da» kontakizuna. Horrek erakartzen du, hain justu, Garmendia, alegia, «istorio hain gordina nola konta daitekeen hain modu samurrean».

Ladydiren ahotsak, beraz, berebiziko pisua du antzezlanean. Bere barne ahotsak egituratuko du narrazioa, baina ez da bakarrizketarik izango; gainerako pertsonaien ahotsekin uztartuz doa protagonistaren diskurtsoa. Garmendiari egokitu zaio rol nagusia antzeztea, baina nabarmendu du gainerako aktoreek ere badutela «protagonismo handia, bakoitzak bere istorioa kontatzen baitu. Ez nuke jakingo pisua nola partitu». Edonola, bere pertsonaiari dagokionez, Ladydiren azalean sartzeko prozesua «emozionalki gogorra» izan dela dio Garmendiak, eta egoeraren errealismoa jo du horren arrazoitzat: «Fikzio hutsa balitz, ez litzateke hain gogorra, egingo nuke antzezle lan edo lan fisiko hutsa, eta listo. Baina jakinda egoera benetakoa dela, gogorra egin zait. Badakit aktorea naizela, zorionez ez zaidala halako errealitaterik egokitu, baina azal horretan sartzea gogorra izan da».

Ados Teatroa taldearentzako garai berezian dator antzezlanaren estreinaldia: egunotan epaitzen ari dira Koldo Losada konpainiako arimetako bat zenaren ustezko hiltzailea. Epaiketa saioak eta entseguak uztartzen dabil, bitartean, Garbi Losada haren arreba. Horregatik, zuzendariarena «apustu ausarta» izan dela uste du Garmendiak.Queen taldearen Show Must Go On esaldia dute egunotan ahoan Ados Teatroko kideek. «Ikuskizunak aurrera jarraitu behar du», alegia. Eta zeharka bada ere, Koldo Losada omentzeko baliatuko duteikuskizun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.