Bost mugimenduko suite gisa irudikatu zuen, baina bi besterik ezin izan zituen idatzi Irene Nemirovskik (Kiev, Ukraina, 1903-Auschwitz, Polonia, 1942). Alemania naziak Frantzia okupatu eta horrek sasian ibiltzera eraman izanak ez zuen haren lana eten; bai, ordea, atxilotua izan ondoren Auschwitzeko kontzentrazio esparruan bizi eta hiltzera kondenatu izanak. Suite frantsesa amaitu gabeko lana da, baina horrek berak adierazten du liburuaren izaera. Nemirovskiren alabek gorde egin zuten urteetan eskuizkribua, orri haietan amaren egunerokoa zegoelakoan, eta, azkenik, 2004an ikusi zuen argia jatorrizko hizkuntzan, frantsesez. Orain, Alberdania argitaletxeak kaleratu du euskaraz, Mikel Garmendiak eta Joxe Antonio Sarasolak itzulia.
Beste hainbat libururen egile izan arren —euskarara ekarriak daude Dantzaldia (Txapalaparta, 2006), Eider Rodriguezek itzulia; eta Arimen maisua (Alberdania, 2009) Garmendiak euskaratua—, Suite frantsesa jo izan dute idazle ukrainarraren liburu garrantzitsuentzat. Anjel Lertxundik Dantzaldia-ren gaztelaniazko itzulpenarekin ezagutu zuen Nemirovski duela hogei urte, eta, orduan, «liluratuta» gelditu zen eleberri labur harekin. Garai hartan gutxi aipatzen zen Nemirovskiren izena literatur eremuetan, baina Suite frantsesa-ren argitalpenari esker, haren prestigioa asko handitu da: «Lehen kanonetan ez zen aipatzen Nemirovskiren libururik, baina honi esker, kanonera pasatu da, eta hasi da berreskuratzen haren lana». Izan ere, Lertxundiren iritziz, «XX. mendeko idazle handienetakoa da, eta, zehazki, holokaustoaren literaturari dagokionez».
Suite frantsesa historiako une oso jakin batean dago idatzita:naziek Frantzia mendean hartu zutenean. Nemirovski judua zen, familia aberatsekoa —udan Hendaiara etorri izan zen, eta euskara ere ikasi zuen neskame bati esker—, eta Suite frantsesa liburuan nazien agerpenak bere inguruko gizartean eragin zuena jaso zuen. Hain zuzen ere, Honore de Balzacen Giza komedia-rekin alderatu du liburuaren parte handi bat Lertxundik: «Nazien etorrerarekin beldur denean, Frantziako gizartea errepideetara ateratzen da noraezean, eta Nemirovskiren begiradapean jartzen da». Gizarte klase ezberdinen arteko kontrasteetan arakatzen du idazleak, eta hamaika pertsonaiaren istorioak kontatzen ditu, «sentimentalismorik gabe eta ironiarekin».
Holokaustoa batik bat gizonezko idazleek kontatu izan dute. Eta gehienbat a posteriori, bizirik irten zirenek: Primo Levi, Imre Kertesz... «Nemirovskik eta Anne Frankek, ordea, in situ idatzi zuten. Biek emakumearen perspektibatik, eta biak hil ziren; bata Auschwitzen, bestea Bergen-Belsenen. Kontzentrazio esparruetan.
Suite frantsesa-k bi atal ditu: Ekaitza ekainean eta Dolce. Garmendiak euskaratu du bata, eta Sarasolak bestea. Inazio Mujika Iraola Alberdaniako arduradunak doitu du testua, estilo aldetik alderik egon ez dadin bien artean: «Gozamena da irakurketa, jario narratibo handiko testua baita. Ederra eta gogorra».
Garmendiak ere goraipatu du jatorrizko testuaren aberastasuna: «Itzulpena oso exigentea izan da, ia paragrafo bakoitza istorio bat baita bere horretan. Alderdi psikologikoa ere garrantzitsua da, eta, alde horretatik, sakontasun handiko liburua da».
Alberdaniak aurki kaleratuko du Nemirovskiren beste liburu bat: Birjinak ipuin bilduma.
Tragedian idatzitakoak
Irene Nemirovskiren 'Suite frantsesa' euskaraz argitaratu dute, nazien okupazio garaiari buruzko lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu