Behetik dator. «Musika tradizionaletik edan dut, hortik nator ni». Josetxo Goia-Aribe saxofoi jotzaile iruindarrak bere jatorria azaldu du; izan ere, zortzigarren diskoak musika tradizionala du abiapuntu. Hispania fantastic da CD eta DVD formatuan kaleratu duen azken lanaren izenburua, eta zuzenekoan grabatua da. Hain zuzen ere Uharte arte garaikideko zentroan egin zuten grabazioa 2013. urte hondarrean.
Jazz musika izan daiteke, edo ez. Horregatik, inprobisazio librea deitutako estetika erabili duela azaldu du musikariak. Europan geroz eta indar handiagoa duen estiloa da. Baina ezin uka liteke, jazz estiloa darabilela. Atonalitatea eta gainontzeko musikariekin duen bat-bateko solasaldia ere badira diskoaren bereizgarri. Berarekin batera aritu dira Baldo Martinez kontrabaxu jotzailea, Antonio Bravo gitarra jotzailea eta Lucia Martinez perkusio jotzailea.
Alan Lomax etnomusikologoaren bidea hartu du musikari iruindarrak. 1950eko hamarkadan Iberiar penintsula zeharkatu zuen grabagailua eskuan. Besteak beste, kantu herrikoi asko bildu zituen. Horietako batzuen aldaerak dira diskoan daudenak. Hala ere, badira herrikoiak ez diren lanak ere. Batzuk goitik behera asmatu ditu, eta besteetan, nabarmena da herri musikaren melodien doinua. La patatera fantastic kantuan Sanferminetan asko aditzen den melodiari buelta eman diote musikariek. Iruñeari are lotuago dago Riau riau fantastic, festako kantu ezagunenetako baten moldaketa.
Fantastic hitza da kantuetan gehien azaltzen den hitza. «Fantasia hitzak esanahi ezberdina du txinatarren dendetan sartu edo bankuan sartu. Artearen alorrean, niretzat, fantasia da modu ezberdinean egitea, artistikoago edo garaikideago», esan du musikariak. Izan ere, tradiziotik edan arren, ez dira lan tradizionalak. «Lekuko bat hartu dut gero hori bera beste gisa batez esateko».
Are, ez da nostalgia ariketa bat, ez da iraganera bidaia bat. «Ez dut lehenagotik jo dutena jotzen. Aitzakia edo arrazoi gisa hartzen dut eta gero buelta ematen diot. Zergatik? Ba, maite dudalako eta geldiezina naizelako. Harearen gainean marrazki bat ikusten badut eskuarea hartu eta moldatu egiten dut, denek txikitan egiten genuen bezala».
Diskoaren azalean ere islatu du tradiziotik garaikidera doan bide hori. Horretarako, bere abizen bera duen margolari baten koadroa hautatu du: Francisco de Goyaren Perro semihundido (Erdi hondoratutako txakurra). «Koadro hau, intelektual askoren esanetan, pintura garaikiderako atea da. Nire ustez, diskoa alor garaikidean kokatu dugu».
Tradizioen gorespena
Ez da musika tradizionala, baina espresio artistiko herrikoiak goratu ditu Goia-Aribek. Miretsita agertu da ahoz aho transmititu diren melodia eta tradizioekin. Izan ere, berak egin bezala, aho eta aho artean beti izaten da moldaketarik, nahita edo nahi gabe eginak. Hori da ahoko transmisioaren xarma.
Zortzi kantu ditu diskoak, baina haien artean bada alderik. Batzuek nabarmen dakarte gogora melodia herrikoiren bat. Beste batzuetan ez dago halakorik. Paloteado fantastic deitutako lanean, adibidez, danbor, makil eta txintxarri hotsek Erriberako makil dantzetan murgiltzera daramate entzulea. Ez dute zertan Nafarroakoak izan, baina aditu litezke Cortesko melodien pasarte batzuk musika tresnen arteko solasean. Gaztelatik hartutako entradilla ere bildu du Entradilla de Agapito kantuan. Agapito Marazuela folkloristaren dultzaina doinuek oihartzuna dute Gaztelan oraindik ere, eta oihartzun hori Iruñeraino ailegatu da oraingoan.
Beste batzuetan, nahiz eta herri melodia zehatz batean oinarritu ez, tradiziotik edaten du musikari nafarrak. Hori da Pasodoble fantastic kantuaren kasua. Asmatutako pasodoblea da. Bestalde, Aste Santuko prozesioen aireari ere bere ukitu propioa eman dio Goia-Aribek gainontzeko musikariekin batera La dolorosa kantuan, saxofoiaren eta danbor errepikaren arteko solasaldi bereziarekin.
Agapito Marazuelaz gainera, Antonio Tarrega eta Agustin Castellon Campos Sabicas ere gogora ekarri ditu Aribe-Goiak disko berrian. Jito-alai, Iruñeko frontoiaren izen bereko kantuak flamenkoaren aireak dakartza, adibidez.
Iruindarrak, baina, hartutako bideari jarraitzeko prestutasuna agertu du. «Hispania fantastic 2 eta 3 izateko bokazioa du diskoak, [Iberiar] penintsulako aberastasuna sekulakoa baita». Hala ere, asmoak baizik ez dira, ez dago data zehatzik. Oraingoz,disko berria han eta hemen eskaintzeko lanetan daude murgildurik.
Tradiziozko musika, nahieran
Josetxo Goia-Aribek bere zortzigarren diskoa kaleratu du inprobisazio librean oinarriturik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu