Baserritar kutsuko herri bateko giroa islatzen saiatu da Alberto Gorritiberea Arriya filmean, «baina ez herri jakin batekoa, baizik eta Herri batekoa, h maiuskulaz». Zuzendariaren bizipen eta oroitzapenek eraikitakoa da «oso ezagun» zaion izenik gabeko herri hori, garai eta toki jakin batean kokatu ezin daitekeena. Errealismoan oinarrituriko abstrakzio bat da filma, «koadro inpresionista bat», zuzendariaren hitzetan. Istorioa mugaldeko herri batean gertatzen da, baina Bizkaikoak dira plazan dantzan ageri diren haurren jantziak, eta pertsonaien euskarari nabari zaio zuzendariaren herriko hizkeraren kutsua.Gaur estreinatuko dute Arriyazinema aretoetan; Gorritiberearen jaioterrian, Zumaian, estreinaldi «berezia» egingo dute.
Filmean, euskara ez ezik, gaztelania eta frantsesa ere erabili ditu. «Aberasgarria» da hori, zuzendariaren ustetan, Euskal Herrian dagoen hizkuntza aniztasuna islatzen duen aldetik. «Babel txiki batean bizi gara, eta hori altxor bat bezala ikusi behar genuke», adierazi du.
Hariari dagokionez, «pertsonaia baten eta haren maitasun zapuztuaren» istorioa kontatzen du filmak, baina, batez ere, «sentipenak» ekartzen ditu gogora. «Unibertso ezagun bat ikus-entzunezko lengoaiara itzultzen saiatu naiz, jendeak hura gozatu eta sufritu dezan. Mundu bati eginiko begirada da».
Haren mundutxoa deskribatzen duen momentutik, ordea, mundu osoaz ari da sortzailea, esaerak dionez. Arriya-n ere, gatazka unibertsal bat da filmaren ardatza: gizabanakoa alde batetik, eta kolektiboa, kultura eta tradizioa bestetik. Iban Garatek antzezten duen pertsonaiak hezurmamitzen du borroka hori: inertziak aurrera egiten uzten ez dion gazte bat da Peru, tradizioaren pisua gainetik kendu ezin duena. Aktore azkoitiarrak adierazi du ez dela izan samurra Peruren rolean sartzea, «akziorik ezak» definitzen duelako. «Ez da erraza aurrera egitea», dio pertsonaiak filmaren zati batean; «azkenean, beti amaitzen duzu besteek zugandik espero dutena egiten». Haren familiak eta istorioaren hari gisa funtzionatzen duen apustuak sinbolizatzen dute Peruk gainean daraman zama.
Apustua, arazo iturri
Mamu bat bezala, bi familiaren arteko apustua beti presente dago pertsonaien bizitzetan, eta Peru eta Mariaren arteko maitasuna ere baldintzatzen du, bateko semea eta besteko alaba baitira. Begoña Maestre aktore bilbotarrak antzeztu du Mariaren rola; pertsonaia «ausarta» da, haren ustez, «inguratzen duen gizartearen mugak hausteko gai» dena.
Istorioak tradizioari kritika egiten dion arren, «maitasunez» eginda dagoela adierazi du Gorritibereak. Abeltzain baten semea da, eta usadioak batzuetan «zentzua» dutela eta «beharrezkoak» direla uste du. Hala ere, beste batzuetan «pozoigarriak» izan daitezkeela uste du, «immobilismora bultzatzen dutenean».
Gorritibereak orain dela hamar urtetik izan du film honen ideia buruan bueltaka. Tartean, publizitaterako lanak egin ditu, eta baita 1908-2088... y sigo eta Flysch, el susurro de las rocas dokumentalak ere, Oteizari buruzkoa lehena eta kutsu zientifikokoa bestea. Eutsi! film luzea ere egin zuen 2007an, baina Arriya sentitzen du bere opera prima moduan, «askatasun osoa» eduki duelako filmatzeko orduan. «Eutsi! enkargu bat zen, azken finean».
Orain arte Arriya-k izan duen harrerarekin gustura dago Gorritiberea. Malagako Zinema Jaialdian lau sari eskuratu zituen: emakumezko aktore onenarena Maestrerentzat, eta besteak musikagatik, irudiagatik eta jantziengatik. Horrez gain, Txekiako Karlovy Vary zinema jaialdian ere izan zen joan den ekainean.
Garate eta Maestre ez ezik, aktore hauek ere aritu dira filmean: Kandido Uranga, Ramon Agirre, Iñake Irastorza, Sara Casasnovas, Zorion Egileor, Egoitz Lasa, Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Klara Badiola, Ainere Tolosa eta Joelle Oneca. Galiziarra da Casasnovas, eta Joneren larruan sartu da. Maria bezala, Peruren maitalea da hura ere, txikitan herritik alde egin ondoren urteak pasatuta itzultzen dena. «Muturreko pertsonaia bat» da Jone, Casasnovasen hitzetan. Euskaraz egiteko orduan, Garateren laguntza eskertu du aktoreak.
Tradizioari kritika, maitasunez
Alberto Gorritibereak zuzendutako bigarren film luzea, 'Arriya', gaur estreinatuko dute zinema aretoetan«Unibertso ezagun baten gaineko koadro inpresionista bat» dela dio zuzendariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu