Idazlea eta ilustratzailea: Begoña Durruti.
Argitaletxea: Erein.
Zortzi urtetik gorako irakurleak ahozabalik edukiko dituen kontaketa baten bila bazabiltza, hementxe duzu aukera on bat.
Narrazio ilustratu indartsu baten bidez, tradiziozko ipuin baten berreskurapena ekarri digu Durruti ezezagunak Ereinen eskutik.
Zuzena eta gordina da album hau: heriotza eta berpizkunde magikoa ardatz dituen kontaketa batean zehar, ama errukigabe batek bere semea nola zatitzen eta egosten duen ikusiko dugu, nola aita arduragabeak jango duen eta nola, azkenik, arreba errukitsuak anaiaren hezurrak bildu eta, ilargiaren argitan jarririk, berpizten lagunduko duen. Ipuin tradizionalen esentzia halakoxea da, haurren beldur eta sentimenak era gordin baina aberasgarri batean erakustea.
Gidoi arinak nagusitu direla dioen irakurle jendeak oraingoan ez du kexurako arrazoirik izango, ez horixe. Ondo arduratu da Durruti horretaz, tradizioaren altxor hau berreskuratzean.
Narrazio honek aldaera eta jatorri anitzetako kontakizunak ditu oinarrian, baita aita Donostiak berak jasotako kantutxoa ere. Ipuinaren haria Satrustegi antropologoaren bildumatik atera du, eta hark Osiris jainko egiptoarraren mitoetan aurkitu zuen oinarria.
Alta, Satrustegiz gain Joxemiel Barandiaranek ere baditu Eibarren eta Oreretan bildutako bi aldaera, nire ustez osoagoak. Azken herri horretako Joxemari Carrere ipuin kontalariak HABE erakundearen artxibategian, Ikasbil deritzon horretan, Beñardo eta Kattalin aldaera kontatzen digu. Entzun nahi duenak Ikasbileko bilatzailean (4. diskoa / 192. pista) idatz dezala.
Albumaren ezaugarrien gainean esan behar da azal gogorreko argitalpen txukuna dela, marrazkiak nagusi dituen bi koloretako orrialdeetan. Gorria eta grisa zuri-beltzarekin konbinaturik, erraietatik ateratzen den irakurketa proposatzen zaigu, hariak eskatzen duen giro hartantxe.
Marrazkiak angeluzuzenak dira, adierazkorrak, eta ilustratzailearen estetika berezia egiten da. Harritu egiten du faktoria hain txukuna eta profesionala aurkitzeak, hasi berri baten eskutik datorrela gogoan harturik.
Konta-moldeari dagokionez, narrazioa oso hitz gutxitan garatzen da, justu hariaren hezurdura proposatzeko adina, gainerakoa irudietan utzi du egileak. Alde horretatik gidoia pixka bat desorekatua dagoela iruditu zait, atarikoetan gehiegi ematen duela (orrialdeen erdiak) eta korapiloaren askatzeari tarte gutxi eman zaiola. Dena den, obra osoa baloratu behar badugu, ez du horrek, nire ustez, lanaren bikaintasuna galarazten.
Gurasoek erakusten duten portaera arantzatsua gerta daiteke hainbatentzat, haur literaturako gai bat ote den kezkatuta. Durrutyren alde esango dugu munduko tradizio guztietan agertzen den motiboa dela hau, aski ezaguna ikertzaileen artean (Aarne-Thomnson katalogoan 720garrena) eta gosearen kulturari hertsiki lotua dagoena, baina ez bakarrik hari, baizik eta gurasoen babes beharrari, afektibitateari eta nagusiki umeek duten ahuldade sentimenduari.
Eta gordintasunari buruz, Carrerek galdetzen duen bezala: nork gaitzetsiko luke Txanogorritxo?
Haur eta gazte literatura. 'MITXITXI MARRIAU'
Tradizioaren gaurkotzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu