Soinuan bata eta txistuan bestea, bi musika tresnetan erreferentziatzat hartuak dira Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal. Nazioartean maiz saritu dute Hermosa, eta mundu osoko orkestrek jo izan dituzte urteotan hark konposatutako lanak; eta Mendizabalek urteak daramatza txistua molde zein joera askotara egokitzen dela frogatzen. Nork bere aldetik osatu dute beren ibilbidea, baina elkarrekin ere aritu izan dira. Orain, urrats bat harago egin, eta elkarrekin ondu dute Sustraien matxinada albuma. Hermosak konposatutako 11 kantu bildu dituzte diskoan, Carles Benavent eta Tino di Geraldo musikari sonatuekin batera grabatu dituzte, eta Elkar diskoetxeak plazaratu du bilduma.
Bi musikariek aspalditik zuten elkarrekin aritzeko desira, Hermosak azaldu duenez. «Agendak bat etorraraztea asko kosta zitzaigun, baina biok genuen batera jotzeko gogo handia. Azkenean, duela lau bat urte-edo, errepertorio bat egitea lortu genuen. Eta biok flipatu genuen». Lantzen ari ziren hori grabatzea proposatu zion Mendizabalek, baina, hamabi diskoren ostean, zalantzak zituen soinulariak. «Beste zerbait grabatzekotan, ilusio handi-handia egiten zidan zerbait izan behar zuen». Eta «amesten hasita», pentsatu zuen gustura egingo lukeela disko hori Carles Benavent baxu jotzailearekin eta Tino di Geraldo bateria jotzailearekin. Eskarmentu handiko musikariak dira biak ala biak, besteak beste, Miles Davis, Chick Corea, Paco de Lucia zein Camaron de la Islarekin aritutakoak.
Eta aukera hori sortu zitzaien. «Santanderren [Espainia] jo zuten batean, elkarren lagun batekin garagardo bat hartzen bukatu genuen, eta bota nien. Eta pandemia garaia zenez eta agenda normalean baino hutsago zutenez... Mirari hutsa izan zen, baina lortu genuen». Aurrez «bihotzak» gidatuta hautatutako kantuak hartu, eta landetxe batean astebete eman zuten lau musikariek, entsegu «intentsibo» batean, Hermosak azaldu duenez. Ondoren, estudiora sartu, eta egun eta erdi baino ez zuten behar izan diskoko 11 kantuak grabatzeko.
Mendizabali egindako lana goraipatu dio soinu jotzaileak. «Nire ustez, bere soinuak eramaten gaitu erraietara, euskal kulturaren funtsera, eta gero, berak, daukan birtuosismoarekin, beste unibertso batzuetara eramaten du txistua, agian euskal musikan bera iritsi den arte posible ez zirenak».
Hermosaren piezetan estilo askoren «fusioa» dagoela azpimarratu du Mendizabalek, eta diskoan ere, «azpi-azpian», horietako bakoitzetik badagoela zerbait iritzi dio. «Horrek zer ekartzen du? Bada, txistuarentzat izugarrizko erronkak», aitortu du. «Erronka horiei aurre egiteak aurrelan bat eskatu digu; nola atondu joerak, tesiturak, artikulazioak... izan zedin zerbait benetan noblea eta duina, txistuaren esentzia galdu gabe. Eta uste dut lortu dugula». Benavent eta Di Geraldorekin aritu izana «esperientzia ahaztezina» izan dela gaineratu du.
Bi musikariak maisutzat jo ditu Andres Kamio Jitu Elkar argitaletxeko musika arduradunak. «Eta hori gutxi balitz, diskoa grabatzeko beste bi munstroren laguntza izan dute». Hala, «maila handiko grabazioa» ondu dutela iritzi dio. «Gure musika tradizionalarekin eta folklorearekin horren lotuta dauden bi instrumentu hauek, bi maisu hauen eskuetan, soinuzko beste unibertso batera eramaten gaituzte». Horregatik, entzuleei ohartarazi die «buruan txikitatik izandako sonoritatea ahaztu, eta beste zerbait entzuteko prest» egoteko. Askotariko doinuak josi, eta folketik, jazzetik, musika garaikidetik zein klasikotik edaten duten kantuak landu baitituzte bi egileek. «Nahasketa bat da, musika klasikoaren parametroetatik abiatuta, euskal folkloreko erritmo eta doinuak jazzaren askatasunarekin batzen dituena».
Zuzenekoei ekiteko prest
Orain, lana zuzenean aurkezteko bideari ekingo diote. Hermosaren jaioterrian, Zumarragan (Gipuzkoa) emango dute lehen kontzertua, hilaren 23an, Antioko baselizan. Ondotik, Gasteizko Aitzina Folk —azaroan— zein Bilboko Loraldia —2024ko martxoan— jaialdietan ere ariko dira, baita Madrilen ere —2024ko otsailean—.
Molde berezia izango du Bilboko saioak, gerora biran errepikatu nahi dutena, Hermosak iragarri duenez: «Euskal literaturan erreferentzia diren hiru emakume gonbidatu ditugu: Nerea Arrien, Leire Bilbao eta Toti Martinez de Lezea. Sustraien matxinada kontzeptuari buruz beren gogoeta literarioak egingo dituzte, eta guk piezak tartekatuko ditugu».
Kontzertuetan Benavente eta Di Geraldorekin ariko ote diren ez dakite ziur, baina ez dute baztertzen.
Tradizioa iraultzeko bi tresna
Gorka Hermosa soinu jotzaileak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak 'Sustraien matxinada' diskoa ondu dute elkarrekin. Carles Benavent eta Tino di Geraldo musikariekin grabatu dituzte laneko 11 kantuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu