Duela urte asko, Donostiako Jazzaldiko emanaldi guztiak Trinitate plazan egiten ziren garaian, Pedro Iturralde saxofoi jotzaile nafarrak Donostiako hiru damatxo herri kantaren bertsio jazzistikoa egin zuen bere emanaldiaren erdian. Bixente Martinez, gaztetxo artean, ikusleen artean zen, eta gogoan du hura ikustean erne zitzaiola gero Igelaren Banda sortzera eraman zuen «txinparta».Honela definitzen du Martinezek Igelaren Bandaren eskaintza: «Guk euskal kantu zaharrak, euskal erritmoak —eta baita kantu modernoak ere batzuetan— gure jotzeko modura egokitzen ditugu, leku handia emanez inprobisazioari, askatasun handiz». Igelaren Banda 1998an sortu zen, eta 2008an eten zuen bere ibilbidea. Baina 2011n jarri zuen berriro abian Martinezek, Hasier Oleaga eta Amaiur Cajaravillerekin batera, eta Preguntatxo bat diskoa (Elkar) kaleratu dute orain hiru musikariek, Igelaren Bandaren historian bigarrena.
Oskorri taldeko gitarrista da Martinez, eta Ruper Ordorika eta Joseba Tapiarekin elkarlanean Hiru Truku taldean ere aritutakoa. Igelaren Banda geldituta egon zen garaian, Martinezek «kantuak eta ideiak lantzen» jarraitu zuen, taldea berriro abian jartzeko une egokiaren zain. 2011n iritsi zen une hori, Zarauzko Kafe Torero egitasmoko arduradunek emanaldi bat egiteko eskatu ziotenean. Emanaldi hartarako, Hasier Oleaga bateria jotzailea eta Amaiur Cajaraville biolontxelista bildu zituen ondora. Bertso Jazz emanaldietatik ezagutzen zuen Oleaga; Cajaraville ez zuen artean ezagutzen, baina haren berri bazuen, Zarautzen bizi baita, Martinez bera bezala.
«Estutu gabe», aurrera
Oso gustura egin zuten Zarauzko emanaldi hura, 2011ko ekainean, eta elkarrekin lanean jarraitzea erabaki zuten, «estutu gabe». Maketa bat grabatu ondoren, diskoa grabatzea erabaki zuten, nahiz eta jakin gaur egun diskoak ez dutela gaur egun lehen adinako harrerarik izaten. «Azken batean, musikariontzat ez dago, oraingoz, gure lana erakusteko diskoabaino modu hoberik». Iazko Eguberrietan egin zuten grabazioa, Victor Sanchez soinu ingeniariarekin, Elkar estudioan.
Doinu tradizionaletan oinarrituak dira diskoa osatzen duten hamahiru piezetatik bederatzi, hitzik gabe eta modu libre eta inprobisatuan interpretatuak: Eguntto bat, Bentatik bentara, Gure aita, Santibatek, Preguntatxo bat… Beste bi pieza —Gora Errepublika 1 eta Gora Errepublika 2—Martinezek sortuak dira, baina zortzikoaren erritmo tradizionalean eraikiak; gainerako biak Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta Xabier Leteren Habanera dira, horiek ere hitzik gabe eta inprobisazioari lekua emanez grabatuak. Martxa baten lehen notak eta Habanera«kasualitatez» sartu dira Igelaren Bandaren errepertorioan, baina, Martinezen ustez, oso ondo uztartzen dira taldeko kideek musikari buruz duten pentsamoldearekin.
Diskoaren izenburua, Preguntatxo bat, Arantzazurako erromesaldietan kantatu ohi zen kopla bateko hitzetan dago oinarrituta; baina taldeak musika ulertzeko eta egiteko duen modua islatzen duelako aukeratu dute izenburu hori. «Kantu bat jotzen hasten garen bakoitzean, preguntatxo bat egiten diogu guk geure buruari», azaldu du Martinezek. «Geure buruari galdetzen diogu ea nola gauden, pozik edo triste gauden, etakantu hori nora eramango dugun. Inprobisazioa hasterakoan, beti preguntatxo bat egin behar diogu geure buruari».
Hainbat emanaldi iragarri dituzte Igelaren Bandako hiru musikariek hurrengo hilabeteetarako: apirilaren 5ean, Gasteizko San Prudentzio kaleko Elkar liburu dendako aretoan ariko dira; maiatzaren 23an, Bilboko Kafe Antzokian, BERRIAren aldeko jaialdian; eta ekainaren 15ean, Deustuko Gau Zurian.
Tradizioa, askatasun eremuan
Igelaren Banda 'Preguntatxo bat' diskoarekin itzuli da, herri doinuak eta inprobisazioa uztartuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu