Tradizio bi elkarrekin biraka

Euskal Herrian bira bat egiten ari dira Kaliforniako Noka taldea eta Mikel Markez, elkarrekin ondutako 'Bi ahizpak' diskoa aurkeztuz.Garindainen eta Etxanon ariko dira hilaren 14an eta 16an

2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herritik AEBetara bidaiatu dute uda honetan lagun ugarik; Boisera joan dira Euskal Jaialdira. Ipar Amerikako euskal diasporako lagun asko ere bildu dira Idahoko hiriburura, festaz gozatzera. Andrea Bidart, Begoña Echeverria eta Cathy Petrissans Noka taldeko kideek, berriz, Euskal Herrira etorri dira Chinotik (Kalifornia, AEB). Mikel Markezekin batera ondutako Bi ahizpak diskoa aurkezten ari dira egunotan, bira batekin. Elizondon (Nafarroa) izan ziren barikuan Erramun Martikorenarekin batera. Azken kontzertuak emango dituzte datorren astean: hilaren 14ean, Garindainen (Zuberoa), eta, 16an, Etxanon (Bizkaia).

Markezek azaldu duenez, bi tradizio uztartzen ditu diskoak: estatubatuarra eta euskalduna. Euskal errepertorio tradizionaletik eragin handia du, baina amerikar doinuetatik ere edaten du zenbaitetan. Esaterako, Johnny Cashen musikatik. Tradizio biak uztartu dituzte, hango doinuei hemengo hitzak gehituz, eta, zenbaitetan, ingelesezko hitzak euskarazkoekin tartekatuz. Hala, diskoa «euskal amerikar soup bat» bilakatu dela dio Markezek. Besteak beste, musika jarri diote Pierre Topet Etxahun kantariaren musikatu gabeko testu bati. Bi ahizpen arteko elkarrizketa umoretsua jasotzen dutestuak, eta diskoari izenburu eman dio.

Etxahunek idatzitako kanta da diskoan nokako hizkera erabiltzen ez duen bakanetakoa: «Oro har, esan genezake diskoko kantek ezaugarri komun bat dutela:nokako hizkeraren erabilera. Esaterako, bada diskoan [Arnaut] Oihenartek XVI. mendean idatzitako testu bat, non noka ageri den, eta taldeko Begoña Etxeberriak idatzitako hitzetan ere ageri da», azaldu du Markezek. Hain zuzen ere, nokako hizkera erabiltzearen alde egiten dute Bidartek, Etxeberriak eta Petrissansek: «Idazten dugunean, normalean, saiatzen gara noka erabiltzen gure kantuetan, eta, batzuetan, testu zaharrak hartzen ditugunean, bihurtzen ditugu nokara», azaldu du Bidartek.

Kaliforniako Laguna Beach-en grabatu zituzten ahotsak iazko abenduan, eta pista horiek guztiak Euskal Herrian landu zituen Markezek. Hark egin ditu diskoaren ekoizpena eta kanten musika moldaketak. Besteak beste, Arkaitz Miner (gitarra, mandolina eta biolina), Amaiur Cajaraville (baxu elektrikoa), Ixak Arruti (gitarra), Josu Arrizabalaga Izer (trikitia) eta Eneko Sierra (saxofoia) musikariek hartu dute diskoaren grabazioan.

Bueltako bidaia

Bi ahizpak batera grabatutako lehen diskoa duten arren, eta Euskal Herrian batera aritzen diren lehen aldia bada ere, aurretik ere elkarrekin aritu izan dira Noka eta Mikel Markez. Hain zuzen ere, kolaborazio horietatik sortu dira diskoa eta bira. Esan daiteke, nolabait, musikarientzat bueltako bidaia izan dela. Izan ere, AEBetan bira bat egin zuten batera iaz. Kontzertu artean izandako denbora librean ondu zituzten diskoko kantuetako gehienak. «Beraiek aspaldi zituzten hitz batzuk musikatzeko, eta bazituzten ideia batzuk. Pixka bat landu genituen, eta ikusi genuen egin zitekeela lan grabatu bat», azaldu du Markezek.

Dagoeneko lau kontzertu eman dituzte Euskal Herrian, eta oso pozik daude izandako harrerarekin. Donostiako San Telmo museoan egin zuten lehena, Musika Hamabostaldiaren programazioaren barnean. Han eta Arespalditzan (Araba) emandako kontzertuan —hura ere Musika Hamabostaldiaren barruan—, Xabier Euzkitze izan zuten lagun, aurkezle lanak egiten eta bertsotan. Herenegun, berriz, Erramun Martikorenarekin aritu ziren Elizondon (Nafarroan). Etxanon ere, izango dute lagun Martikorena.

Erramun Martikorenak eta Mikel Markezek AEBetan bira bat egiten ari zirela ezagutu zituzten Nokako kideak, 2011n. «Aurretik bagenuen elkarren berri, eta besteen lanaren berri, baina pertsonalki ezagutu genuen Erramunek eta Biok Chinoko Euskal Etxean emandako kontzertu batean. Berehala ikusi genuen oso feeling ona genuela», nabarmendu du Markezek.

2013an, Markezek Bidart gonbidatu zuen Indar bat dabil hor diskoko kantu batean kolaboratzera. «Andrea urtero etortzen da Euskal Herrira, eta diskoaren grabazioarekin bat egin zuen bere bidaia urte hartan. Orduan sortu zen 2014an AEBetan batera bira bat egiteko ideia». Gauza batek bestera eraman zituen, eta horrek hurrengora. Oraindik ez dakite nora eramango dituen aurtengo kolaborazioak, baina aurrerantzean ere kolaboratzeko asmoa dute. «Mikelekin kolaboratzea aski ongi izan da; nahiko genuke harekin kolaboratzen jarraitzea». Hain zuzen ere, AEBetan diskoa aurkezteko bira bat egiteko asmoa dute, nahiz eta oraindik ez duten datarik zehaztu. Markezekin ez ezik, beste euskal musikari batzuekin ere kolaboratzea «interesgarria» litekeela uste dute.

Talde moduan, Euskal Herrianbigarren aldia dute Nokako taldekoek —2010ean bira bat egin zuten—, nahiz eta, 2008an taldekideetako bik, Bidartek eta Echeverriak, bira bat egin zuten Euskal Herrian zehar. Aurretik elkar ezagutu eta elkarrekin kantatzen zuten arren, 1996an sortu zuten Noka taldea Bidartek, Echeverriak eta Petrissansek. Euskal jatorrikoak hirurak, taldea sortu aurretik euskal kantak kantatzen zituzten Chinoko Euskal Giroa emakume enssenblean.

Mikel Markezekin batera ondutako Bi ahizpak diskoa Nokak argitara eman duen hirugarrena da. Noka (1997)eta Nokatu (2004) dira taldearen lehendabiziko bi diskoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.