Literatura

Toureren momentu latzenak irudikatu ditu Jon Arretxek bere nobela berrian

Bartzelonan girotu du idazleak 'Zenbaki gorriak', Toureren sagako 11. eleberria. Protagonista kale gorrian bizi da, Raval auzoan, eta «bizirautea» du helburu.

Gaur aurkeztu du Jon Arretxek 'Zenbaki gorriak' eleberria, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Gaur aurkeztu du Jon Arretxek 'Zenbaki gorriak' eleberria, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko azaroaren 28a
14:35
Entzun

Hamaika abentura bizi izan ditu Toure detektibeak Jon Arretxek idatzitako lerroetan. 2012an kaleratu zuen idazleak Toureren lehen eleberria, eta, harrezkeroztik, beste hamar idatzi ditu. Erein argitaletxearen eskutik, 11.a kaleratu du orain: Zenbaki gorriak. Protagonistaren «momentu gogorrenak» irudikatu ditu Arretxek eleberri berrian. Aurreko liburuan Las Palmasen egon ondoren, Bartzelonara egin du bidaia orain Tourek, Raval auzora zehazki. «Pil-pilean dagoen saga da Tourerena», adierazi du Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak, eta hori bera, besteak beste, liburuen eta telebistako telesailaren arrakastarekin lotu du.

Eleberria non girotuko duen erabakitzen duenean, hara joaten da Arretxe, inspirazio eta pertsonaia bila. Horrela, Bordelen, Las Palmasen eta Parisen egona da aurrez, eta orain, Bartzelonako Raval auzora joan behar izan du. «Bartzelona ezezaguna aurkezten digu Jonek liburuan», esan du Mujikak. Hiru egonaldi egin ditu idazleak Bartzelonan, eta bertako kaleetan ikusitako momentu, leku eta pertsonak liburuan txertatzea erabaki du. Mujikak azaldu du taldeko aktoreak oso sinesgarriak izaten direla Arretxeren eleberrietan, eta horri zorrotz erantzun dio idazleak: «Sinesgarriak dira benetako pertsonak direlako. Raval auzoan egon nintzenean, hainbat pertsona ezagutu edo ikusi nituen, eta haiek eleberrian sartzea erabaki nuen, beste hainbat liburutan egin dudan moduan. Betiere beste izen batekin, noizbait horrekin arazoak izan nituen eta».

Musker amarruak eleberriak bildu zituen Tourek Kanaria uharteetan bizitakoak, sagako hamargarrenak. Arretxe: «Las Palmasen zegoela, Tourek duda asko izan zituen. Afrikan daude Kanaria uharteak, eta, beraz, haren etxetik gertu [Burkina Faso]. Horregatik, etxera itzultzeko gogoa piztu zitzaion, baina, azkenean, familiak gorroto zuela ikusita eta haren etxea galdu egin zuela, Bartzelonara mugitu zen, itsasontzi batean». Herrialde Katalanetara iritsi, eta kale gorrian dago Toure: Bartzelonako Rambletako banku batean egiten du lo. «Momentu oso txarretan egon da Toure zenbait eleberritan. Momentu onak ere izan ditu: Parisen egon zenean adibidez, dirua bazuen eta. Baina Las Palmasen beherakada handia eman zuen, eta orain, Bartzelonan, oso eskas dago. Bakarrik dago, ez dauka Bilboko San Frantzisko auzoan zuen lagun taldea, adibidez».

«Madrilen zegoela, neonazi talde batek eraso zion Malcolmi [Toure interpretatzen duen aktorea], eta hori kontatu zidanean konturatu nintzen banuela eleberri berria hasteko abiapuntu bat»

JON ARRETXEIdazlea

Toureren egoera hain txarra da, ezen lapurtzen hasten baita, baina hori ere gaizki aterako zaio. Hortaz, gosea asetzeko, bertako elkarteek eskaintzen duten janaria hartuko du, ilara luzeak eginda. «Han egon nintzenean, ilara asko ikusi nituen, denak janaria behar zuten jendez osatuak», azaldu du Arretxek. «Horregatik, liburu hau zerbitzu horiek eskaintzen dituzten elkarteentzako omenaldi txiki bat ere bada».

Eleberriaren lehenengo kapitulua Toure detektibea telesailean protagonistaren rola jokatzen duen Malcolm Treviño-Sitte aktoreari gertatutako bizipen batean oinarritua dago. Arretxe: «Madrilen zegoela, neonazi talde batek eraso zion Malcolmi, eta hori kontatu zidanean konturatu nintzen banuela eleberri berria hasteko abiapuntu bat. Informatu nintzen ea Bartzelonan ere horrelako taldeak badauden, eta baieztatu nuenean, horrela hasi nintzen». Liburuaren hasieran kontatuko du neonazi talde batek Toure sastatuko duela, eta gainerako istorioa gertakizun horren baldintzapean garatuko da. «Lur jota ikus dezakegu Toure lan berri honetan, eta argi dago bere helburua bizirautea dela», adierazi du Mujikak. 

Toure telebistan

Telesaila atera zenetik argitaratutako lehendabiziko eleberria da Zenbaki gorriak. Ikus-entzunezko lana otsailaren 1ean estreinatu zuten, Primeran plataforman, eta ondoren ETB eta RTVE telebista kateetan eman dute. Arretxe: «Lagungarria da idazleontzat gure eleberrietatik telesailak ateratzea». Idazleak aitortu du ez duela inongo presiorik eduki azken eleberria idaztean, telesaila abian egon den arren. «Idazten ari naizenean, ez dut telesailean pentsatzen». Arretxek adierazi du «arrakasta handia» lortu duela telesailak, bereziki Euskal Herrian: «Esan didatenez, normalki telebistako programek %5eko ikusle kuota edo audientzia izan ohi dute, eta Tourerekin %20koa ere lortu dute».

Horrez gain, idazleak azaldu du normalki liburuetatik ateratako telesailek istorio ia osoa aldatzen dutela, eta eleberria oinarri txiki bat izaten dela soilik. Ordea, bere kasuari dagokionez, esan du telesailerako zenbait gauza aldatu dituztela, baina, orobat, beste hainbat mantentzeko apustua ere egin dutela: «Pertsonaia asko mantendu dituzte, hala nola Kristina, Ousmane eta Siab. Gainera, bakoitzaren rola errespetatu dute». Arretxek gehitu du Treviño-Sitte Toure irudikatzeko aktore perfektua dela, eleberrian «pixka bat handiagoa» den arren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.