Toumani Diabete Afrikako kora jotzailerik entzutetsuena zendu da, giltzurrunetako gaixotasunak eraginda, 58 urterekin. Maliko musika tradizionaleko piezak sortu ditu, eta griota —Afrika mendebaldeko ahozko tradizioko istorioak belaunaldiz belaunaldi transmititzen dituen kontalaria— ere izan da. Nazioarteko onespena lortu du bere musikak, eta kultura arteko hainbat proiektutan parte hartu zuen, flamenko, blues, jazz eta nazioarteko beste estilo batzuetako musikariekin; horien artean dira, Damon Albarn abeslari ingelesa, Bjork abeslari islandiarra, Taj Mahal gitarrista estatubatuarra eta Herbie Hancock jazz musikari estatubatuarra.
Hamazazpi disko kaleratu ditu 34 urteko ibilbide musikalean. Songhai (1988) Ketama taldearekin eta Danny Thompson baxu jotzaile ingelesarekin grabatu zuen diskoa da horietako bat —2017an Donostian taularatu zuten egitasmoa—. Baita New Ancient Strings (1999), In the Heart of the Moon (2005), Boulevard de l’independance (2006) eta Toumani & Sidiki (2014) diskoak ere. Azken hori, semearekin grabatutakoa da. Diabate familiakoek odolean daramatzate koraren doinuak; izan ere, hilberri den musikariak aitarengandik ikasi zuen Afrikako herrialdeetako instrumentu tradizionala jotzen.