Kritika. Artea

Totalitarismoa(k) hizpide

'Memoriaren basoak' erakusketako irudi bat. JON URBE / FOKU
'Memoriaren basoak' erakusketako irudi bat. JON URBE / FOKU
2025eko apirilaren 15a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

MEMORIAREN BASOAK

Iraganera bota du begirada San Telmo museoak urte honetan areto nagusian aurkeztu duen lehen erakusketan. Mabel Tapia Madrileko Reina Sofia museoko zuzendariordea izandakoak eta Mira Bernabeu artistak elkarlanean komisariatu duten mostra da Memoriaren Basoak izenekoa; haien hitzetan, estatu totalitarioek, eta bereziki frankismoak, gizartean utzitako oinordekotza edo memoria aztertzea xede duen proiektua.

Gerra Zibilaren eta frankismoaren baitako gertakarien eta hark utzitako memoria-trazu, bizipen-arrasto, eta gauzatze-marken arkeologiak eta berrirakurketak egin dituzten hainbat erakusketa-proposamen izan dira azken urteetan. Eta zer ikusia izango du seguruenik une honetan, hain zuzen, gertakari haiekiko bizpahiru belaunaldiko tartea egonik, garai haiek edesteko beharrezko adina tarte edo distantzia izateak, baina era berean, baita hura gorputzean pairatu zutenen ahotsak behin betiko itzaltzen doazen garaia ere izateak. Memoriak berridazteko beharra eta oroitzapenen galera-arriskuaren arteko bidegurutzean-edo gaude. 

Ezinbestean datorkit burura, adibidez, 2018an Leongo MUSACen aurkeztutako Cómo vivir con la memoria. Actitudes artísticas ante arquitectura y franquismo izeneko erakusketa, frankismoaren totalitarismoaren baitan eraikitako arkitekturen inguruko berrinterpretazioak proposatzen zituena. Eta baita, geografikoki gertuago dugun Donostiako Cristinaenean, urte hartan bertan aurkeztutako Uraren memoriak. I. Pausuak izeneko proiektua ere; kasu honetan ura aitzakiatzat hartuaz —zentzu metaforiko zein fisikoaren hibridazio batean—, XX. mendeko 30. eta 40. hamarkadetara begiratu zuena. Eta ezinbestean datozkit biak ala biak burura, nahita edo nahi gabean, ez soilik komisarioek San Telmoko erakusketa honetarako planteatutako ildoekiko hurbiltasunagatik, baizik eta baita artisten eta proiektuen aukeraketak ere aurreko erakusketetan aurkeztu zirenen oihartzun zuzena dutelako —kasuren batean, berdinak izateraino iritsiz—.

Hori horrela izanik, erakusketan zehar halako errepikapen edo déjà vu sentsazioa izan nuen zenbaitetan, hasiera esperantzagarria izan arren Anna Lopez-Lunaren Familia-artxiboa ikus-entzunezkoaren bidez. Literalki terrorismoaren ondorio zuzenak irudikatzen dira artistak amonari egindako elkarrizketa saiakeran: hezurretarainoko beldurra; eta isiltasuna. Seguruenik etxean ikasitako eta ezin hobeto barneratutako defentsa-estrategia. Hemen, hainbeste urte atzera egin gabe, belaunaldi gazteagook ere ikasitakoa.

Lehen espazio hau igaro ostean, ordea, betekada sentsazioa dator; gauza asko; gauza gehiegi daudenaren sentsazioa, eta begirada galdu egiten da guztien artean ikus-ardatzen faltan. Instalazioan Bernabeuren eskua antzematen da, hainbat proiektu horizontalean bata bestearen gainean ipintzeko joeran horma guztia hartuaz eta beteaz. Eta hala, adibidez, goialdean dagoen Alan Carrascoren En ese claroscuro proiektutik zenbakiak soilik identifikatzen dira, eta ondorioz, hura zer den ulertzeko horman ipinitako argibide-testua irakurtzea besterik ez da gelditzen. Tapiaren eskua berriz, artxiboen gehitzean antzematen da. Eta bien joeren baturaren ondorioz, erakusketa objektu txikien konpilazio gisara hautematen da; bertan landu nahi den tesia azpigaietan edo ildo ezberdinetan artikulatzeko ere izenburu edo testurik gabe, nahas-mahas irudipena sortuz. 

Erakusketaren berritasuna, frankismoari erreferentzia egiten dieten zenbait proiekturekin batera beste herrialde batzuetako totalitarismoak elkarrizketan jartzeko nahian egon liteke. Baina sortzen den elkarrizketa nahiko anekdotikoa eta asimetrikoa gelditzen da, frankismoari buruzko proiektu andanaren aurrean gutxi batzuk soilik baitira latinoamerikarrak eta bakarra italiar faxismoari buruzkoa. Eta are gehiago kontuan izanik frankismoari buruzko berrirakurketa gehienak ondorengo belaunaldietatik egindakoak direla —Lazkaoko beneditarren artxiboaren zati baten aurkezpena izan ezik—; eta aldiz, Latinoamerikako kasuen artean, Tucumán Arde eta C.A.D.A. aurkezten direla; biak ala biak, errepresio garaian artistek burututako erresistentzia ekintzak. Bisitaria pentsatzera daramalarik frankismoaren baitan Estatuan artistek inolako erresistentzia-egoerarik garatu ez zutela. 

Hori bai, hasiera bezala amaiera ere dotorea du bederen erakusketak Txuspo Poyoren Expediente: Túnel de la Engaña lan ezagunarekin; ezaguna bada ere, ikuslea behin eta berriz harrapatzen duen elefantearen konpainian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.