Kristin Asbjornsen, Dee Dee Bridgewater, Bugge'n'Friends, L'Orchestre d'Hommes Orchestre eta Iñaki Salvador & Maciej Fortunaren emanaldiak ikusteko aukera izango da gaur, Donostiako Jazzaldiaren azken eguneko egitarauaren barruan. Horrez gain, Errai suntsituen memoria inprobisazio libreko emanaldia egingo dute Aitor Furundarena akordeoi jotzaileak eta Pascal Battus musikari esperimentalak, 23:00etan, San Telmo museoko Skoda gunean.
Nondik dator emanaldi horren ideia?
Jazzaldiko zuzendariak deitu zidan, beste musikari batekin batera kontzertu bat eman nezala eskatzeko. Horretarako, bi oinarri eman zizkidan: inprobisazioa eta esperimentazioa. Hortik abiatuz, alderdi musikala zein izango zen definitzeari ekin, eta elektroakustikan pentsatu nuen. Izan ere, ohiko musikatik gehien aldentzen den estiloa dela iruditzen zait. Gerora, Pascal Battus musikariarengan pentsatu, eta asmoa azaldu nion. Alderdi musikala finkatuta, gai extramusikalean pentsatu genuen. Izan ere, beste oinarririk ezean, kontzertu inprobisatuak abstraktuak dira entzulearentzat. Torturaren gaian pentsatu genuen, egin beharrekoarekin bat zetorrela ikusi baikenuen, eta biok sentsibilizatzen gaituen gaia da, gainera.
Gai hori nola aukeratu zenuten?
Halako saioak oso egokiak iruditzen zaizkit gai batean oinarritzeko; musikarekin zerikusirik ez duen gai batean, ahal bada. Aukera askoren artean, tortura aukeratu nuen. Pascali komentatu, eta ideia ona iruditu zitzaion. Gai horrek, gainera, emanaldirako dudan erronka gauzatzeko aukera ematen du. Hau da, emanaldian oso fidel azaldu nahi dut neure barruarekin; neure barrua askatu nahi dut, eta inprobisazio, esperimentazio eta gai horrek bide ematen diote horri. Bestalde, leku guztietan dago torturaren gaia oso presente, baina tabuak dira halako gaiak. Horrek kalte handia egiten du, eta normal atera beharreko gaia dela iruditzen zait. Musikariok ere badugu horretan zer egin.
Emanaldirako, Wislawa Szymborska, Mario Benedetti, Aitor Esnaola eta Joxemari Karrereren testuak aukeratu dituzue. Zergatik autore horiek?
Ez ditut erabat esplizituak diren testuak bildu izan nahi, musika eta soinu hausnarketa bat egin nahi dugulako, eta testu horiek atmosfera horretatik atera gaitzaketelako ustea dut. Poesia, berriz, musika bezain iradokitzailea da; ez ditu gauzak espresuki azaltzen. Eta horregatik nahi izan dut poesian oinarritu. Benedetti eta Szymborskaren testuak hasieratik aukeratu genituen; bi pertsona handi dira. Karrereren testua oso ona da atmosfera horretan kokatzeko; Esnaola lagun dut, eta lagun batek egindako tortura kontakizunak oso gertuko sentitzen dira.
«Musika eta soinuen unibertsoa guztiz egokia da torturak sortutako sentimendu leherketa azaleratzeko», azaldu duzunez.
Musikak eta poesiak testu zehatzek baino alde irrazional handiagoa biltzen dute, eta sentimenduak azaltzeko askoz ere egokiagoak dira. Gure musikaren kasuan, akordeoia eta elektroakustika batu ditugu; elektroakustika doinuetara ez gaude ohituta; abstraktua egiten zaigu, eta instintuari bide irekitzen dio horrek.
Inprobisazio bidez gauzatuko duzue emanaldia. Baina baduzue ezer finkatua?
Bi pertsonek eginiko emanaldi inprobisatuetan oreka bat behar da; beharrezko zaizkit kode minimo baina zehatz batzuk non gauden jakiteko; ez naiz emanaldia guztiz zabalik uztearen oso aldeko. Baina %95etik gora inprobisazioa izango da.
Jazzaldian estreinatuko duzue emanaldia. Baduzue gehiagotan emateko asmorik?
Printzipioz, ez. Politak dira emanaldi bakarreko kontzertuak, esfortzu guztia horretara bideratzen baita. Gurearen kasuan, inprobisatua izanik, beste bat egongo balitz, ez litzateke horren inprobisatua izango.
Donostiako 49. Jazzaldia. Aitor Furundarena. Musikaria
«Torturarena normal atera beharreko gaia dela iruditzen zait»
Inprobisazioa eta esperimentazioa oinarri, 'Errai suntsituen memoria' torturari buruzko hausnarketa musikala egingo dute gaur Aitor Furundarena eta Pascal Battus musikariek Donostiako Jazzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu