Tortura bistaratu zuten egunak

'Oso latza izan da' kronika literarioa ondu du Xabier Mendigurenek. 1981eko otsailean Joxe Arregi atxilotu zutenetik torturaz hil zela frogatzeko argazkiak egin zizkioten arteko tartea berregin du

Xabier Mendiguren idazlea, atzo, Donostiako Parte Zaharrean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Memoria kolektiboan zintzilik geratu ziren hitzak dira: «Oso latza izan da». 1981eko otsaila hasieran esan zizkien Joxe Arregik Carabanchelgo espetxeko erizaindegian (Madril), hilzorian zela, alboan suertatu zitzaizkion hiru preso politikori. Handik egun gutxitara hil zen, jasandako tratu bortitzaren ondotik, eta lorratz sakona utzi zion horrek Xabier Mendigureni. Gehientsuenek bezala, ordea, 2009ra arte ez zuen jakin zenbait lagunek isilpeko plan bat egin zutela, lurperatu eta egun gutxira, Arregiren gorpua hilobitik jaso, hilkutxatik atera, eta argazkiak egiteko, begi bistan gera zedin gertatutakoaren neurria. Amagoia Gurrutxaga kazetariak eman zuen horren berri egunkari honetan, 28 urte geroago.

«Horrek eman zidan bidea», aitortu du Mendigurenek (Beasain, Gipuzkoa, 1964). Erreportajea irakurri zuenetik buruko zoko batean izan duela gordea pasadizo hura, harik eta udaberrian, ezustean, zerbait martxan jarri zitzaion arte. «Martxo bukaeran, Zizurkilgo eskolan [Gipuzkoa], bere umea jasotzen ikusi nuen Virginia Ameztoi, Bixente Ameztoiren alaba. Ondoan nuen emaztea; hasi nintzaion kontatzen, eta, ttak, hor ikusi nuen kontatzeko modua».

Zizurkilgoa zen Arregi ere, eta hango hilerriko deposituan haren gorpuari argazkiak ateratzen aritu zirenean artean egon ziren Bixente Ameztoi artista eta Juan Kruz Unzurrunzaga ETApm-ko kide ohia. Hiruko horri begira ondu du Oso latza izan da (Elkar) Mendigurenek. «Narrazio bat eraikitzeko, literaturan oso ondo funtzionatzen du pertsonaia ezberdinak elkarrekin jartzeak, eta Arregi, Ameztoi eta Unzurrunzaga oso izaera markatukoak ziren, zirkunstantzia oso diferenteak zeuzkatenak. Horrek eman zidan idazten hasteko ideia».

Kontatu duenez, ideia izan eta «berehala» jarri zen idazten. Idazten eta dokumentatzen, nahiz eta bigarren lanaren parte handi bat aurreratuta zeukan. Orain, aldiz, aipatutako lagunen ingurukoak elkarrizketatu ditu—aurkezpenean izan ziren horietako batzuk, atzo; Roberto Lertxundi politikari ohia eta Virginia Montenegro Ameztoiren alarguna, tartean—, baina, testigantza zuzenak bildu arren, argi utzi nahi izan du: «Ez dut fikzio bat idatzi, baina idazteko modua bada nobelista batena. Ez nuen saiakera bat, ez kazetaritza lan bat egin nahi. Fikziorik gabeko nobela bat da, Rodolfo Walshen eta Truman Capoteren estiloan. Kronika bat, baina modu literarioan idatzita».

Tragedia eta ukitu poetikoa

Estiloan bada gorabeherarik, dena den. Liburuak badu «hats poetiko bat» hasieran eta azkenetan —egileak bere burua txertatu du kontakizunaren amaieran—, baina tarteko gertakariak aletzeko «estilo estandarrago baten» alde egin du. Kontatzen direnak lazgarriak izanda, ez du ezkutatu liburuaren tonua «tragikoa» dela, baina Unzurrunzagaren eta Ameztoiren bizitzek umore ukitua ere erantsi diote testuari.

Aipatu du, halaber, zenbait gauza nahita utzi dituela liburutik kanpo, Arregiren heriotzatik gutxira gertatutako Antonio Tejeroren estatu-kolpe saiakera eta ETApm-ren eta ETAm-ren zatiketa, esate baterako. Kontatu nahi izan ditu, ordea, 1981eko otsailean gertatutako beste batzuk: Arregi atxilotu zuten egunean bertan, Juan Carlos Borboikoa eta Sofia Greziakoa Espainiako errege-erreginei ongietorria egin ziela Carlos Garaikoetxeak Gernikan (Bizkaia), eta juntetxera sartu, eta diskurtsoa irakurtzen hasi zenean, Herri Batasuneko batzarkideak Eusko gudariak kantatzen hasi zirela, ukabilak airean. Edo nola Arregirena gertatu baino astebete lehenago hil zuen ETAk Jose Maria Ryan Estrada, Lemoizko zentral nuklearreko eraikuntzen ingeniariburua.

«ETApm indarrean zen»

Garai hartako giro politikoaz aritzerakoan, egileak gogora ekarri du 1980ko hamarkadan «bira kontserbadore bat» hasi zela Mendebaldean, Euskal Herrira ere heldu zena. Haren ustez, «eskema politiko eta psikologiko bat» finkatu zen orduan Euskal Herrian, gutxienez hamar bat urte iraun zuena. «Herri Batasunaren munduan sortzen da sinesmen bat garaipena posible dela, gogorra dela, gauza itsusiak egin beharko direla, sufrituko dela, baina garaipena, edo halako zerbait, posible dela. Eta hori ez da gertakari politiko bat bakarrik; gizarte osoa blaitzen duen erresistentziako kultura bat sortzen du».

Esan du, halaber, behin ETApm deseginda ez duela uste Arregiri egindako argazkiak posible izango zirenik. «Argazkiak ateratzen aritu ziren batzuk, Unzurrunzaga kasurako, ETApm-ren ingurukoak ziren. Garai hartan ETApm oraindik indarrean zen eta militarrekin gaizki konpondu arren, bazuten sinesmen bat borroka beraren parte zirela. Hori erabat aldatzen da hilabete gutxira, eta ETApm-tik zetozenek onartu egiten dute nolabait trantsizio espainiarra, eta asko urruntzen dira».

Urtetxo batzuk ziren Mendigurenek ez zuela lanik argitaratzen, eta pozik azaldu da liburu berriarekin. Andrea Mantegnaren Kristo hila-ren zati bat erabili du azalerako, eta hark aurreratzen du lanaren beste ezaugarri bat: sinbolismo erlijiosoari egin dion lekua. «Nire formazioagatik, ezinbestez etorri zitzaidan gogora, eta ez dut ukatu nahi izan. Ez dut gehiegi azpimarratu, baina agertu, agertzen da». Garbi erakusten du lanaren azpitituluak ere: «Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.