Topaketen oihartzunetarako sei gordailu

Topaketen Memoria Artistikoa programaren 2024ko deialdian gailendutako sei proiektuen berri eman du Nafarroako Gobernuak. Bakoitzak 15.000 euro inguruko laguntza jasoko du lanak garatzeko, eta espero da emaitzak urte bukaerarako izatea ikusgai.

Iruñeko Topaketen memoria artistikorako 2024ko deialdiaren antolatzaile eta artista aukeratuak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iruñeko Topaketen memoria artistikorako 2024ko deialdiaren antolatzaile eta artista aukeratuak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko otsailaren 10a
16:30
Entzun

Abangoardiako artearen dardara urte bikoitietan ez ezik bakoitietan ere nabarmen senti dadila nahi dute Iruñeko Topaketetako antolatzaileek. Eta, besteak beste, horretarako balio die Topaketen Memoria Artistikoa programak. 2022an estreinakoz, eta 2024an bigarrenez, 1972an Iruñean izandako arte topaketetan inspiratutako programazioak antolatu baitituzte hiri berean —aurrerantzean ere bi urtean behin eginen dute—, eta egitarau horietan jorratutako gaien oihartzunak are eta zabalago heda daitezen dauka helburu memoriari loturiko deialdi horrek. Izan ere, hau da haren muina: hautagaiei eskatzen zaie biurteko erakustaldian izandako hausnarketan eta proposamen artistikoetan oinarritutako proiektuak sor ditzatela, zernahi arte diziplina baliatuta. Nafarroako Gobernuak eta Baluartek bultzatutako deialdia da, eta gaur aurkeztu dituzte 2024ko alditik hautatu diren proiektuak: sei gailendu dira.

Aurkezpenean zehaztu dutenez, guztira 90.000 euroko diru sail bat bideratuko dute artistentzat —BEZa ere erantsiko zaio kopuru horri—. Hautatuek irailaren 1era arteko epea dute lanak guztiz garatzeko, eta espero da emaitzak urte bukaeran izatea publikoarentzako ikusgai. Aurreratu duten informazioaren arabera, sei proiektuetako bakar batean erabiliko dute euskara.

Marina Lameiro eta Tania Hernandez Velasco: Todo lo que tiene nombre es / Nochi tlen quipia itoca ca / Izena duen guztia da

Marina Lameirok eta Tania Hernandez Velascok 2024ko Iruñeko Topaketetan izandako lau artista eta pentsalariren hitzak izan dituzte oinarri proiektu artistikorako: Blanca Solares, Gilles Lipovetsky, Marta Segarra eta Sara Ahmed. Eta, zehaztu dutenez, Apichatpong Weerasethakulek izaniko parte hartzea ere izan dute inspirazio. Zehazki, Lameirok eta Hernandez Velascok zinema instalazio baten proiektua aurkeztu dute, eta Coatlicue jainkosa mexikarraren eta Mariren enkontrua irudikatuko dute horretan. Sortzaileen hitzetan, narratiba horrek askotariko gaiez gogoetatzeko bidea emanen die: besteak beste, paisaiez, errituez, gailentzen diren errelatoez eta erresistentziarako adierazpide kulturalez. Irudiak 16 milimetroan filmatu dituzte, Nafarroan eta Mexikon.

Protocolectivo taldea: Plantar una voz

Iruñeko Protocolectivo taldearen Plantar una voz proiektuak erresonantziaren mugetan arakatzea du helburu nagusia. Lan horretan, kontaktuaren simulaziorako forma gisara ulertzen dute erresonantziaren muga, eta, kolektiboko kide German Ukarren esanetan, feedback fenomenoa ere bereziki dute intereseko, ondorioz. Hain zuzen, soinu igorlez eta uhinak itzularaziko dituzten ispiluz osatutako instalazio bat aurkeztuko dute artistek, gutxi-asko. Dioetenez, lanaren asmoa da bibrazioei, ahotsei, memoriari eta presentziari buruzko gogoetak bultzatzea. Deialdiko epaimahaiak nabarmendu du Pascal Quignard pentsalariaren oihartzunak antzeman daitezkeela proiektuan —Iruñeko Topaketetan izan zen 2024an—.

Elisa Arteta: magma

Elisa Artetak isiltasuna eta zentzumenen bidezko pertzepzioa jarri ditu erdigunean magma bere proiektuan. Artistak aspaldi ditu gaiok begiz joak —hain zuzen, ildo berean sortu zituen atzo arte Baluarteko Harresi aretoan ikusgai izan duen Estrategias para una transmutación obrako piezak—, eta, aldi honetarako, esperientzia artistikoek gorputzean eragin dezaketen dardarari erreparatu dio bereziki. Instalazio bat sortu du, «espazio bat, non bermatuko den baldintzak ahalik eta hoberenak izatea pertzepziorako», artistak esplikatu duenez. «Arteak norberaren buruaren transformaziorako daukan ahalmenari buruzkoa» da bistaratu nahi dituen beste gogoetetako bat.

Maria Castellanos Vicente: Ecosistema Biónico. Parentescos entre plantas, máquinas y humanos

Maria Castellanos Vicenteren proiektuak landareen, gizakien eta makinen arteko harremanak ditu ardatz, eta adimen artifiziala du laguntzaile. Izan ere, lorategi gisako bat eraikiko du, monitorizatua, eta asmoa da makinek eta landareek elkarrengandik ikasiko dutenari erreparatzea —preseski, artistak 2009tik du aztergai «landareen lengoaia»—. Epaimahaiak nabarmendu duenez, Castellanos Vicenteren proiektuak etorkizunera zuzendua du begirada, balioko baitu gerora hel litezkeen agertokiak eta balizko elkarbizitzak irudikatzeko.

Leire Ipas: Ceniza / Pixel

Errautsaren eta pixelaren alderaketa da Leire Ipas artistaren proiektuaren ardatzetako bat, baina, zehazki, hau du helburua: ikertzea baliabide digitalek nola lausotu dezaketen norbanakoen eta beren inguruen arteko muga. Edonola ere, Ipasek aurrez ere aitortua du bere susmoa: uste du egiazki ez dagoela halako mugarik bataren eta bestearen artean. Eta nolatan konparatu errautsa eta pixela? «Konnotazio oso diferenteak esleitu badizkiegu ere, biak dira partikula txiki-txikiz osatuak, eta bietan da ezinezkoa partikulak banaka aztertuz guztiek elkarrekin zer osatzen duten jakitea», esplikatu du Ipasek. Bideo instalazio batean bistaratuko ditu ikerketaren ondorioak.

Dyck Rekalde: Heterotopías

Karrikarako sortutako proiektua da Dyck Rekalderena. Zehazki, bi eskulturako instalazioa diseinatu du —portzelanazko arrautza formako pieza bat eta gres beltzeko zilindro bat dira—, haren hainbat kopia egin ditu, eta, hain zuzen, asmoa da piezak hiriko zenbait tokitan paratzea. Ez die inolako azalpenik erantsiko ondoan, eta, hala, artistak herritarren erreakzio zintzoak zein diren ikustea erdietsiko du, dioenez. Rekalderen asmoa da obra artistikoak erakusteko moduei buruzko gogoetak bultzatzea, eta, besteak beste, jolasaren bitartez auzitan jartzea eremu publikoaren eta pribatuaren arteko muga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.