Zinema

Tony Sopranoren azken agurra

James Gandolfini aktore estatubatuarra hil da 51 urterekin. The Sopranos telesaileko protagonista izan zen.

mikel lizarralde
2013ko ekainaren 20a
12:29
Entzun

Aktore batzuk pertsonaia jakin bati lotuak egoten dira beti. James Gandolfini horietako bat izan zen. Antzerkian egin zuen lan, zineman ere bai, baina telebistarako antzeztutako Tony Soprano mafiako kidearen rolak eman zion mundu mailako ospea. 1999tik 2007ra James Gandolfini Tony Soprano izan zen, eta nahi ala ez nahi, Tony Soprano izaten hil da. 51 urte besterik ez zituen Erroman zegoela bihotza gelditu zaionean.

Italiar jatorrikoa izanik eta gorpuzkera handikoa, krimenaren, gansterren eta mafiaren inguruko filmetan ondu zen The Sopranos-era iritsi baino lehen. Besteak beste A Stranger Among Us, True Romance, Money for Nothing, Get Shorty, The Juror, Night Falls on Manhattan eta Perdita Durangon —azken horretan Alex de la Iglesia bilbotarraren aginduetara— hartu zuen parte HBO telebista katearen deia jaso baino lehen. 

Baina ospea The Sopranos-en egindako lanak eman zion. Izan ere, zineman ohikoak izan diren gangsterrengandik alde eginez, Gandolfinik etxe barruko mafiako kide bat gorpuztu zuen. Psikiatrarengana joan eta edozeinek bezala, etxeko kontuei aurre egin behar duen pertsona bat.

Gandolfinik hirutan jaso zuen telebistako Emmy saria eta beste behin Urrezko Globoa. Denak Tony Sopranori esker. Baina nekatu zen eta telesaila amaitu ondoren antzerkira itzuli zen. Gerora hainbat filmetan parte hartu zuen (Zero Dark Thirty, The Incredible Burt Wonderstone), baina beti bigarren mailako roletan. Orain beste telesail bat zuen martxan HBO-rekin: Criminal Justice. Oraingoan, ordea, legearen bestaldera pasatu behar zuen abokatu izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.