Idoia Santamaria. Itzultzailea

«Tonuak funtzionatzen badu, istorioak funtzionatu ohi du»

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun

Batez ere poesia idatzi zuen Ingeborg Bachmannek, eta haren prosa euskaratzen lehena izan da Idoia Santamaria (Donostia, 1962). Paper izkina batean egindako zirriborrotzat zituen egileak Aldibereko-n jasotako ipuinak

 

Bachmann itzultzea bidaia bat izan dela esan duzu. Nolakoa?

Askotarikoa. Bost ipuin dira, edukiz zein formaz oso ezberdinak. Lehenengoan, adibidez, emakume batek zehar estiloan botatzen du dena. Formalki hori izan zen hasiera, eta Literatura Unibertsalerako lagina gertatzean, esan nuen: «Ene, non sartu naiz!». Erronka izan da, baina, aldi berean, ipuin guztietan bazen zerbait azpian oso ezaguna egiten zitzaidana: ipuin guztietako emakume protagonistek dute ezinegon oso ondo definitu gabe bat. Eta horrek, gezurra badirudi ere, lagundu egiten du, bai, tonua hartzen.

Hori izaten da zailena.

Hori izan dut liburuan obsesio nagusia: hizkuntzaren egokitasunaz harago, lortu nahi nuen emakume horietako bakoitzarentzat tonu egokia. Itzulpen denetan izaten da: tonuak funtzionatzen badu, istorioak funtzionatu ohi du. Hemen egoera asko ezagunak egiten zitzaizkidanez, errazago nabaritu dut tonua. Baina zuzentzaileen kontraste lana ere ezinbestekoa da.

Liburua nortasun eta hizkuntza talkaz betetako leku batetik idatzita dagoela nabarmendu duzu.

Batez ere azken ipuinean, liburu erdia den horretan, identitatearen eta hizkuntzaren erabilerari buruzko hainbat pasarte daude gaurkoak diruditenak. Agertzen dira Parisko 68a, Vietnamgo gerra, Aljeria, ekialdearen desegitea... Badira hainbat pertsonaia erdi apatrida geratzen direnak; kontzeptu monolitiko guztietatik kanpo. «Ni ez naiz austriarra, ez naiz frantsesa, zer naiz...» Alde horretatik oso interesgarria da.

Sariek balio dute lanak ikusgarri egiteko. Bereziki behar dute itzulitako literatur lanek?

Bai, itzulpenak oso gutxi irakurtzen dira, saldu oso gutxi behintzat. Badirudi euskaldun jendearen artean euskaraz sortutakoak errazago irakurtzen direla. Pena pixka batekin bizi dut hori. Dena dela, ez dakit ez ote dagoen lotuta irakurketak egun duen prentsa eskasarekin. Hastapenetan, itzulpen traketsagoak egin ziren, eta geratu da hortik ere. Ordutik sekulako bidea egin du, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.