Nazioarteko kantu lehiaketetan kontuan hartzeko data izan da Tolosako Abesbatzen Lehiaketa azken hamarkadetan. Duela 56 urte eman zioten hasiera, eta aurten 55. aldia izango da, 2020an ez baitzuten egin. Hamahiru herrialdetatik joango dira abesbatzak Tolosara (Gipuzkoa), baina aurten ez da euskal ordezkaririk izango. Urriaren 31n hasiko da jaialdia, eta azaroaren 3ra arte iraungo du.
Lehenengo hiru egunetan ganbera abesbatzak lehiatuko dira. Amaranthe (Belgika), Camerata Chamber Choir (Danimarka), De La Salle University Chorale (Filipinak), Sing Philippines Young Choir (Filipinak), Mikrokosmos (Frantzia), Cape Town Camerata (Hegoafrika), Manado Catholic Choir (Indonesia), Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School (Letonia), Bel Canto Choir Vilnus (Lituania), Storkyrkans Chamber Choir (Suedia) eta Suanplu Chorus (Thailandia) abesbatzak igoko dira oholtzara.
Ganbera abesbatzen lehenengo kontzertua urriaren azken egunean izango da, 19:30ean. Azaroaren 1ean, 16:00etan eta 19:30ean izango dira emanaldiak, eta azaroaren 2an, 16:00etan. Denak Tolosako Leidor antzokian izango dira.
Emakume-gizonez osaturiko abesbatzak dira parte hartuko duten guztiak. Bi modalitate bereizten dira ganbera abesbatzen lehiaren barnean: alde batetik, polifonia, eta bestetik, folklorea. Euskararen garrantzia nabarmendu nahi izaten du antolakuntzak urtero, eta aurten ere, atzerriko abesbatza batzuek euskarazko kantuak abestuko dituzte, hala nola Josu Elberdinen Gaur akelarre, edo Xabier Sarasolaren Neguan orbela.
Azaroaren 2an, 11:00etan, haur abesbatzen txanda izango da. Tygerberg Childrens Choir (Hegoafrika), The Resonanz Childrens Choir (Indonesia), World Visions Korea Childrens Choir (Hego Korea), Lielvarde Childrens Choir (Letonia), Kivi Childrens Choir (Lituania) eta The Dream Childrens Choir of Banlam Grand Theatre (Txina) haur abesbatzek emango dute larunbat goizeko emanaldia. Horrez gain, World Visions Korea Children Choir-ek lehiaketaren itxierako kontzertua emango du igandean, San Frantzisko elizan, 19:00etan.
Irabazlea, Europara
Lehiaketaren irabazleak igande goizean iragarriko dira. Horretarako, epaimahaiak bere gustukoena zein den erabaki beharko du. Josu Elberdin musikari eta konpositorea da zazpi pertsonek osatutako epaimahaiko euskal herritar bakarra. Harekin batera, Nicole Corti (Frantzia), Miguel Angel Garcia Cañamero (Valentzia, Herrialde Katalanak), Gary Graden (Suedia), Maria Guinand (Venezuela), Oleksii Shamrytskyi (Ukraina) eta Dario Tabbia (Italia) arituko dira epaile lanetan.
Urtero egiten den moduan, Tolosako Abesbatzen Lehiaketaren garaileak Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusian parte hartzeko txartela irabaziko du. Sariketa horretan Europako sei abesbatza lehiaketen garaileak aritzen dira. Tolosako garaileaz gain, Arezzoko (Italia), Debrecengo (Hungaria), Mariborreko (Eslovenia), Jurmalako (Letonia) eta Varnako (Bulgaria) irabazleak izango dira bertan. Bestalde, Tolosako Abesbatzen Lehiaketako antolatzaileek iragarri dute 2025eko Europako Saria Tolosan egingo dutela.