Tolosako 45. Abesbatza Lehiaketak formatu murriztua dakar aurten

Aurtengo aldiak ohi baino egun gutxiago iraungo du, baina haur abesbatzen lehiaketa berreskuratuko du

Finlandiako Dominante abesbatzak azaroaren 1ean bi emanaldi egingo ditu Tolosan, Leidor antzokian. LAURA MURTO.
Tolosa
2013ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Tolosako Abesbatza Lehiaketak hain kutuna duen haur abesbatzen lehiaketa berreskuratuko du aurten. Iaz, aurrekontuan murrizketak izan zituztela eta, egitarautik kendu zuten. Aurten, 45. aldian, berriz, haurrek osatutako zazpi abesbatza lehiatuko dira.

Txanponaren beste aldea da lehiaketak gutxiago iraungo duela. Iaz bost egun iraun zuen, eta aurten, berriz, hiru, hau da, azaroaren 1etik 3ra.

Guztira, bederatzi herrialdetako hamasei abesbatzak parte hartuko dute. Alemaniako, Txekiako, Espainiako, AEBetako, Estoniako, Finlandiako, Indonesiako, Errusiako eta Suediako taldek kantatuko dute Tolosako Leidor antzokian.

Ganbera Saila da aurtengo beste berritasun bat. Sail horren barruan, ahots mistoen abesbatzak zein gizonezkoek edo emakumezkoek osatutakoak batera lehiatuko dira.

Lehiaketa Tolosako Ekinbide Etxeak antolatzen du. Erakunde horretako zuzendari Elena Basagoitiak azaldu duenez, diru murrizketak behartuta, haur abesbatzen eta ahots taldeen parte hartzea txandakatzea adostu zuten iaz. Orduan, ahots taldeen txanda izan zen.

Ibai Iriarte Tolosako alkatea penaz mintzatu zen txapelketaren aurkezpenean; izan ere, urteetan babesle izan dute Kutxa (gaur egun, Kutxabank), eta haren diru laguntza galdu dute aurten. Iriartek nabarmendu zuenez, erreferentziazko lehiaketa bat da eta herriari onura ezin handiagoa egiten dio. «Tolosa munduan kokatzen du, eta mundua Tolosara ekartzen du», esan zuen. Halaber, euskal kantutegia eta euskara mundura zabaltzen ere laguntzen duela gogorarazi zuen. «Gure lehiaketan interpretatzen dituzten euskal kantuak errepertorioan sartzen dituzte eta mundu osoan eskaintzen dituzten kontzertuetan hizkuntza zabaltzen dute».

Aurtengo aldian lehiaketako lau kontzertu izango dira, denak Leidorren. Azaroaren 1ean, 16:00etan, polifonia saileko emanaldia izango da; eta, 19:30ean, folklore sailekoek kantatuko dute.

Azaroaren 2an, txapelketako beste bi saioak izango dira. 11:00etan, tolosarren artean arreta ezin hobea izan ohi duen haur abesbatzen lehiaketaren emanaldia entzun ahalko da. 18:00etan, folklore eta polifonia sailetako abesbatzen kantaldia izango da. Azken egunean, azaroaren 3an, 11:30ean, txapelketaren amaiera ekitaldia eta sari banaketa egingo dute.

Lehiaketaz kanpo, urriaren 19an, 20:00etan, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta, Abesbatzen Topaketa ospatuko dute. Oñatiko Ganbara Abesbatzak, Hondarribiko Xatz Eskifaiak eta Junkal Guerrero Langara abesbatza zuzendariak emanaldia eskainiko dute San Frantzisko elizan.

Horretaz gain, azaroaren 2an, Madrilgo Camerata Realeko 14 abeslariek kontzertu berezi bat eskainiko dute 19:30ean, Leidorren.

Andueza eta Epelde gogoan

Aurtengo ekitaldia amaitzeko, azaroaren 3an, 19:00etan, Joxelu Anduezaren eta Iñaki Epelderen omenezko In Memoriam emanaldia eskainiko du KEA ahots taldeak Topiceko auditoriumean. Andueza —Tolosako zinegotzia izandakoa eta hainbat proiekturen bultzatzailea— eta Epelde margolaria aurten hil dira. Bi tolosar horiek herriaren alde egindako lana goraipatu nahi dute omenaldi horrekin.

Modu berean, Miguel Arretxe ere gogoan izan zuten. Abesbatza Lehiaketaren bultzatzaileetako bat eta Topic Nazioarteko Txotxongiloaren Zentroaren sortzailea joan den astean hil zen. Euskal kulturari eta Tolosa herriari egin dien ekarpena eskertzeko, aurtengo edizioa haren omenez egitea merezi duela uste dute txapelketako antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.