Tolosa eta Donostia, munduko txotxongiloen hiriburu 2016 urtean

Euskal Herriko hautagaitza aukeratu dute Txinan egindako ekitaldian; Errusiako hautagaia garaitu du

Ibai Iriarte, Blanca Urgell, Aizpea Goenaga, Idoia Otegi, atzo, Chengdun Txinako hirian, izendapena jakin ostean. BERRIA / BERRIA.
Erredakzioa
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ofizial egin zuten atzo. Tolosak eta Donostiak hartuko dituzte 2016an Txotxongiloen Nazioarteko Elkarteak (UNIMA) lau urtetik behin antolatzen dituen Txotxongiloen Munduko Kongresua eta Jaialdia. Chengdunen (Txina) egiten ari dira aurtengo ekitaldia, eta han jakinarazi zuten, atzo, Euskal Herriko ordezkaritza izan dela hautatua. Aldeko 67 boto izan zituzten Donostiak eta Tolosak, aurkari izan zuten Ekaterimburgo Errusiako hiriak baino 29 boto gehiago.

Joan den astelehenean Chengdu hirira (Txina) bidaiatu zuen ordezkaritza bat arduratu da Euskal Herriko hautagaitzaren defentsa egiteaz. Han dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga, Donostia 2016ko proiektu-zuzendari Igor Otxoa, Tolosako alkate Ibai Iriarte eta TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroko zuzendari ondoko Idoia Otegi.

Erabakia jakin ondoren, ordezkaritza osatzen duten kideak oso pozik daudela adierazi zuten. Guztiek adierazi zuten 2016a «kulturaren festa handi bat» izango dela; izan ere, nazioarteko ekimen honek bat egingo baitu Donostiaren 2016ko Europako Kultur Hiriburutzarekin.

Astebeteko iraupena

Txotxongiloen Munduko Kongresua eta Jaialdia astebeteko iraupena duen ekitaldi bikoitza da. Munduko jaialdira herrialde askotako txotxongilo konpainia ugari joaten dira, eta euren obra esanguratsuenak aurkezteko baliatzen dute abagunea.

Aurten Unimaren 100 ordezkarik baino gehiagok hartu dute parte; guztira, 65 herrialdetatik baino gehiagotatik joandakoek; 101 konpainiak osatu dute munduko jaialdiaren egitarau zabal eta askotarikoa. Parte hartzea normalean baino txikiagoa izan da, «oraindik Txina txotxongilo jarduera gehien dagoen herrialdeetatik urrun nabaritzen delako», Igor Otxoak azaldu duenez.

2016ko aste horretan kontzentratuko da jardueraren parte nagusia, baina, horrez gain, Tolosa-Donostiak 2016ko ekitaldia baino urte batzuk lehenago, 2013an hasita, garatzen hasiko diren beste zenbait ekintza ere antolatuko ditu. Adibidez: Altzoko Handia txotxongiloen musika-ipuina, hondartzetan Surfrider Foundation Europekin batera jasotako hondakinekin txotxongiloak egitea, txotxongilo emanaldi bat ekoiztea euskal konpainia batekin eta beste poloniar batekin. eta 2016ko Europako Kultur Hiriburu izango diren bi hirietan, Wroclawen eta Donostian, estreinatzea.

Munduko kontinente guztietatik etorriko dira konpainiak. Jaialdiak berritasuna eta kalitatea hobetsiko ditu, eta helburu izango du konpainia gazte eta hasiberriei aukerak ematea, ideia berriak ekar ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.