Tinta arteko odol arrastoak

Euskal literatur tradizioa bortizkeria bila arakatu, eta 'Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia' ikuskizuna sortu dute Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak.

Josu Aurrekoetxea musikaria eta Unai Elorriaga idazlea, 'Odola kantari' emanaldian. BERRIA
Josu Aurrekoetxea musikaria eta Unai Elorriaga idazlea, 'Odola kantari' emanaldian. BERRIA
Inigo Astiz
2024ko apirilaren 25a
05:30
Entzun

Prentsa hobea du maitasunak, baina balantzan jarriz gero heriotzak haren antzeko pisua duela dio Unai Elorriaga idazleak. Euskal literatur tradizioa sakon arakatu, eta Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia ikuskizuna osatu du Josu Aurrekoetxea musikariarekin batera. Eta argia da haien tesia, Elorriagak azaldu duenez: «Poesian, baladetan eta bertsoetan jendeak uste du batez ere maitasunaz hitz egiten dela. Eta egin dugun bilketa lanarekin argi erakusten duguna da maitasuna baietz, baina heriotza eta bortizkeria eta odol asko dagoela poesian, baladagintzan eta bertsogintzan. Ez dut esango gehiena hori denik, baina portzentaje handi bat bai».

Erdi Arotik hasi eta gaur egundainokoak biltzen ditu emanaldiak. Hilketak, bortxa, gerrak, heriotza, kolpeak, sastatzeak... «Literaturak nahi ditu gure tripak mugitu», azaldu du Elorriagak, «eta edertasunarekin eta maitasunarekin mugitu ahal ditu tripak, baina heriotzarekin eta bortizkeriarekin ere bai. Eta ikuskizunean erakusten dugu bortizkeriaren gaia zelan errepikatu den euskal literaturan ere, lehen agerpenetatik hasita. Eta frogak ematen ditugu».

«Egin dugun bilketa lanarekin, argi erakusten dugu maitasuna baietz, baina heriotza eta bortizkeria eta odol asko dagoela tradizioan. Ez dut esango gehiena hori denik, baina portzentaje handi bat bai».

UNAI ELORRIAGAIdazlea

Kantuak, azalpenak, musika, irudiak eta testuak uztartzen ditu saioak, eta horregatik dio Elorriagak ez dela definitzeko erraza. Baina onartu du hitzaldi musikatu bat izan daitekeela funtsean. «Izan daiteke hitzaldi musikatu bat, bai, egituratuta dagoelako eta nik gidatzen dudalako nondik nora doan, baina gero poemak irakurtzen ditugu, eta bertsoak eta kantak ere kantatzen ditugu, eta musika ere badago».

Eta badago aurkikuntza bat ere.

Bertsogile ez hain anonimo bat

Saioan pisu handia hartzen baitute Lehen Karlistaldian sortutako Muñagorriren bertsoak deitutakoek. XIX. mendean idatzi, eta azkar zabaldu ziren, baina bizirik jarraitu dute gerora ere, Benito Lertxundik Hunkidura kuttunak II diskorako egindako moldaketari esker besteak beste. Ordea, ezezaguna izan da bertsoen egilea orain arte. Eta horixe da emanaldian aurkezten duten aurkikuntza.

«Gaur egun oso gizon ezaguna den baten birraititak sortu zituen 'Muñagorriren bertsoak'. Eta gizon oso ezagun hori ez da ezaguna Euskal Herrian bakarrik, munduan da ezaguna».

UNAI ELORRIAGAIdazlea

«Argitzen dugu Muñagorri nor zen, batetik, eta, batez ere, nork sortu zituen bertso horiek», azaldu du idazleak. «Muñagorri politikaria zen, enpresa gizona, eta ez zituen berak idatzi. Anonimotzat jo dira orain arte, hipotesiak hipotesi, baina jakin, inork ez daki. Ikerketa bat egin dugu, ordea, eta gaur egun oso gizon ezaguna den baten birraitita izan zela jakin dugu. Eta gizon oso ezagun hori ez da ezaguna Euskal Herrian bakarrik, munduan da ezaguna».

Eta nor da egilea, beraz? Barre Elorriagak. «Ezin dut esan, hori da emanaldiko amua!».

Hiru Truku taldekoen Isabelatxu abestia.

Gutxi gorabehera, ordena kronologikoan antolatu dute emanaldia. Erdi Arotik hasita. Eta Isabelatxu balada aurkezten dute tartean. «Oso-oso gogorra da», eman du abisua Elorriagak. «Portuan bizi den neska baten istorioa da. Iristen da barku bat, eta marinelak entzuten dituzte kantatzen. Gurasoek eskatzen diote Isabelatxuri portura joateko kanta ikastera. Baina marinelek lokartu egiten dute, sartzen dute itsasontzira, eta bahitu egiten dute, sexu esklabo izateko. Hori ikusita, bere buruaz beste egiten du neskak. Hor amaitu zitekeen, baina ez. Marinelek intsentsuarekin eta ereinotzarekin gorpua lurrundu, eta zazpi astean jarraitu zuten Isabelatxu erabiltzen».

1994an grabatu zuen kanta Hiru Truku taldeak, baina musika berria sortu diete orain bertsoei emanaldirako. «Doinu alai-alaia du Hiru Trukuren abestiak, eta jendeak kantatzen du konturatu gabe zer esaten duen. Ilundu egin dugu bertsioa guk, hori erakusteko».

Palestina eta Ukraina

Bertso berri batzuk ere idatzi ditu Elorriagak saiorako, eta horrekin bukatzen dute emanaldia. Idazleak dioenez, «indarkeria berriei» jarriak, «ze hori ez da amaitzen zoritxarrez». Horregatik, Palestinari zein Ukrainari egindako aipamenak ere izango ditu tartean.

Elorriagak berak ere maiz landu du bortizkeriaren gaia bere lanetan, eta 2014an argitaratutako Iazko hezurrak nobela (Susa) izan daiteke horren adibiderik argiena. Irene Arrias izeneko pertsonaiak gerrei, exekuzioei, atentatuei, sarraskiei eta abarri buruzko gogoetak harilkatzen zituen liburu hartan, eta ordukorako egindako ikerketa lana baliatu duela onartu du Elorriagak. Areago: emanaldiaren bultzadarekin, bortizkeriak literaturan utzitako lorratzari buruzko saiakera bat idazten hasi dela onartu du idazleak.

Gitarra ez ezik, hiru haize instrumentu ere badarabiltza Aurrekoetxeak zuzeneko emanaldia girotzeko: txirula irlandar bat, kabal kurdu bat eta harmonika. Loop pedal bat ere erabiltzen du, eta, Elorriagak azaldu duenez, kantak jotzeaz aparte, testua girotzeko musika ere sortzen ditu haiekin.

Zeberion (Bizkaia) egin zuten estreinaldia martxoan, KM0 jaialdian, eta geroztik hainbat saio egin dituzte. Ostiralean Zeanurin (Bizkaia) izango dira, eta maiatzaren 10ean Plentzian (Bizkaia). Lekeition ere (Bizkaia) egingo dute emanaldi bat, ekainaren 24an, eta gehiago ere egingo dituztela espero du Elorriagak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.