Zazpi herrialdetan oinarritutako zazpi kanta, hori da Tiktara zazpikotearen disko berriaren ardatza. Ubera kaleratu du musika taldeak, bere ibilbideko hirugarren lana. Ander Zulaika taldeko perkusio joleak azaldu du Latinoamerikako doinu eta erritmoak euskal musikarekin uztartu dituela Tiktarak sorreratik, 2011. urtetik, baina azken bilduman, musikaz gain, narratiba ere lurralde amerikarretara mugitu dutela. Diasporaren inguruan sorturiko diskoa da Ubera, eta milaka euskal herritarrek egindako migrazioaz hitz egiten du.
Lau urteko lan prozesua izan dela adierazi du Harkaitz Bastarrikak, taldeko gitarrista eta abeslariak: «2020an hasi genuen proiektu hau. Etxean sartuta hasi zen Ubera, hau da, migratzeko egoerarik okerrenean». Prozesu musikala baino lehen, ikerketa sakon bat egin zuten Bastarrikak eta Amaia Ureta taldekideek, Euskal Herria atzean utzi eta Latinoamerikara joan ziren hainbat pertsonaren istorioak aztertuz. «Hainbat euskal etxetara idatzi eta deitu genuen, eta haien aitona-amonen istorioak kontatzeko eskatu. Batzuek, Venezuelakoak adibidez, erantzun ziguten, eta beste batzuek ez», azaldu du Bastarrikak. Horrez gain, Latinoamerikako zenbait kontaktu bilatu zituzten. «EHUko Historia graduko zenbait jenderen laguntza jaso genuen ikerketa lanean. Adibidez, Gasteizen ikasi eta Argentinan egondako pertsona batek hainbat kontaktu lortu zizkigun han, eta, kontaktu horiei tiraka, informazio eta istorio asko bildu ditugu», esan du gitarristak.
«Hainbat euskal etxetara idatzi eta deitu genuen, eta haien aitona-amonen istorioak kontatzeko eskatu. Batzuek, Venezuelakoak adibidez, erantzun ziguten, eta beste batzuek ez». HARKAITZ BASTARRIKATiktara taldeko gitarrista
Brasilgo baiao musika estiloan oinarrituta dago Axuri preto lehen kanta. Brasilera joandako euskal herritar baten istorioa kontatzen du, eta baiaoarekin hasi bai, baina Axuri beltza-rekin amaitzen da. Bigarren kantak, Nire zai daudenei-k, Andeetako eragin musikala jaso du, albazo estiloko kanta da eta. «Albazoa Ekuadorko mendietako jai giroan jotzen den estilo bat da, egunsentian zehazki», azaldu du Bastarrikak. Hirugarren kanta, Bira, Uruguain oinarritua da, eta laugarrena, Amets galduen uhartea, Kuban. Bosgarren kantak Kolonbiako Medellin hiriko inguruak jorratzen ditu, hango bambuco bat interpretatuz eta banako batekin amaituz, eta seigarren kanta, Erruki izpien lua, Afrikatik Perura emigratu zuten pertsonek sortutako musikaz beteriko kanta da. La Platan barrena azken kantak, tangoaren bitartez, Argentinaren eta Uruguairen artean dagoen muga irudikatzen du, eta Zulaikak esan du hara iritsi ziren euskal herritarren «esklabotza istorioak» kontatzen dituela.
Ikerketa lana egitean Latinoamerikako kulturan euskal herritarrek izan zuten eragina bilatzen aritu direla azaldu du Bastarrikak: «Bilaketa horretan, antropologo baten hitzak aurkitu genituen, eta hark esaten zuen Kolonbiako bambucoak eta Euskal Herriko zortzikoak antz handia zutela. Bambucoa Antiokiatik dator, Kolonbia erdialdetik, eta han, gaur egun, herritarren %40ek euskal abizena daukate. Horregatik, euskaldunen eragina egon zitekeela uste genuen, baina gure ustez bambucoak eta zortzikoak ez dute zerikusirik».
Istorioen biltegia
Mendeak dira euskal herritarrak Latinoamerikara migratzen hasi zirela, eta horrek milaka istorio ekarri ditu Euskal Herrira. Besteak beste, Venezuelako euskal etxe bateko kide batengandik jasotako pasarte bat aipatu du Bastarrikak: «Haren aitonaren istorio bat jaso genuen. Futbolaria zen, eta gerrak migratzera behartu zuen, Euskal Herrian frankisten aurka borrokatzeagatik atxilotu baitzuten. Venezuelan espioi bilakatu zen, Eusko Jaurlaritzarentzat lanean, eta, horrez gain, Venezuelako futbol selekzioko lehen entrenatzailea izan zen. Pelikula bat egiteko moduko istorioa da, dudarik gabe». Beste hainbat lekukotasun jaso dituzte taldekideek, migratzaile askoren senideen bitartez. «Beste istorio bat aipatzearren, eskorgaren euskal herritarrarena, adibidez. Eskorga bat zuela Argentina hegoaldetik Boliviara oinez iritsi zen bat izan zen hura. Guztira 22.000 kilometro baino gehiago egin zituen eskorgarekin», adierazi du gitarristak.
Esklabotzan jarri du arreta Zulaikak: «Euskal herritar askok Argentina aldera migratu zuten, eta, hara iristean, bidaia ordaintzeko lan egitera behartzen zituzten, esklabo. Askotan, beste euskal herritar batzuk aritzen ziren esklabotza sistema horretan». Taldeko baxu joleak, Aritz Luzuriagak, gaur egungo migrazio mugimenduekin alderatu ditu bere taldekideak kontatutako istorioak, adieraziz gaur egun «alderantziz» jasotzen dugula migrazioa Euskal Herrian, baina funtsean berdina dela, hau da, bi kulturaren «nahasketa bat».
«Askotan, euskal herritarrak aritu ziren esklabotza sistema horretan». ANDER ZULAIKATiktara taldeko perkusio jolea
Maiatzaren 27an egongo dira abestiak eskuragai plataforma digitaletan, baina disko fisikoa kaleratu dute jada. Diskoa lortzeko taldearekin harremanetan jartzeko eskatu dute musikariek. Udari begira, zuzenekoak emateko proiektu berri batekin hasteko ideia dute taldekideek. «Egin dugun lan guztia oso zaila da musikarekin bakarrik azaltzeko. Horregatik, udan antzerkia, musika eta dantza uztartzeko ideia dugu, dena saio berean», esan du Bastarrikak.