Adinekoen gorabeherak, adimen artifiziala justiziaren parte izatea, IX. mendeko abadesa baten eta herriaren arteko kontuak... Denetarik izango da Donostiako 72. Zinemaldiko Made in Spain sailean. 21 film izango dira guztira, horietatik bi estreinaldiak: Joan Lopez Lloreten Tiempo de silencio y destrucción etaAlba Sotorraren Mucha mierda. Lehenak emango dio hasiera sailari, eta bigarrenak amaiera.
Luis Martin-Santos idazle eta psikiatraren bizitza du oinarri Lopez Lloretenfilm luzeak. Idazlea jaio zenetik ehun urte igaro dira, eta hirurogei auto istripu batean hil zenetik. Haren seme-alaben eskutik, Tiempo de silencio eleberriaren autorearen bizitza irudikatu dute. Horretarako, gerraosteko Espainiari buruz idatzi zituen testuez eta bestelako lan argitaragabeez baliatu dira.
Mucha mierda filmak, bestalde, 1975eko otsailean Espainiako aktoreek egindako greba du ardatz. Bederatzi egunez herrialdeko antzerki jarduera geldiaraztea lortu zuten aktore askok, astean egun bat libre izatearen alde. Juan Diego eta Ana Belen aktoreek parte hartu zuten greban, besteak beste, eta haiek dira, hain zuzen ere, saila itxiko duen filmeko narratzaileetako batzuk.
Estreinaldiez gain, beste film hauek ere izango dira sailean: As neves (Sonia Mendez), Casa en flames (Dani de la Orden), Dragonkeeper (Salvadors Simon, Li Jianping), El hombre bueno (David Trueba), Flores del cemento (Luismi Pantiga), Justicia artificial (Simon Casal), La abadesa (Antonio Chavarrias), La casa (Alex Montoya), Los pequeños amores (Celia Rico), Mamifera (Liliana Torres), Nina (Andrea Jaurrieta), Norberta (Sonia Escolano, Belen Lopez), Orgullo vieja (Chema Rodriguez), Reir, cantar, tal vez llorar (Marc Ferrer), Rock Bottom (Maria Trenor), Saturno (Daniel Tornero), Segundo premio (Isaki Lacuesta, Pol Rodriguez), Sueños y pan (Luis Muñoz) eta Volveréis (Jonas Trueba).