Nekez gainditzen da gertuko baten hutsunea; arrastorik txikiena ere nahikoa da aspaldiko oroitzapena biziberritzeko. Egoera horretan da Itziar Merino: duela zazpi urte desagertutako Laura ahizpari lotutako aztarna berri bat topatu du. Horiek horrela, Vazquez eta Asiain detektibeen agentziara joko du, 2017an jazotako bere ahizparen desagerpena iker dezaten. Hori da Alberto Ladron Aranaren (Iruñea, 1967) Dena eskaini nizun eleberriaren abiapuntua. Leire Asiain ikerlaria protagonista duen seigarren nobela beltza da, eta Elkar argitaletxearekin kaleratu du.
Eleberriaren atalak bi denbora lerrotan eraikitzen ditu Ladronek. Alde batetik, Laura Merinoren ihesaldia kontatzen du, 2017an kokatua. Izan ere, Merinok, senarraren tratu txarretatik libratu, eta sabelean isilpean daraman umekia babestu nahi du. Eta, bestetik, Asiain ikerlariaren oraineko gorabeherak ditu hizpide. «Konturatu nintzen kapituluak tartekatuz gero interes handiagoa ez ezik tentsio handiagoa ere sortzen dela», azaldu du idazleak. «Interesgarriagoa da, bai, baina baita teknikoki zailagoa ere», gehitu du Xabier Mendiguren editoreak. Hori horrela dela baieztatu du Ladronek, eta irakurleen jarrera zein izango den adierazi: «Modu horretan, zenbaitetan eleberriko pertsonaiak baino gehiago jakingo dute irakurleek, baina beste batzuetan, nahiko galduta ibiliko dira».
«Ez dago mamurik, baina nobelako zenbait pasartetan tentsioa muturreraino eraman nahi izan dut; horrek thriller poliziakoaren muga gainditzera eraman nau, eta beldurrezko generoan sartzera»
ALBERTO LADRON ARANAIdazlea
Ladronek, oharkabean, literatura genero ezberdinak nahastu ditu eleberrian, eta «barkamena» eskatu die irakurleei, nahasmena sortzeko arriskua dela eta; hala ere, esan du zeharkaldi hori «beharrezkoa» dela «tentsio dosi estra» hori bermatzeko. «Hau ez da beldurrezko nobela bat, ez dago mamurik, ezta naturaz gaindiko istoriorik ere, baina egia da nobelako zenbait pasartetan tentsioa muturreraino eraman nahi izan nuela; horrek thriller poliziakoaren muga gainditzera eraman ninduen, eta beldurrezko generoan sartzera». Dena den, ohiko irakurleek bere ohiko estiloa topatuko dutela nabarmendu du idazleak: erritmo azkarra, elkarrizketa biziak, umore ukituak, suspensea eta sorpresak, tartean.
2014an argitaratu zuen Leire Asiain detektibea protagonista zuen lehen nobela, Harriaren mezua (Elkar). Oraingoan ere haren munduarekin topo egingo du irakurleak. «Lankideak bertan izango dira, eta bereziki familia, protagonismo handia hartuko baitu». Nolanahi ere, kasu honetan Asiain «lasaiago» egongo dela azpimarratu du Ladronek, ikerlariak ez baitu izango aurreko lanetan besteko barne gatazkarik. Honela arrazoitu du erabakia idazleak: «Asiainek jasandako abusuak, anorexia kontuak, alkoholismoak... ez dute beste nobeletan bezainbesteko indarrik; izan ere, ohartu nintzen arazo horiekin ikerketa nagusitik desbideratzen nituela irakurleak. Orain irakurleek badute detektibearen berri, eta ez zitzaidan beharrezkoa iruditzen hori guztia errepikatzea».
Azalarekin, «pozik eta eskertuta»
Nobelaren azala «berritasun» modura aurkeztu du Ladronek; izan ere, idazlearen lan ia guztiek haren anaia Alexek egindako diseinuak izaten dituzte. Oraingoan, berriz, Lorea Uribe-Etxeberriak egin du azala, eta publikoki zoriondu nahi izan du eleberrigileak: «Ez du soilik diseinu polita eta deigarria egin, baizik eta, eta batez ere, oso ongi harrapatu du nobelaren giroa. Bertan agertzen diren objektuak ez dira izatez bereziak, baina nolabait, mehatxu aire bat sentitzen da giroan. Eta horixe bera jazotzen da nobelan».
Benetako krimenen zalea da Ladron, eta horietatik elikatu izan ohi da liburuak idazteko. «Adibidez, behin ikusi nuen Interneten nola jarri zituen norbaitek krimen bateko biktimaren arropa batzuk salgai. Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetan jazotako istorio batek ere zur eta lur utzi ninduen, emakume batek beste baten identitatea ostu baitzuen, eta hainbat urtez haren dokumentuekin bizi izan baitzen. Hemen ez da horrelakorik gertatzen, baina esan daiteke istorio horiekin kutsatu naizela».